Adimena eta arima, artean bat eginda

Xabier Obesoren ‘Arrazoiaren eta emozioaren artean’ erakusketa uztailetik irailera bitartean izango da Donostiako Okendo kultur etxean. Artistak sinbologia eta filosofia uztartu ditu erakusketan.

Xabier Obeso, Okendo kultur etxean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Xabier Obeso, Okendo kultur etxean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko uztailaren 18a
05:00
Entzun

«Nola kontatu erabat ulertzen ez dudan zerbait? Nola margotu existitzen ez den baina esanahi sakona duen zerbait? Nola irudikatu inoiz ikusi ez dudan baina margotzeko behar handia dudan zerbait?». Galdera horiei erantzun diete Xabier Obesoren (Errenteria, 1952) azken piezek. Hain zuzen, bere hausnarketa filosofikoak ikuslearekin partekatu nahi izan ditu, artean oinarrituta. Arrazoiaren eta emozioaren artean erakusketa Donostiako Okendo kultur etxean izango da ikusgai, uztailetik irailaren 4ra bitartean. Artistak bisita gidatuak eskainiko ditu hil honetan ostiralero, arratsaldeko 18:30ean, gazteleraz.

32 obraz osatutako bilduma «gogoetatsu eta sinbolikoa» sortu du artistak. Naturako elementuek presentzia handia dute haren pinturetan; besteak beste, izotzetan sustraitzen den zuhaitza, itsasoko olatuen talka jasaten duen harkaitza eta haitzuloaren barneko sekretuak irudikatzen ditu. Ura ere protagonista bilakatu du errenteriarrak, horren jarioarekin bizitzaren «joana» islatu nahi izan baitu.

Sinbologiak berebiziko garrantzia duela azpimarratu du Obesok. «Sinboloak alderdi espiritualetara narama, edo nireak izanda ere kontzienteki ezagutzen ez ditudan espazioetara; horiei esker, bada, neure buruaren esperientzia bat izan dezaket, amestu ere ezin nuen zerbait bizi», azaldu du. Artistaren esanetan, norbere esperientzia kontzientetik harago dauden gauzez mintzo da sinboloa: «bost zentzumenetatik harago dagoen zerbait azaldu nahi duen edozerk hizkuntza sinbolikoa baliatu beharko du, poetikoa denaren hizkuntza baita».

Aretoko artelanez gain, Obesok berak zuzendutako Arragoa ikus-entzunezko dokumentala ere ikusgai dago. «Nire ibilbidearen fase honetan, bideoaren, literaturaren eta hitzen bidez, sortzaile gisa bizi izan dudan esperientzia guztia kontatzeko eta partekatzeko beharra sentitzen dut; era honetan, arteak eman didan guztia eskertu nahi dut».

«Obrak ez du arima propiorik; ikuslea hunkitzen denean hartzen du bizitza, eta orduantxe bihurtzen da artelan, bien arteko katarsi hori sortzen denean. Obra ez da artea, obrak artea egiten du».

XABIER OBESOArtista

Hitzak ezohiko lekuetan kokatuta daude. Eta Obesoren lanek ez dute titulurik, haren ustean «esanahia mugatzen» dutelako. «Obrak ez du arima propiorik; ikuslea hunkitzen denean hartzen du bizitza, eta orduantxe bihurtzen da artelan, bien arteko katarsi hori sortzen denean; zirrara, txinparta, magia, xarma sortzen denean. Obra ez da artea, obrak artea egiten du». Bestalde, margolanetatik ihesi doazen testuak aretoko sabaian zintzilikaturik ipini ditu artistak, pinturetan azaldu ezin duen horri erantzuna emateko asmoz. Sasi-filosofotzat aurkeztu du bere burua, haren bi pasioak uztartzeko aukera izan baitu erakusketa honetan.

Alkimista baten pare ibili da Obeso ezkutuan dagoena agerian utzi arte. «Sortzailearen bideak, bere sormen prozesuan, bere ibilbidearen une jakin batean, arrazoia alde batera utzi behar du, eta lasai asko itxaron behar du, bihotzaren agindu sotilari adi, inspirazioa noiz igaroko zain. Begirada bare eta zuhurra behar du, ideia bat ulertu gabe ere hartzeko prest dagoena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.