Literatura

Afrikan, afrikeraz

Aste honetan izan da Afrikako Idazleen Nazioarteko Eguna, eta oraindik badirudi mundu guztiak ez duela argi zer den Afrikako literatura: Afrikan egiten dena, Afrikari buruzkoa edo Afrikako hizkuntzetan idazten dena?

2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Eskuaira eta kartaboia hartu, eta riki-raka, kontinente osoa banatu zuten sei nagusiren artean. Berlingo Konferentzia gisa ezagutzen dugu, alemanez Kongokonferenz, 1885. urtean egindako nahaste-borraste hura. Hizkuntzei zegokienez, jakina, ez zen eztabaidarik izan: herrialde ingeles-hiztunak, frantses-hiztunak, eta abar izango ziren denak.

Ia mende bat geroago, 1960an, «deskolonizazio» zeritzoten prozesua abiatu zen. Testuinguru hartan, 1962an, oso bestelako konferentzia egin zen Kanpalako Unibertsitatean, Ugandan. Afrikako hainbat idazle bildu ziren bertan, Chinua Achebe nigeriarra tartean, baina han ez zegoen hizkuntza afrikarretan idazten zuen inor. Konferentziaren izenburuak argi esaten baitzuen: African Writers of English Expression. Ngugi wa Thiong'o idazle kenyarrak Decolonising the Mind (Pentsamendua deskolonizatuz) liburuan azaltzen duenez, agendako lehenengo gaiari heldu zioten berehala: «Zer da literatura afrikarra?». Eztabaida bizia izan omen zen: Afrikari buruzkoa edo esperientzia afrikarrari buruzkoa behar zuen? Afrikarrek idatzirikoa? Eta Afrikakoa ez zen norbaitek Afrikari buruz idatziko balu, zer? Eta afrikar batek Groenlandiari buruz idatziz gero? Edo, ondo pentsatuta, Afrikako hizkuntzak balira neurgailua?

Eztabaida hura ez zen amaitu, eztabaida gehienek ohi dutenez. Baina apurka, zenbait kontu argitzen hasteko balio izan zuen. Ngugi wa Thiong'o idazlearen kasuan, bere esperientziak berak argitu zion bidea. Ingelesez eman zituen lehen pausoak literaturan, eta kikuyu ama-hizkuntzan idatzitako lehen lanaren kariaz, debekua eta espetxea ezagutu zituen. Kartzelan zegoelarik, erabaki zuen ez zuela gehiago kolonoen hizkuntzan idatziko. Espetxealdia amaitzean, Kenyatik atera zen, eta 22 urteko erbestealdia ezagutu zuen gero.

Duela 30 urte, 1981ean, Decolonising the Mind liburuko ernamuina izango zen hitzaldia eman zuen, paperez, Kenyan egin zen konferentzia baterako: Zer irakurri gure haurrei? Hitzaldi hura eta beste hainbat oinarritzat hartuta apailatu zuen aipatu liburua, Londresen 1986an argitaratua. Hura izan zen Wa Thiong'ok ingelesez idatzi zuen azkena. Benetako independentziarako bidean, Afrikako idazleek bertako hizkuntzetan idatzi beharko luketela defendatu zuen, lotura kolonialak eten, eta zinez Afrikako literatura egite aldera.

Izan ere, ordura arte hala izendatu zena «literatura afro-europarra» zela adierazi zuen, Afrikako kutsua izan arren Europako hizkuntzetan idatzita zegoelako. Nahiz eta Chinua Achebe, Wole Soyinka eta antzerako egileen talentua goraipatu, salatu zuen haien lanek kolonoen kultura aberasten zutela, bertakoaren kaltean. «Haien idazkiak afro-europar tradizioari dagozkio, neokolonia giroan europar kapitalaren Afrikaren gaineko mendekotasunak irauten duena iraungo du seguruenera». Horrez gain, gogorarazi zuen hizkuntza kolonialetan idatziriko lanek afrikarren gehiengoa baztertzen dutela, ez baitira testu horiek ulertzeko gai.

«Kikuyuz idaztea, Kenyako hizkuntza batez, afrikar hizkuntza batez idaztea, afrikar eta kenyar herrien inperialismoaren aurkako borroketan parte hartzea dela uste dut nik. Eskola eta unibertsitateetan, gure kenyar hizkuntzak —Kenya osatzen duten herrien hizkuntzak— atributu negatiboekin lotu izan dira: atzerapena, azpigarapena, miseria. (…) Ez ditut kenyar haurrak tradizio horretan hazten ikusi nahi. Kolonialismoaren alienazioa gaindi dezaten nahi dut».

Afrikako Idazleen Nazioarteko Eguna izan da aste honetan, hilaren 7an, azken 17 urteotan bezala. Aipatu gaiak oraindik bide luzea daukan arren, ez legoke gaizki Europatik nagusikeriaz begiratzeari utzi, eta geure burua deskolonizatzen hastea.

Ngugi wa Thiong'o, gurean

Euskal Herrian 1989an argitaratu ziren lehen aldiz Kenyako idazlearen hitzak, Susa argitaletxearen Bake zibila eta beste zazpi gerra ipuin liburuan. Aintzane Ibartzabalek egin zuen Aintzazko minutuak ipuinaren itzulpena, baita Decolonising the Mind liburuko zenbait pasarterena ere (goiko itzulpenak harenak dira). Bost urte geroago, Susa aldizkariaren 33. zenbakian, «Afrikako literatura eta Literatura afrikarra» izan zituzten hizpide, besteren artean Wa Thiong'oren hitz batzuk jasoz.

Urte hartan bertan argitaratu zituen Txalapartak bere bi nobela: Negarrik ez, haurra, Pernando Barrenak euskaratua, eta El diablo en la cruz (Deabrua gurutzean), Alfonso Ormaetxeak gaztelerara itzulia. Kurioski, euskaraz daukaguna ingelesez idatzi zuen Wa Thiong'ok, eta kikuyuz idatzitako lehenengo nobela izan zen gazteleraz daukagun hori.

Bestalde, joan den maiatzean ale zinez interesgarria eman zuen argitara Erlea aldizkariak, 4. alea hain zuzen, Afrikako literaturari eskainia. Beste hainbat testuren artean, Afrikako lau egileren iritziak irakur daitezke, hizkuntzen aferaren gainean: Ngugi wa Thiong'o, Ken Saro-Wiwa, Obiajunwa Wali eta Amos Tutuola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.