Literatura

Agatha Christie, edo misterioaren magia

Agatha Christie idazle ingelesak ondo merezita dauka 'hilketaren erregina'-ren titulua. Haren istorioek misterio klasikoaren generoa ezaugarritu dute, eta aise berritzen dituzte irakurleak urteen joanarekin.

70etik gora nobela eta 30 ipuin bilduma idatzi zituen Agatha Christiek. BERRIA.
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Hercule Poirot, mundu zabalean ospe handia hartu duen detektibe belgikarra, Ingalaterran hil berria da. Ez zitzaion adina ezagutzen. [...] Haren heriotza ustekabeko albistea izan da, Christie andreak jakinarazia». Agatha Christieren pertsonaiarik ospetsuena, Hercule Poirot detektibe xelebrea, The New York Times egunkariko azalean agertu zen 1975eko abuztuaren 6an, Christieren Curtain nobela publikatu berritan. Fikziozko pertsonaia baten heriotzak benetako eskela bat bete zuen lehen aldia izan zen, eta horrek erakusten du, beste ezerk baino hobeto, noraino ailegatu zen Agatha Christieren lanen arrakasta eta pertsonaiaren beraren ospea. Poirotek idazle ibilbide osoa hartu zion Christieri, hasi publikatu zuen aurreneko nobelan —Styleseko afera misteriotsua (1920)— eta buka 1975eko Curtain-en, zeina Bigarren Mundu Gerraren garaian idatzi baitzuen, eta argitaratu gabe gorde, hil ondoan senar-alaben aseguru izan zedin. Ordurako, Christiek aspaldi aitortua zuen «jasanezina» egiten zitzaiola Poirot, baina, halere, azkenerako 33 nobela, bi antzezlan eta 50 ipuinetik gora eskaini zizkion bere pertsonaiarik ikonikoenari.

Zenbakiei erreparatzen hasita, superlatiboak metatzen zaizkio Agatha Christieri. Munduan liburu gehien saldu dituen nobelagilea da, eta hizkuntza gehienetan eman dutena; Guinness errekorren arabera, Biblia eta Shakespeare baino ez ditu aurretik. Guztira 70 nobelatik gora idatzi zituen, ia 30 ipuin bilduma, eta poesia eta antzerkia ere ugari. Haren Sagutegia antzezlana historiako antzerkirik iraunkorrena izan da, 1952an estreinatu zenetik ez baitzen karteletik kendu 2020ko martxora arte, COVID-19aren pandemiak behartuta. Euskaraz, gaur-gaurkoz, haren hamar nobela daude argitaratuak, Igela argitaletxearen urteetako lanari esker.

Hilketaren dama titulua irabazi zuen artean bizi zela, eta ez alferrik, haren nobelei zor baitzaizkie gaur egun detektibe literatura klasikoaren ezaugarri ia berezkotzat jotzen diren asko. Ingelesez whodunnit (Nor izan da?) esaten zaie era horretako nobelei, non helburu nagusia hilketa misteriotsuren baten puzzlea osatzea eta hiltzailea azaleratzea baita. Nobela beltzaren thriller kutsurik gabeak izaten dira, eta dedukzio logika eta pistak erabiltzen dituzte hilketa ebazteko. Christierenean, bestelako bereizgarri batzuk ere errepikatzen dira. Hilketak leku bakarturen batean gertatzen dira sarri askotan: uharte urrun bat, abioi bat, jauregi handios bat, martxan doan tren bat, bapore bat, herrixka bat... Pertsonaiak oso nabarmen estereotipatuak izaten dira, eta susmagarri talde itxi bat osatzen dute. Mozorroak eta nortasun nahasteak izaten dira, pozoiak, fortuna ezkutuak eta maiordomo serioak... Bukaeran, ikertzaileak susmagarri guztiak biltzen ditu, eta hiltzailea agerrarazten du, bere arrazoiketa esplikatuta. Christiek konbentzio horiek guztiak erabili zituen, baita gainazpikatu ere askotan; Eta ez zen alerik ere geratu nobela bikainean, esate baterako, ez dago detektiberik edo ikertzailerik, eta halere azken-azkenera arte luzatzen da misterioa.

Chrstiek bukaerako errebelazio horren arabera taxutzen zuen nobela osoa. Nobelaren amaiera idaztera iritsitakoan erabakitzen zuen susmagarrietatik zein izango zen hiltzailea, azken mementoan, eta atzera jo eta dena berridazten zuen, pertsonaia hori inkriminatzeko beharrezko frogak erantsiz. Modus operandi horrek agerian uzten du halako istorioek nolako narratiba bikoitza izaten duten. Hilketak erdibitzen du narrazioa. Batetik, orainaldiko planoa izaten da, hilketaren ondokoa, alegia; bestetik, iraganeko planoa, hilketaren aurrekoa. Orainaldiko planoan hilketaren ikerketa gertatzen da; pistak eta hipotesiak azaleratzen dira, eta horiekin taxutzen da, pixkanaka-pixkanaka, iraganeko planoa, hilketa nork, nola eta zergatik egin zuen esplikatzen duena. Bigarren planoa puskaka azaleratzen da aurrenekotik, zatika, eta batzuetan hipotesi adina bertsio izaten ditu, behin betiko soluziora arte behinik behin. Halatan, bi planoak elkarri ahokatuta geratzen dira, eta bukaeran batzen, hiltzailea eta hilketaren zirkunstantziak azaleratzen direnean.

Christiek hamaika baliabide narratibo enplegatzen zituen, maisuki enplegatu ere, misterioari bukaeraraino eusteko. Horien artean ezagunena ingelesez red herring esaten zaiona izango da seguru asko, hau da, pista faltsua. Ikerketaren erdian, ikertzaileak munta handikoa dirudien aztarnaren bat aurkitu du akaso, baina azkenean hutsean geratzen da, edo ez du ikerketarekin zerikusirik. Narrazio baliabide hori zineman ere erabiltzen da, ikuslearen arreta bilbe nagusitik desbideratze aldera. Christiek barra-barra pilatzen zituen pista faltsuak egiazkoekin nahasian, eta hain dotore apailatzen zituen —irakurlea nahasteko helburuarekin— non ia ezinezkoa izaten baita irakurleak hiltzailea nor den deduzitu ahal izatea. Ustekabea izaten da efektu nagusia, eta argumentuaren bat-bateko jirabirek azkeneraino eusten diote misterioari. Kritikatu izan zaio, hain zuzen, zenbaitetan erraza dela hiltzaileari antzematea ez ikerketako pistei erreparatuta, baizik eta pertsonaia guztietatik ustekabekoena aukeratuta.

Misterioaren Urrezko Aroa deritzonean hasi zen Christie idazten; 1920ko eta 30eko urteen artean gertatu zen hori, baina haren arrakastak askoz gehiago iraun zuen. Makina bat idazle izan ziren garai hartan misterioaren genero horretan idazten, eta emakumeak ugari: Agatha Christiez gain, Dorothy L. Sayers, Anne Hocking, Patricia Wentworth, Elizabeth Daly, Margery Allingham... Nahiz eta duela ehun urte izan zen urrezko garaia, gaur egun ere geratzen dira ordukoen ondorengoak, cozy mystery edo «misterio goxoa» azpigeneroaren izenpean. Apaldurik ere, hilketa misterioen garrak segitzen du gaur egun ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.