Literatura

Afrikar erroen arnasa poetikoa

Edward Kamau Brathwaite barbadostarra Karibeko idazle handienetako bat zen. Afrikako kultur sustraiak bizitzeko eta berritzeko bideak bilatu zituen beti.

Edward Kamau Brathwaite idazlea (1930-2020), datatu gabeko argazki batean. BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez da nahikoa zartailutik, koroatik eta botereetatik aske egotea». Edward Kamauren heriotzaren berri zabaldu bezain pronto —hilaren 4an hil zen—, haren esaldi horixe ekarri zuten gogora batean eta bestean. Esklabotza mendeen poderioz barneratutako menpekotasunaz gazte zela jabetu zen, eta menpekotasun hori zartatzea izan zuen xede poeta, saiakeragile eta historialari ibilbide osoan. Ahalegin horretan sortutako lanei esker, Karibeko ahots literario handienetako bat bilakatu zen.

Esklabo trafikoaren igarobide eta erdigune izandakotik idatzi zuen, jazarpen eta borroka ahotsak poesia bihurtu zituen, eta, horrekin, uharteetako ezinbesteko poeta bihurtu zen. Afrikan bertan zein diasporetan afrikar beltzek garatu duten kultur bizitza ikertu zuen hainbat lanetan; eta, belaunaldi berrien begietara, garrantzitsu bihurtu ahozkotasuna eta herri kantugintza lagun irauteko gai izan den afrikar erroko beren kultura. Barne plantazioa kontzeptua ere landu zuen, menpekotasun modu berriek zaharrekin zuten lotura aztertuz.

«Barbadosen jaio zen, esklabo negozioaren erdigunean. Ingalaterrara joan zen gero, esklabo beltzen jabetza intelektualaren nagusiarengana. Ghanara jo zuen ondoren, arimaren etxera, Jamaikako bidea hartu aurretik. Arrasto sakona utzi du azken horretan. Esklaboen ibilbidea eginez, bere askatasuna erdietsi zuen, eta bere bizitza askearen soinua eskaini zigun, abeng-a utzi duen arte». Hilary Becklesek horrela laburbildu du adiskide zuenaren ibilbidea. Mendebaldeko Indietako unibertsitateko (Kingston, Jamaika) errektoreordea da Beckles. Abeng gizona. Horixe Kamauri eman dion titulua. «Gure abeng gizonak inperioaren hitzak hartu eta deformatu egin zituen, beren esanahia txikitu eta deskolonizatu zuen, esklabotza ofizialki indargabetu ostean ere barrutik menpeko izaten segitzen zuen bere jendeari erreboltarako tresnak ematearren. Ghanan hasi zuen txikizioa, abeng-a aurkitu zuenean. Afro-karibear hitzen eta bertsoen artisau bilakatu zen».

Aka herriak abeng deitzen dio animalia adarrari. Karibe osoan da ezaguna, Jamaikara behartuta heldu ziren esklabo afrikarrek erabiltzen zutelako beren burua askatu eta mendira jo zutenean, elkarren artean mezuak trukatzeko, kode propio bat erabiliz. Jamaikan, oraindik ere, esklabo liberatu haien ondorengoek abenga darabilte euren ekitaldi komunitarioetan. Komunitate horiengandik gertu bizi izan zen Kamau tarte batean. «Abeng gizona gudari bat zen gure arimentzako. Ekinaldi guztietan kontatu zuen bere historia. Gugatik kezkatzen zen, erabilitako, gaizki tratatutako eta abandonatutako pertsona/jabetzongatik», nabarmendu du Becklesek.

Biografia

Lawson Edward Brathwaite 1930eko maiatzaren 11n jaio zen, artean britainiarren inperioko kolonia zen Barbadosko hiriburuan. Beka bati esker joan zen Londresera, metropolira, unibertsitate ikasketak egitera, 1949an: Cambridgen, ingelesa eta historia ikasi zituen. 1953an, BBCren Caribbean Voices saioan hasi zen kolaboratzen. Bi urte geroago, Afrikan zegoen, Ghanan, irakasle lanetan. Sustraiak hazi zitzaizkion han eta ahots literarioa loratu. Odaleren hautua antzezlana han idatzi zuen. Hango bertsokeratradizionala eta kolonia aurreko mitoak ezagutu ere bai. 1962an, itsasoa berriz zeharkatu eta Santa Luzia uhartean ezarri zen. 1963an, Jamaikan zegoen, Mendebaldeko Indietako unibertsitatean, historia irakasten. 1966an, Londresen, Karibeko Artisten Mugimendua sortu zutenen artean zegoen. Erakunde horren aldizkaria, Savacou, berak bultzatu zuen, 1971n. Urte horretan 0bertan, hil arte lagundu zion izen berria jarri zioten: Kamau. Ngugi wa Thiong'o idazlearen amamak ezarri zion, Kenyara egin zuen ikasketa bidaia batean. Beste mugarri garrantzitsu bat ezarri zuen urte hartan: Kreole gizartearen garapena Jamaikan. 1770-1820doktore tesia argitaratu zuen, Oxford University Pressekin.

Ordurako, emana zuen Esklaboen herri kultura Jamaikan saiakera (1970). Trilogia poetiko batekin deitu zuen irakurleen arreta lehenik, hala ere. Igarotzeko eskubideak liburuan (1967), Karibearen eta Iparramerikaren artean beltzek egindako bidaia imaginarioa azaldu zuen. Maskarakpoema sortan (1968), Afrikatik Latinoamerikarainoko esklabo garraiorako ibilbidea kontrako norabidean egitea proposatu zuen. Uharteak lanean (1969), azkenik, Mundu Berrira itzuli eta Karibeko abertzaletasuna aztertu zuen. Hiru poesia lanok batera eman zituen, 1973an, Arribantak: Mundu Berriko Trilogia bat izenburupean. Askoren ustez, idazlearen lan gorena da.

«Hizkuntza nazionala»

Poesiatik kanpo ere, lan mugarriak eman zituen, kulturaren historia ikertuz, Afrikako tradizioak, jazza eta reggaea uztartuz. Beltz & Blues saiakera (1976) da lan horietako bat. Ahotsaren historia: hizkuntza nazionalaren garapena Karibeko poesia anglofonoan (1984), berriz, Karibeko hizkeraren inguruko ikerketa garaikide garrantzitsuena da. «Hizkuntza nazional» deitzen ziona kreolera, ingeles eta Karibeko beste hainbat hizkeraren nahasketa bat zen, bere erritmo eta tinbre afrikarrekin. Jamaikako herritar xeheek darabilten —eta eliteek mespretxatzen duten— kreolera uharteko eskola guztietako ikasketa programetan sartzea lortu zuen.

Edward Kamauk Brathwaitek hamaika aitortza eta sari jaso zuen bizi artean. Aipatu Guggenheim eta Fulbright bekak jaso zituen 1983an, esaterako. Eta Neustadt saria 1994an, Griffin saria 2006an, Kubako Casa de las Americas saria 2011n eta Robert Frost domina 2015ean. Aurten bertan, Bocas Henry Swanzy saria emana zioten Karibeko letrei egindako ekarpenarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.