Botere egituren narratibak eragiten dion ezinegona sormen prozesurako inspirazio da Zigor Urrutia artistarentzat (Bilbo, 1971). Gustuko du artearen diskurtso historikoak hankaz gora jartzea, eta horiek egungo kapitalismo neoliberalaren dinamikekin parekatzea. Hala egin zuen iazko udan Gasteizko Montehermoso Kulturunean ikusgai jarri zuen Babel. Dorretik Googlera erakusketan, eta halaxe egin du orain Zas Espazioan paratu duen Estrategiak (I saiakera) bilduman ere. Izan ere, biak ala biak elkarren osagarri direla esan daiteke, jarraitutasun bat badelako haien artean. Estrategiak (I saiakera) bilduma otsailaren 15era arte ikus daiteke Gasteizko San Anton plazako aretoan.
Egunerokotasuna eta komunikazioa dira Urrutiaren lanaren ardatza, eta kritikoa da teknologia berriek eta sare sozialek emozioetan duten eraginarekin. Erakusketan, egunerokoan erabiltzen den lengoaiara hurbildu da, eta boterearekin eta artearekin erlazionatzeko moduez gogoeta egin du hainbat piezaren bitartez. Obrekin aditzera eman nahi duen kritika soziala esplikatu du artistak: «Historian zehar errepikatu diren diskurtsoei erreparatzen badiegu, bistan dago lengoaia deformatu egin dela gizarte zapalkuntzari eta klasismoari eusteko elementu bat izan dadin».
![Zigor Urrutia Zigor Urrutia](/uploads/s1/69/79/01/7/ef-868524-14528110_24_893x502.jpeg)
Arteak orainaren eta iraganaren arteko lotura aztertzeko bidea eman dio Urrutiari, eta, hala, deshumanizazioa, gizartearen kontrol tresnak eta kapitalismoak eraikuntza sozioekonomiko eta kulturaletan duen eragina islatu ditu bere piezetan. Babel dorrearen metaforan topatu du, besteak beste, kontzeptu horietan sakontzeko modua. Biblian ageri den «Adreiluak egin eta sutan egosi» esaldiaren metaforari zentzu berri bat eman dio, eta agerian utzi du, nolabait, «gizakiaren harrokeriak herri ugariren arteko elkar ulertzea ezinezko» bihurtu duela.
Ideia beraren inguruan ondu ditu gainerako obra gehienak. Babel dorrearen mito hori gaur egun arte iritsi dela irudikatu du, eta salatu Google edo adimen artifizialaren bitartez gizakiak hizkuntzak itzultzeko bat-bateko modu guztiz inpertsonalizatua sortu duela: «Teknologia berriek, hizkuntza guztiak eskuragarri jartzen dituzten modu berean, dibertsitatea eta identitatea globalizatu eta zapaltzen dituzte».
«Historian zehar errepikatu diren diskurtsoei erreparatzen badiegu, bistan dago lengoaia deformatu egin dela gizarte zapalkuntzari eta klasismoari eusteko elementu bat izan dadin»
ZIGOR URRUTIAArtista
Erakusketako lanak modu lineal batean antolatu dituzte, kritika sozialaren inguruko narratibak zentzua izan dezan. Jatorrizko esanahia «guztiz galdua» duten esaldiekin konposizio koloretsuak egin ditu hainbat koadrotan, azaltzeko askotan erabili diren esaldi eta esaerak dagoeneko «hutsal» bilakatu direla, «manipulatuta» daudelako. Eta, hala, esanahi «faltsua» duten esaldiak idatzita ageri dira, modu nahasi eta desordenatu batean, pieza askotan: adibidez, Kill yours idols (Hil itzazu zure idoloak) edo Start where you are, use what you have, do what you can (Hasi zauden lekuan, erabili daukazuna, egin ahal duzuna).
Material «garbiak»
Obrak egiteko erabilitako materialak «eraikuntza sozial eta politikoaren» metafora bat dira, haien bitartez errealitatearen pertzepzioa eraldatzeko. Altzairua, egurra, argizaria eta torlojuak hautatu ditu sortzeko, «oso material garbiak eta organikoak» direlako, eta obran berezko protagonismoa izatea nahi duelako. Artistak azaldu duenez, narratibari indarra jarri nahi izan dio material garbi horiek manipulatuta: «Materialak ideiak transmititzeko gai direlako».
Altzairuzko xafla batzuk daude erakusketan grabatutako esaldiekin. Horiek egiteko altzairua erabili du, Euskal Herriko industriari eta bertako langileei keinu egiteko, eta kapitalismoaren «zapalkuntza» salatzeko. «Langile horiek gizartearen euskarri izan dira eta oraindik badira», azpimarratu du.
Argizariarekin eskuak sortu ditu: eskaiolazko molde bat erabilita, elkarri helduta dauden bi esku eta bihurritutako beste bat. Moldea eta emaitza paratu ditu aretoan, bien arteko dikotomiaren jolas bat egiteko. Artistak esplikatu duenez, «simulazioaren kulturaz eta fabrikatutako egiaz» gogoeta egiteko gonbita da.
![Zigor Urrutia Zigor Urrutia](/uploads/s1/69/79/06/4/ef-847213-14528107_24_893x502.jpeg)