Durango Azokako guneetako ordezkariek eta Gerediaga elkarteak beren arteko elkarlana zer den eztabaidatzeko eta, ahal den neurrian, adostu eta definitzeko prozesu bati ekitea erabaki zuten atzo arratsaldean egindako ordu eta erdiko bilera baten ostean. Oinarrizko dokumentubaten gainean ekarpenak egin eta ondorengo asteetan eta hilabeteetan bilerak egingo dituzte xede horrekin. Gisa horretan, Durangoko Azokaren koordinazio mahaiaren izaera ahalik eta adostu eta definituena izan dadin lortu nahi dute.
Bileran, Gerediaga elkarteko ordezkariek elkarlanean sinesten dutela eta elkarlanarekin jarraitu nahi dutela jakinarazi zieten guneetako ordezkariei, guneak estrategikotzat jotzen dituztelako. Ondorengo asteetako eta hilabeteetan egingo dituzten bilerek erakutsiko dute zer neurritan datozen bat batzuek eta besteek elkarlana ulertzeko dituzten moduak, eta gutxieneko adostasun batera heltzerik dagoen.
Bileraren ondoren, gustura
Bileran, Aiert Goenagaren kargugabetzearen eta ondorengo erreakzioen inguruko beren iritziak eman zituzten parte hartzaileek, eta argi geratu zen Gerediagako ordezkarien eta guneetako ordezkarien ikuspuntuak ez zetozela bat, baina bileratik nahiko gustura eta are itxaropentsu ere irten ziren guneetako ordezkariak, ikusirik Gerediagak elkarlanean sinesten duela eta elkarlanarekin aurrera jarraitu nahi duela.
Guneetako ordezkarien ustez, funtsezkoa da, ordea, guneen eta Gerediagaren arteko harremanak argi eta garbi definitzea, eta guztiek berdin ulertzea harreman hori, elkarlana guztientzat gauza bera izan dadin, azken finean, eta ez batzuentzat gauza bat eta beste batzuentzat bestea. Horretan ados jartzen saiatuko dira hurrengo asteetan eta hilabeteetan.
Aiert Goenagaren kargugabetzearen ondoren eskatu zioten bilera Gerediaga elkarteari guneetako ordezkariek, jakin nahi baitzuten erabaki horrek zer eragin izango zuen beren lanean eta beren funtzionamenduan. Ahotsenea, Kabia@, Eszenatokia, Irudienea, Saguganbara, Plateruena eta San Agustin Kultur Gunea dira Koordinazio mahaian batutako Durangoko Azokako guneak. Szenatokia eta Kabi@ko ordezkariek ez zuten atzo bileran parte hartu ahal izan, baina Durangoko Azokako gainerako guneetako ordezkariak izan ziren han.
Durangoko Azoka. Aiert Goenagaren kargugabetzea
Adostasun bila, elkarlanaz eztabaidatzea erabaki dute
Azokako guneetako ordezkariak itxaropenez irten ziren atzo Gerediagarekin izandako bileratik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu