Cira Crespo.
Lauhazka

Adibidez, Mikaela

2024ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Esaten da baserri-munduan alfabetizazioa eskasa izan zela, baina, ez dakit... Adibidez, izugarrizko harrera zuten bertsopaperek, eta ferietan nahiz baserrietan saltzen ziren. Emakumeek gizonek baino alfabetizazio tasa askoz urriagoa zeukatela ere esaten da, baina gero, istorioak entzuten dituzu eta, hara, baserriko etxean irakurtzen zutenak emakumeak ziren, askotan. Adibidez, Mikaela.

Mikaela Indaberea Arrieta donostiarra zen, eta 27 urte zeuzkan Juan Kruz Zapirain bertsolariarekin ezkondu zenean. Donostiako Telleria baserrian jarri ziren bizitzen. Baserri hartan irakurtzen zekien bakarra Mikaela zen. Egun batean, nondik edo nola ez dakigu, baserri giroan zegoen azken bestsellerra iritsi zitzaien etxera: Brabanteko Genovevaren bizitza harrigarri miragarria, 1885ean Tolosan argitaratua. «Kondairak harrera ona izan zuen euskal irakurleen artean, edizio kopuruaren arabera; are gehiago, gure herrixketan ohikoa baita horrelako liburuetan auzo oso batean ale bakar bat baino ez egotea, urtero, negualdian, etxez etxe pasatzen dena etxe guztietan irakurtzen den arte», kontatzen digu Manuel Lekuona jaunak. «Orduan baserrietan ohitura zan bezala, neguko gau luzeetan, afalondoan gure Mikaelak liburu bitxi hura irakurtzen zuen, eta gure Juan Krutzek entzun. Esaten baita gure artean, ez dala inortxo ere, Santa Jenobebaren bizitza negarrik egin gabe irakurri duanik; hain dira negargarriak haren bizitzako pasadizoak... Gure senar-emazteek ere, bizitza hartako zenbait pasadizo negarrez irakurriko zituzten. Gauza da, emazteak irakurri ahalean, gure Juan Krutzi bertsotan jartzeko gogoa sortu zitzaiola. Eta, esan eta egin, gauero sutondoan irakurtzen zena. Berak gero, ohean loak hartu baino lehen, dena bertso borobiletan —puntu luzeko bertsotan— jartzen zuen, eta biharamunean, lanera joan baino lehen, dena emazteari buruz kantatzen zion, eta emazteak dena paperean jartzen zion, harik eta liburu osoa bukatu zuten arte: senarrak kanta, eta emazteak idatzi».

Zertarako idatzi zuen Mikaelak liburutxo hori? Argitaratzeko? Bere lagunentzat? Lekuonak honela jarraitzen du: «Erreal biko kaier koadernotxo batean kuriosoki idatzia, herriko jostundegi batera etorri zan. Jostundegiak, gure ahozko Literaturaren baratza jator izan baitira beti. Jostundegietan kantatu izan dira, gure herrietan inoiz sortu diren kanta guztiak, Santu-bizitzak, batez ere, eta neska-mutil kantak zer esanik ez. Santa Jenobebaren bizitzak gure jostundegiko neskatxen artean harrera ona aurkitu bide zuen. Jostundegi hartatik etorri zen nire eskuetara, Oiartzungo neskatxa bat —Estrataburuko Joxepa— 'Errenteriyan dendari' ibilki ('dendari', jostun, alegia) eta hark koadernotxoa gure arreba Pilari eman irakurtzeko, eta arrebak niri. Gogoan dut oraindik, nolako harrera egin genion etxean koaderno bitxi-bitxi hari. Egun berean, afal-ondoan kantari hasi ginen, bertsorik bertso. Ordu bete igaro, bi ordu igaro, eta gure ama, kexa: 'Umeak: hamabi orduak direla!'. Baina bera ere, gaixoa, gurekin, bertso hunkigarri haiek entzuten, azkena kantatu genuen arte... Holakoxea izan zen niretzat, gure Juan Krutzen Poemaren Epifania. Gero neronek eraman nuen argitaletxera, hitzaurre berezi batekin».

Mikaela bere senarra baino askoz lehenago hil zen, 1918an. Emaztea hil zitzaion gauari bertsoak egin zizkion Zapirainek eta oraingo honetan Manuel Lekuonak berak paperean jarri zituen. Azkeneko gaua izenarekin argitaratu ziren. Liburuan Lekuonak kontatzen digu gau hartan senar-emazteek izan zuten elkarrizketa: «Eskribitzen ere hainbeste badakizu eta, kartatxo bat egin beharko didazu handik?». Eta emazteak: «Salomon eta Lege Zaharreko gizon jakintsuak ere bazekiten hainbeste; baina ez dut egundaiño entzun haien kartarik beste mundutik honera etorri izan danik. Han ez da nonbait holako ohiturarik». Emaztea galdu eta denbora gutxira Telleria baserri eta lurrak kendu zizkieten, Gipuzkoako kuartel militar handiena, Loiolakoa, eraikitzeko... historiaren pisua esaten diotena, antza.

Uste dut berrirakurketa bat egitea urgentziazkoa dela: jakin behar dugu nola izan zen, zehazki, emakumeen alfabetatze prozesua, zein baldintzatan egin zen transmisio lan hura, eta euskal kulturaren transmisioan, konkretuki, zein izan zen emakumeen rola familietan...

Istorio hori irakurri nuenetik galdera batzuk gelditu zaizkit buruan, niri kontatu didaten euskal emakumearen historiarekin bat egiten ez dutenak: «Eskribitzen hainbeste ere bazekien» Mikaela hori zein zen? Bazeuden beste Mikaela batzuk idazten eta irakurtzen zekitenak? Non daukagu «Jostunak, gure ahozko literaturaren baratzaren zaindariak» artikulua? Ez al dago ezer? Ez badago, zergatik? Zer harreman izan zuten, benetan, euskal emakumeek hitz idatziarekin? Ez baita adibide bakarra. Ezagutzen ditugu beste batzuk ere, Maria Luisa Petrirena, Xenpelarren arreba, Joxepa Matea Zubeldiaren koadernoak... Sentsazioa daukat adibide horiek guztiak anekdota gisa tratatu izan direla, baina beharbada zerbait estrukturala izan da, egiturazkoa. Uste dut berrirakurketa bat egitea urgentziazkoa dela: jakin behar dugu nola izan zen, zehazki, emakumeen alfabetatze prozesua, zein baldintzatan egin zen transmisio lan hura, eta euskal kulturaren transmisioan, konkretuki, zein izan zen emakumeen rola familietan... Joan, lagunok, zuen ganbaretara eta atera zuen amonak, izebak, amak idatzi zituzten paper guztiak, baita erosi zituzten liburu horiek ere, eta elkarrekin irakurriko ditugu denak, berriro.

(ID_14467348) (/EZEZAGUNA) (;© Bilduma Colección Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco;F/Eulalia Abaitua Allende-Salazar (1853-1943))
Emakume bat, domekako mezatara joateko jantzirik onenak soinean. EULALIA ABAITUA / BILBOKO EUSKAL MUSEOA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.