Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Xipri Arbelbide. Idazlea

«Afrikan eta hemen, sorginak beti sorgin»

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Durango
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Xipri Arbelbidek (Heleta, 1934) Sorginak Lehen eta orain Afrikan eta hemen liburua plazaratu berri du. Boli Kostan 12 urtez egon da misiolari. Hango eta hemengo sorgin kontuak dakartza oraingoan.

Zer dela-eta idatzi duzu sorginei buruz?

Astokeria asko esan zituztelako iaz Senperen, De Lancreren auziak gertatu zirela 400 urte bete zirela eta. Gai hori modan jarri da, eta hainbat ekitaldi antolatu dira, baina inork ez du aipatu zer den sorgina. Gaurko begiekin ikusten dituzte, eta ez dakite zer diren. Hemen, zientziak erakutsitakoaren ondorioz sorginen inguruko sinismena galdu egin dugu. Afrikan ez.

Afrikan bada sorginik?

Afrikan eta hemen sorginak beti sorgin. Nire ustez, ez da sorginik, eta ez dira sekula izan. Jende batzuek beste herritar batzuek sorgintzat dauzkate, besterik ez. Sinesmen bat da. Bada horrek edo beste hark zorte txarra bota diola uste duen jendea, baina sinetsi besterik ez du egiten. Afrikan, Euskal Herrian bezala, sorginek zorte gaiztoa botatzen dutela esaten da.

Baina Afrikako bi fetixerekin bueltatu zara etxera, ezta?

Afrikan nintzela, meza eman ondoren, emakume batek bi fetixe erakutsi eta eman nahi zizkidan. Fetixe horiek hartzeko dirua eman nahi zidan ere. Ez nuen dirua onartu nahi, baina, azkenean eman egin zidan. Gero esan zidaten fetixe horiek hartuz berari bota zioten zorte txar guztia ematen zidala. Afrikako oroitzapen ezin hobea direla iruditzen zait, baina, zerbait gertatzen bazait, seguru horregatik dela esaten duela norbaitek.

Liburuan XXI. mendeko sorginak aipatzen dituzu.

Bai, sorgin modernoak, aztiak, tarot kartak, pandula eta kristalezko bola aldean. Biblian ere ageri dira profetak, begi gaixtoa edo deabrua sar balakio bezalako kontuak. Nik Jainkoan bakarrik sinisten dut, baina ez diot ezer eskatzen. Naturaren indarra existitzen da. Belargileek daukatena jakitate bat da, eta ez sorginkeria.

Nola osatu duzu liburua?

Katixima eta liburu zahar ofizialek sorginkeriaz zer esaten duten ikertu dut. Otso gizonak aipatu ditut, Afrikan bizi izandako esperientziak eta sorgin auzien mapa ere ageri da. Gure mendi inguruetan gertatu ziren gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.