Borja Kobeaga. Zinema zuzendaria

«Adikzioa sortzen du komediak»

'Éramos pocos' film laburrarekin Oscar sarien bidea hasi, lehen film luzearekin arrakasta lortu, eta orain genero lana egin du Borja Kobeagak: 'No controles' komedia erromantikoa.

Inigo Astiz
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Umorea da Borja Kobeaga zinemagilearen alorra (Donostia, 1977). Hor dago eroso, eta atera dio fruiturik, gainera. Éramos pocos film laburrarekin Oscar sarietarako bidea egin —izendapena lortu zuen—, Vaya semanita telebista saioan gidoigile aritu, Pagafantas film luzearekin arrakasta lortu eta orain bigarren lan luzea estreinatu du: No controles. Narratiba klasikoko komedia erromantikoa. Genero lana. Bikotea hautsi, eta mutilak, Unax Ugaldek, neska berreskuratu nahi du, Alexandra Jimenez; gau bakarra du horretarako, eta pertsonaia sorta ezin bitxiagoaren laguntza. Hasia zaio publikoaren erantzuna heltzen Kobeagari, baina zuzenean ikusi nahi du: «Ez dut egin, baina gustura joango nintzateke ezkutuan areto batera filma ikustera».

Pertsonaia batek dioenez, eta zuk zeuk ere esan duzunez, «maitasunaren Die Hard» da No controles, hots, maitasunaren Kristalezko jungla.

Pertsonaia kontrajarriak dira Bruce Willisek eta Unax Ugaldek jokatzen dituztenak. Willisena oso tipo aktiboa da, beti ekintzarako prest; Unaxena, aldiz, oso tipo geldia da, erreakzionatzen ez duena... Baina badira antzekotasunak bi filmen artean. Komedia erromantikoa egin nahi genuen, baina istorioa asteetan, hilabeteetan edo urteetan garatu beharrean, gau bakarrean garatu nahi genuen. Topaketa, eztabaida, zeloak eta generoaren bestelako elementu guztiak kontzentratuta eman ditugu. Eta horregatik du antza Die Hard-ekin. Eraikin bakarrean gertatzen da dena, gau bakarrean, eta misio argi bat dute guztiek: Unaxen pertsonaiari neska berreskuratzen laguntzea. Oso film bizia egin nahi genuen, akziozko film bat bezalakoa, baina elementu bortitzik gabea.

Komedia erromantikoen generoari lotzeko nahia nabari da filmean.

Pagafantas pertsonalagoa zen, akaso, eta hau komertzialagoa da. Klasikoagoa. Banuen gogoa hori egiteko. Pagafantas-en egitura kaotikoagoa zen, istorioa pertsonaia bakarrean zentratzen zenez, aukera hori bazegoelako. Kasu honetan, ordea, maitasun istorio baten inguruan bigarren mailako pertsonaien koral bat nuen. Eta horrek bihurtu du film klasikoagoa No controles.

Bikote baten gorabeherak dira filmaren oinarria. Baina sakonean pertsonaia-filma da.

Aitzakia bat da maitasun istorioa, oso bakarrik dauden pertsonaia batzuk erakusteko. Bat-batean elkartu eta zerbait egiteko aukera dute. Kausa komun bat aurkitzen dute, eta utzi egiten diote hain bakarrik egoteari. Eguneroko kontua da bakardadearen patetismoarena.

Filmatzerakoan inprobisatzeko aukera ere eman dizue, beharbada, pertsonaiek izan duten pisu horrek?

Bai, eta, gainera, beste segurtasun bat ere banuen. Lehen filmean zer kontatu nahi duzun oso argi izanik ere, ez duzu ziur jokatzen. Bigarren honetan, unean-unean datorrena gehiago baliatzen saiatu naiz. Pagafantas-en baino entsegu gehiago egin ditugu honetan, eta gauza asko atera dira hortik, baita filmaketan ere, pertsonaien izaera markatu horregatik. Inprobisazioz ateratako gauza horietako batzuk gelditu egin dira filmean.

Gidoigile eta zuzendari lanetan aritu zara zure bi film luzeetan, baina behin baino gehiagotan esan duzunez, gehiago sentitzen zara zuzendari gidoigile baino. Zergatik?

Kontrajarritako ofizioak dira, neurri batean. Mutur banatan daude etxean ordenagailu aurrean istorio bat idaztea eta eszena bat grabatzeko berrogei laguneko lan talde bat gidatzea. Etxean bururatu zaizuna zerbait fisiko bilakatzen den unea da ofizioaren unerik maiteena. Zuzendari lana da hori, eta niri asko gustatzen zait. Oso erakargarria zait.

Eta bietan arituta, zuzendari zarenean, nola hiltzen duzu gidoigilea?

Oso libre sentitzen naiz. Oso presente izaten dut Diego San Jose ere, nirekin batera gidoia idatzi duena, zuzendari lanetan nabilenean. Neure burua ikusle gisa imajinatzen dut, jendeak izango duen erantzuna ere kontuan hartzen dut, baita Diegok pentsatuko duena ere. Oso elkartuta gaude, eta oso kontuz ibiltzen naiz hura ez dezepzionatzeko. Sufritu egingo nuke nire filmak ikaragarrizko arrakasta izan arren Diegok gidoia hobea zela esango balit. Garrantzitsuagoa iruditzen zait hura pozik uztea, ikuslea pozik uztea baino. Urteak daramatzagu elkarrekin lanean, eta konplizitate handia dugu. Nire irizpidearen parte da Diegoren iritzia.

Film honetan badirudi bereziki zaindu duzun kontua dela hori: ikuslea pozik uztearena.

Bai, eta baliteke lehen aipatu dugun klasikotasun horrekin lotuta egotea. Film borobil eta konpaktuagoa da, Pagafantas-ek zituen tonu aldaketa bortitzik gabea. Presenteago zegoen gogoko izateko nahia. Ikusi egin behar orain erantzuna. Ni oso ikusle sentitzen naiz, eta esan dezakedana da Diegori [San Joseri] eta niri asko gustatzen zaigula. Ez zait iruditzen inor kontentatzeko ezer traizionatzen nabilenik.

Zer esan nahi duzu oso ikusle sentitzen zaren horrekin?

Ikusi nahi nituzkeen filmak egiten saiatzen naizela. Topiko bat bilakatu da hori azken urteetan, baina garai batean ez zen hain topikoa. Ez da John Ford eta haren garaiko historiako zinemagile handien kasua, adibidez. Haiek ez ziren filmak ikusten hazi, baina gu bai. Horregatik, gure belaunaldikook ikusi nahi genukeena egiten dugula iruditzen zait.

Eta komedia da zuk ikusi eta, beraz, egin nahi duzuna.

Ez dut generoa abandonatuko. Gogobetegarria da oso. Ikuslearengan bat-bateko erreakzio fisiko bat sortzen du komediak, eta hori ez da beste generoekin gertatzen. Komediak ikusi ondoren, oso ohikoa da halako esaldiak entzutea: «Kaka bat da, baina barre asko egin dut». Kontraesan bat da hori. Barre eginaraztea da komediaren funtsa, beste ezeren gainetik. Adikzioa sortzen duen generoa da. Ikusten duzunean jendeak zuk espero zenuen unean barre egiten duela, junkie bat bihurtzen zara. Eta No controles-en, aipatutako klasizismoari esker, ziur aski, publikoak film osoan egiten du barre. Pagafantas-en gorabeheratsuagoa zen erritmoa.

Arrakastatsua izan zen, halere, egin zenuen lehen film luzea. Presiorik bazenuen bigarren filmari ekiteko?

Ez, dena oso jarraian joan delako. Pagafantas estreinatu baino lehen hasi ginen Diego [San Jose] eta biok No controles idazten, eta, beraz, presiorik gabe aritu gara. Opera prima-ren sindrome moduko bat badago, lehen kolpe horretan zerbait garrantzitsua egiteko sentitzen den behar moduko bat, eta hori gainetik kentzean hasten zara benetan aktibo izaten.

Marivi Bilbao eta Ramon Barea dira filmeko azken txistea egiten dutenak. Zure bi aktore kuttunak?

Éramos pocos film laburraren ondoren, banuen gogoa berriz haiekin lan egiteko, eta gozamena izan da. Bilbaok esan dit hurrengorako deitzen ez badut tiro egingo didala. Eta ez du esan txantxetan, baina ez dut uste horretara heldu beharko duenik.

ETAri buruzko komedia bat egiteko asmoa omen duzu.

Bai, bai. Buruan aspalditik dabilkigun zerbait da hori, baina oraingoz proiektua baino ez dugu. Vaya semanita-n ari ginenean egiten genuen umorea film bihurtzea da ideia. Ziur nago oso film dibertigarria izango dela, inor minduko ez duela eta arnas berritzailea izango dela. Oraingoz, ideia baino ez dugu orri batean, baina aterako den esperantza dut, oso proiektu pertsonala eta maitatua delako.

Inor minduko ez duen ETAri buruzko filma. Ez da erronka txikia.

Ikusi ez dutenak baino ez ditu minduko. Iritzia gehiago sortzen da susmatzen denetik ikusten denetik baino. Kritikatuko gaituzte, baina ideia hutsagatik, nik uste. Behin filma ikustean, ez da egongo kexarik. Vaya semanita-ren esperientzian oinarrituta diot hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.