AEBetako bluesaren ordezkaritza zabala izango da Getxon

Sugaray Rayfordek, The Original JB's James Brown Bandek eta Popa Chubbyk joko dute, hilaren 14tik 16ra, Algortako Biotz Alai plazan. Travellin' Brothers euskal taldeak Rayford lagunduko du

mikel lizarralde
2016ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Jazz doinuak bukatu berriak, bestelako musika beltzak entzungo dira datorren astean, hilaren 14tik 16ra, Getxon (Bizkaia). Blues jaialdia egingo dute egun horietan, eta, batik bat, AEBetako tradizioetan ardaztutako proposamenak izango dira nagusi, nahiz eta euskal ordezkaritza bat ere izango den jaialdian

Sugaray Rayfordekin hasiko da jaialdia, ostegunez. Eskola zaharreko abeslaria da Muddy Waters, Otis Redding eta James Brown ditu erreferentzien artean, eta 2013an blues tradizionaleko disko onenaren saria lortu zuen Blues Music Awards sariketan. Getxoko kontzertuan, Bizkaiko Travellin' Brothers taldea izango du lagun abeslari estatubatuarrak.

Ez da nolanahikoa bigarren egunean Getxon izango den taldea: The Original JB's James Brown Band. Izenak berak dioen bezala, soul kantari handiaren ondarean arakatzen duen banda da, eta haren errepertorioa du abiapuntu eta helmuga. Taldeko gidariak Martha High abeslaria eta Danny Ray enterteiner-a dira, biak ala biak Brownen bandako kideak izandakoak.

Azkeneko egunean, larunbatez, Popa Chubby (New York, 1960) gitarrista ariko da bluesaren bertsio zuri eta kaletarra eginez. Musika beltzaren mugak gainditzen dituen musikaria da Chubby, eta ez du beldurrik rock klasikoarekin eta hard rockarekin jolasteko —bere riffak dira horren erakusle—, baina ezta funk, soul eta hip-hop doinuekin esperimentatzeko ere.

Saio nagusiak Algortako Biotz Alai plazan izango dira, 20:00etan hasita 14an eta 21:00etan 15ean nahiz 16an. Horiez gain, beste bi saio ere izango dira The Piper's tabernan. 15ean, Iker Pirisek eta Blas Piconek osatutako bikoteak jardungo du, eta 16an, berriz, Bocinegro Kanariar Uharteetako taldearen txanda izango da. Biak 23:00etan hasiko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.