Bezperako parrandak eta euriteak eragina izan arren, BBK Live jaialdiko bigarren egunean ere musikak eta jai giroak nagusitzea lortu zuten. Gune lokaztuetan nabaria zen aurreko eguneko festa, igartzen zen nekea jendearen aurpegietan; hala ere, animatuenek arratsaldetik izan zuten musikaz gozatzeko aukera. Karpara hurbildu zirenek, adibidez, gozatua hartu zuten Standstill taldearekin; banda duela ia hamar urte desegin zen arren, euren ibilbidearen errepasoa egiteko kontzertu sorta eskaintzen ari da hainbat jaialditan. Taldea 90eko urteetako Bartzelonako hardcore mugimenduan sortu zen, baina berdin emozionatzen jarraitzen dute indietik hurbilagokoak diren bigarren etapa honetako abestiekin.
Aurretik, etxeko taldeek izan zuten guneak irekitzeko ardura: Silitia eta Ezezez —haien kamiseta urdin ugari ikus zitezkeen publikoaren artean— bizkaitarrak karpan eta bigarren agertokian aritu ziren; STR gipuzkoarrak, Firestone gunean; eta Melenas nafarrak, agertoki nagusian. Zaleak dantzan jarri, eta aurretik ezagutzen ez zituztenek aukera izan zuten haien musika ezagutzeko.
Jamaika Kobetamendin
Antolatzaileen arabera, «urteak» zeramatzaten Grace Jones BBK Livera ekartzeko negoziazioetan, eta, iragarri baino ordu erdi geroago izan bazen ere, azkenean igo zen jamaikarra Kobetamendiko oholtzara. Izara ilun batean bilduta hasi zuen kontzertua, eta emanaldian zehar ia abestiro aldatu zituen jantziak. Jamaikarrak erakutsi zuen, itxurari baino gehiago, jarrerari eman behar zaiola garrantzia. 76 urterekin, atzera eta aurrera ibili zen emakumea, eta ahotsa eta karisma aski eta sobera dituela erakutsi zuen, funtsean ikuskizun bat nola gidatzen den irakatsiz. Nightclubbing dantzagarriagaz hasi zuen emanaldia, eta My Jamaican Guy eta Demolition Man abestiak jo zituen gero. «Laster» kaleratuko duen The Key abestia ere jo zuen, zaleen gozamenerako. Abeslaria bakarrik ez, bandak ere erakutsi zuen sasoiko dagoela, batez ere alor erritmikoak.
Jones ez zen izan berandu taularatu zen artista bakarra. Beharbada, bezperako euriteek eragindako arazo teknikoen ondorio izan zen, baina hainbat izan ziren berandu oholtzaratu ziren artistak. Ralphie Chooren kasuan, gainera, kontzertuan jo bitartean oztopo teknikoak izan zituen. Barkamena eskatu zien karpa txiki utzi zuten zaleei, zailtasunak gainditzea ezinezkoa izango zitzaiola onartuta. «Ez dut ezer entzuten», errepikatzen zuen mikrofonotik behin eta berriro, taldekide eta teknikariekin egoera konpontzeko ahaleginetan zebilen bitartean. Kantu berri bat estreinakoz jotzen hasi zirela, bandari gelditzeko eskatu, eta ostera hasi behar izan zuten. Iaz kaleratu zuen Supernova diskoa, eta lan horrekin AEBetako prentsa espezializatuaren arreta bereganatu zuen. Rosalia artistak ere haren lanarekiko interesa agertzeak ikusmina areagotu baino ez du egin. Bilboko jaialdia plaza ona dela jakitun, gogotsu zegoela nabaritzen zitzaion, eta Tangos de una moto trucada eta Rookie abestietan, besteak beste, zaleekin bat egin arren, arazo teknikoek gehiegi baldintzatu zuten ikuskizunaren erritmoa.
Berandu hasi bai, baina urakana legez igaro zen Underworld Kobetamenditik. Dantzarako gogoa zutenek eskertu zuten Karl Hyde eta Rick Smithen energia. Bolumena ezin gorago, argi ikuskizun elektriko batekin dantzan jarri zuten plaza, beste urte batez. Bestelako doinuen bila zebiltzanek agertoki txikian zuten horretarako aukera. Hantxe aritu ziren Derby Motoreta's Burrito Kachimba; andaluziarrak rock taldea dira, baina flamenkotik, progresibotik eta psikodelikotik ere edaten dute.
Dantza musika elektronikotik harago
Zale gehien batu zituzten beste taldeetako bi Khruangbin eta Parcels izan ziren. Lehenak, AEBetako Texastik iritsita, A lasala disko berria aurkezten ari dira. Europako jaialdi ezagunenetakoetan aritu dira azken asteetan, eta Kobetamendin ere milaka lagun batu ziren hirukotearen doinu dantzagarriez gozatzeko asmoz. Oholtza gainean, hiru musikari eta zenbait solairu irudikatzen zituen eraikin bat nahikoa izan ziren milaka lagun dantzan jartzeko. Donald Johnson bateria joleak eta Laura Lee baxu jotzaileak jarritako erritmo trinko eta dantzagarriak beste dimentsio batera eramaten ditu Mark Speer gitarra joleak bere riff irudimentsu eta psikodelikoekin.
Parcels australiarrak, ostera, funkera hurbiltzen diren doinuetan murgiltzen dira. Bigarren agertokian kontzertu jendetsua eskaini zuten, eta nabaria zen haiek ere disfrutatzen ari zirela. Musika elektronikoak pisua hartu duen arren, BBK Live jaialdiaren zaleen zati handi batek oso gustuko ditu oraindik gitarra melodiak dituzten doinu dantzagarriak.
Antolatzaileek, bestalde, aldaketak egin dituzte guneetan, eta soinu eta argi mahaiak dorre batean ezarri beharrean bata bestearen alboan jarri dituzte; erabaki horrekin ikusgarritasuna irabazi dute guneek, eta bigarren agertokian nabaritzen da gehien. Parcelsen kontzertuan, adibidez, dantzatoki erraldoia zirudien guneak, musikariak txiki-txiki ikusi arren, ikuskizunaz gozatzen ari ziren zaleekin; bide batez, agertoki horretan sortzen ziren inbutuak ez dira gertatu aurten.
Gaur, zapatua, hirugarren eta azken eguna izango du BBK Live jaialdiak. Arratsaldean, Oki Moki, Zea Mays eta Airu ikusi ahalko dira, eta, gauean, Slowdive, Jungle eta Arcade Fire taldeak arituko dira. Ostean, argiak itzali, eta musika isilduko da Kobetamendin, hurrengo urtera arte.