Adin nagusira iritsi da jaialdia

Gaur hasiko da azken 18 urteetan urtero, 2000. urtean salbu, Bartzelonan egin den euskal musikaren jaialdia, 2002az geroztik EH Sona esaten zaiona.

Benito Lertxundiren emanaldia 2008ko EH Sona jaialdian. IGOTZ ZIARRETA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2015eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Euskal kultura Bartzelonan zabaltzeko asmoz, euskal musikaren jaialdia sortu zuten 1996an Bartzelonan, eta jaialdia garapenaren eta iraunkortasunaren adibide argia izan da Katalunian. EITBko berriemailea Bartzelonan Elisabet Zunzunegi izan zen EH Sonaren sortzaileetako bat.1990eko hamarkadan Bartzelonan zeuden euskaldunak elkartuta konturatu ziren Euskal Herriaz «informazio gutxi» zegoela bertan; Zunzunegik dioenez, «gehienetan politikari eta ETAri estuki lotua».

Testuinguru hartan, beraz, De bat a bat aldizkaria sortu zuten, eta aldizkariaren lehen zenbakiak argitaratzearekin batera konturatu ziren ikusmina bazegoela Euskal Herriko kulturarekiko. «Horrela sortu zitzaigun musikaren bitartez Euskal Herriko kultura zuzenean Bartzelonara ekartzeko ideia», gogoratu du Zunzunegik.

Gerora Euskal Etxeko lehendakari izango zen Aitor Karasatorre eta bertze hainbat kiderekin batera gorpuztu zuten lehen Euskal Herria al CAT jaialdia, 1996ko azaroaren 14tik abenduaren 19ra. «Baliabide eskasiari aurreeginez», Euskal Etxeko kide haiekin elkarlanean aritu ziren ere De bat a bat aldizkaria eta 1993az geroztik Kataluniako musika tradizionala sustatzen duen CAT aretoa.

«Ilusioz beteriko garaia» izan zela onartu du Zunzunegik, «Euskal Herriarekin lotura mantentzeko modu bat ere bazelako euskal musikaren jaialdia Bartzelonan». Hainbertze urteren ondoren eurek sortu zuten jaialdiak hemezortzigarren aldia abian duela ikusita Euskal Etxearen lana txalotu du orain Zunzunegik.

Urte bakarreko isilaldia

1996az geroztik egin duteBartzelonako euskal musikaren jaialdia, baina jaialdiarenibilbidea gertutik ezagutzeko ahalegin honengatik jakin ahal izan da urte bateko hutsunea izan zela,jaialdiaren sortzaileen eta egungo antolatzaileen harrigarri.

Euskal Herria al CAT izenarekin jaio zen jaialdia, eta Bartzelonako Gracia auzoan dagoen Tradicionarius aretoa izan zuen agertoki lehen lau urteetan. «1996tik 1999ra, De bat a bat aldizkariaren eta aretoaren elkarlanaren bitartez antolatzen genuen udazkenero euskal musikaren jaialdia», adierazi du Jordi Fabregas CAT aretoko zuzendariak.

Artikulu honetarako aztertutako dokumentuek erakusten dutenez, aldiz, 2000. urtean ez zen jaialdirik antolatu, eta gerora Bartzelonako Euskal Etxeak berreskuratu zuen, gaur egun arte. «2001ean laugarren aldiz antolatu zuen Euskal Etxeak Euskal Herria al CAT, eta 2002an, Euskal Etxeko zuzendaritza taldearen aldaketarekin batera, EH Sona bilakatu zen», gogoratu du Fabregasek.

Izen aldaketak, era berean, Bartzelonako euskal musikaren jaialdiaren aro berri bat ekarri zuen: musika estilo gehiago uztartzeko apustua egin zuten, eta jaialdia Bartzelonako areto gehiagora zabaldu zen.

2002az geroztik, nabaria izan da EH Sonaren garapena, jaialdiaren antolakuntzan parte hartu duten lagunei esker, eta sortu zeneko helburuak mantentzen dituen bitartean testuingurura egokitzen jakin du. Egun, Bartzelonako musika aretorik erranguratsuenetan jotzeko aukera dute euskal taldeek, eta urtetik urtera erronka berriak betetzen ditu.

Hemezortzigarren urteurrenaz baliatuta, berrikuntzak ekarriko ditu aurtengo jaialdiak. Hasteko, kontzertu berezia antolatu dute azaroaren 7an Salamandra aretoan, Glaukoma eta Vendetta euskal talde eta At Versaris talde katalanarekin. Izan ere, Ekaitz Garate Euskal Etxeko kultura arduradunak BERRIAri jakinarazi dionez, «hasierako helburu bikoitzari helduta eta euskal taldeak ekartzeaz haratago, datorren urtetik aurrera bi kulturak uztartzeko asmoa baita».

Bertzetik, jaialdiak Bartzelonako mugak zeharkatuko ditu La Bisbal de l'Empordako L'Alternativa aretora jauzi eginez, eta jaialdian parte hartzen duten hainbat taldek bigarren kontzertu bat emango dute han.

Azkenik, AlterEHSona egitasmoa sortu dute musika aretoetatik haratago zabaltzeko asmoz. Horren barruan, hitzaldi bat eta Bartzelonako bi ibilbide antolatu dituzte, eta, era berean, haurrentzako Txo! ekitaldia sendotu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.