Zinema. Estreinaldiak

Adiskidetasuna eta gatazka politikoa

Zinemaldiko euskal zinemaren saria irabazi zuen Aitor eta Amaia Merinoren 'Asier ETA biok' dokumentalak

Asier ETA biok dokumentaleko eszena bat. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2014ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Aurreko asteko gertakari larriek ondorio zuzena izan dute film honen gainean; izan ere, dokumentaleko protagonista, Asier Aranguren, atxilotu eta espetxeratu egin dute. Paradoxa tristea, eta, era berean, filmari are balio handiagoa ematen dion gertaera.

Ausardia handia erakutsi dute Aitor eta Amaia Merino anaia-arrebek gisa honetako film bat egiteko orduan. Dokumentalak, berez, ez du izan nahi egoera politikoaren gaineko kronika bat, adiskidetasun baten inguruko gogoeta bat baizik. Eta horren barruan, norberak egiten dituen hautuez eta hartzen dituen bideen inguruko galderez beteriko pelikula da.

Aitor Merinok eta Asier Arangurenek ikastolan ezagutu zuten elkar, 80ko hamarkadan, eta hor sortu zen bien arteko adiskidetasuna. Ondoren, bakoitzak bere bidea egin zuen; Merinok Madrilera egin zuen bere ametsa betetzeko asmoz: aktore izan nahi zuen, eta lortu zuen. Arangurenek Iruñean segitu zuen, eta konpromiso politikoan murgildu zen.

Handik urte batzuetara, Aranguren atxilotu zuten, eta zortzi urte eman zituen espetxean. Bien bitartean, Merinok Madrilgo adiskide eta ezagun askori azaldu behar zien haren laguna zela. Horregatik, laguna askatu zutenean, kamera hartu, eta filmatzeari ekin zion. Abiapuntu horretatik hasi zen mamitzen bien arteko adiskidetasuna, eta herri honen historia hurbila laburbiltzen du dokumentalak.

Asier ETA biok iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, eta euskal zinemaren saria irabazi zuen. Berriki, berriz, Euskal Herritik kanpo ikusteko aukera izan da, Meridako Festival de Cine Inediton aurkeztu baitute dokumentala. Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat egiteaz gain, Ekuadortik ere finantzatu dute filma.

'ASIER ETA BIOK'

Zuzendaria: Aitor Merino, Amaia Merino.

Herrialdea: Euskal Herria.

Urtea: 2013.

Iraupena: 94 min.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.