'ADHD' erakusketa aurkeztu du Javier Rodriguezek, prozesu esperimental gisa

Erakusketa Gasteizko Montehermoso kulturunean egongo da, apirilaren 21era arte. Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugan sortu du obra artistak: «Ezer ez da egia, baina ezer ez da gezurra».

(ID_13628517) (Raul Bogajo/@FOKU) 2024-02-21, Gasteiz. Javier R
'ADHD' erakusketa, Montehermoso Kulturunean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko otsailaren 29a
05:10
Entzun

Atetik sartu eta «kris-kras!». Ingurura begiratuz gero, azkar igartzen da soinuaren jatorria, gela osoa zinta amerikarrez estalita baitago. 10.930 metro zintarekin estali du Gasteizko Montehermosoko erakusketa gelaren zorua Javier Rodriguez artistak; eta hala mantenduko da apirilaren 21era arte. Zintaren gainean tenis pilotak eta bateria baten charleston batzuk jarri ditu, eta bien arteko talkak sortuko lukeen soinua entzun daiteke bozgorailuetatik. Hala ere, bi elementuek ez dute elkar jotzen; espazioan sakabanatuta daude. Soinuaren bidez, baina, bien arteko talkaren irudia iradoki nahi du artistak. Hori da hain zuzen ere erakusketaren helburua: irudiak iradokitzea. «Irudiak askeak dira, eta ez errealitatea», azaldu du Rodriguezek.

ADHD izena jarri dio erakusketari: ingelesezko attention deficit hiperactivity disorder nahasmenduaren laburduratik dator —euskaraz, arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua edo ADHN—. Rodriguezek dioenez, nahasmendu hori duten gehienek sortzeko ahalmen oso handia dute, baina ez dira «gizartearen beharretara» egokitzen: «Gure gizartean desberdina den jendea eraldatzeko joera dago, nahi eta espero den bezalakoak bilakatzeko, bulego batean lan egiteko gai izan daitezen. Neure buruari galdetzen diot ea ADHD terminoa ez ote den sortu parametro normaletan kontrolatzeko errazak ez diren pertsonei gaixoak deitzeko».

Bere erakusketarekin, ezberdina izateak gizarteari sortzen dion deserosotasuna islatu du, hain zuzen ere, Rodriguezek. Izan ere, zintaz estalitako gela batean itxurazko loturarik eta ordenarik gabe elementuak sakabanatzea ez da sartzen ohiko erakusketa baten «parametro normalen» barruan. 

Oraina eta iragana, gainjarrita

Erakusketa orrian, duela urte batzuk bizi izandako gertakizun bat kontatzen du artistak. After batean zegoen, Uli K taldearen kontzertu baten ostean, lagun batzuekin. Bertan, alkoholarekin eta beste droga batzuekin harremanetan egon zen; eta hasieran oso gaizki sentitu arren, bere burua drogek eragindako «kulunka arinaren» mende utzi, eta, azkenean, gozatzeko gai izan zen. Pasadizoak erakusketarekin duen loturari buruz galdetzerakoan, Rodriguezek argitu du kontakizuna sorkuntza prozesuaren parte dela: «Istorio horren narratzailea ni izan naiteke, edo ez. Artistok idazten ditugun istorio guztiak artea baino ez dira». 

Nola edo hala, istorioak erakusketan murgiltzen laguntzen du. Dena hankaz gora dago, erakusketa orrian irudikatzen den after-ean bezalaxe, eta iluntasuna da nagusi. Are gehiago, erakusketaren argitasun gehiena hormetan kokatuta dauden pantailetatik dator. Pantailei esker, espazioan sakabanatuta dauden elementuak iraganean zer izan ziren erakusten du artistak. «Orain dena eta une batzuetan izan dena gainjarrita daude aretoaren orainaldian». 

Deserosotasuna nabari daiteke gelan. Tenis pilotaz eta charlestonez gain, bulegoko aulkien zatiekin sortutako dorreak daude, baita tenis pilotak jaurtitzeko makina bat ere. Pantailetako batean, makina pilotak jaurtitzen ikus daiteke, nahiz eta gelaren barruan dagoena itzalita egon. Makina bera da, baina piztuta edo itzalita, ez dira gauza bera. Izan dena eta orain dena dira. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500