Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Finala

Adarren ordez, txapela

Beñat Gaztelumendik jantzi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela. Alaia Martinekin buruz burukoa jokatu eta gero.Lehen zatiko kartzelan atera dio aldea Gaztelumendik Martini

Inaxi Etxabek txapela jantzi eta kantatu egin zuen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Donostia
2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Ez zela duela zortziko txahal hura kantatu zuen hasierako agurrean. Azken txapelketatan igarri izan zaio aldaketa, eta birritan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldunorde izan ondoren, hirugarrenean lortu du txapela. Atzo, Donostiako Illunben jokatu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, txapela jantzi zuen Beñat Gaztelumendik.

Saria banatzeko orduan, bere garaian plaza ukatu zioten Inaxi Etxabek jantzi zion txapela. «Nik opa dizut horrei begira / ta horrekin gozatzea», kantatu zion Etxabek. Gaztelumendik honela kantatu zuen txapeldunaren agurra.

Txapeldunaren agurra:

Milesker Iker Alustizari

Esoain ta Sukiari;

Eizagirretar bixkiei eta

Hernaniko kuadrillari;

ume beldurti hau jartzearren

erratz batetik kantari.

Zuek bezela bertso-eskoletan

ari da jende ugari.

Konpromisoa eta jolasa

hitza direnez gauza bi

bertso-eskolaz bertso-eskola

belaunaldiz belaunaldi

hau zuentzat da zeratelako

ahots ematen ari

isilik egon behar zuela

esaten ziotenari.

Gaztelumendi eta Martinen ondotik hurrenez hurren, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Unai Agirre, Oihana Iguaran, Jon Maia eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa sailkatu ziren. Hasieratik nabari zitzaien lehen bi sailkatuei distira berezi bat bertsotarako orduan: oso zertzelada finez aritu ziren biak ala biak, eta Martin bereziki bertsoaldiak deitalez deitale osatzen.Hasieratik nabari ziren aurretik Alaia Martin eta txapeldun izango zena, eta lehen zatiko kartzelan atera zion aldea lehenak bigarrenari. Laburuk ere ofizoetan lan ona egin zuen, gorabeheratsu jardun arren, eta ordura arte bera zen Gaztelumendirekin batera buruz burukorako sailkatua. Gainontzekoek plazari begira utzi zituzten barrerako zirelako ala sakontasunarengatik 7.200 entzuleen erantzun beroa lortu zuten bertsoaldirik. Dena den, ez zuten euren txapelketetako egunik bikainena izan.

Lehen zatiko kartzelan nabaritu zen lehen bi sailkatuen eta gainontzekoen arteko aldea argien. «Kalean pasatzen ikusi duzu eskuetan opari bat daramala. Irribarrez doa», jarri zien gaia Saroi Jauregi aurkezleak lehen zatiko kartzelan zortziek kanta zezaten.«Paper gorritan kaja haundi bat / hartuta zoaz galako. / Garai batean, neri eginak / zera hamaika halako. / Oparitako papera zer da? / Edertasun baten marko. /Beste espaloian nago begira / ta hala segi beharko. / Irribarretsu ikusten zaitut / badezu asmo on franko / gabon garaian maite direnak / hartzen direnez aintzako. / Nere ondotik jausiko ziren / emoziozko bi malko / baina tamalez ondotxo dakit / hori ez dela neretzako». Martinen lehen bertsoa ideiatan nahiko paretsua izan zen harrigarriki. Opariaren eta harremanaren metafora egin zuen bigarren bertsoan Gaztelumendik: «Ustekabean elkartu ginen / ta bikote bat eratu / baina papera kendu genion / ta ez zen ezer geratu».

Martinek ariketa berean honela osatuko zuen bigarren bertsoa: «Kaxa gorri txiki bat da / lazo urdinez galako / galdetu gabe badakit / hori ez dela niretzako. / Ea nork ken diezadaken / bizkar erditik labana / pentsatu dut: 'Ai, ikusi / ote nau berak, ai ama!' / Joan ta geratu zait / jaso gabearen zama / lantokirantz noa, baina / hau liseritzen dut lana. / Garai batean, guztia / izan gendun erdibana / ta orain nirea ez den / oparitxo bat darama». Buruz buruko kartzelako gaia ez zen hain egokia izan saioaren tonurako.

Labururen ofizioetan ekarritako umorearen erakusgarri izan zen zortziko txikian Maiarekin egin zuen ofizioa: «Bikotea zarete. Laburuk bart hotza pasatu duela eta poltsa beroarekin eta galtzerdi lodiak jantzita sartu da ohean Maiaren alboan». Era honetara bukatu zuen ariketa Laburuk:

Agin Laburu:

Nahiz errita egiten

beti zeran maisu

zugan pentsatuz ere

ibili natzaizu.

Kantzontzilo berriyak

erosita, aizu

artilezkuak dira

kajoian dauzkazu.

Tolosan eginiko saioaren ondotik, faborito zen Agirrek laugarren egin zuen, eta Laburuk bezala, ohi bezala, ofiziotan ekarri zuen bere onena, nahiz eta Tolosako argitasunez ez jardun. Zortziko txikian hau izan zuten gaia Gaztelumendi eta Agirrek: «Mendi lasterkariak zarete. Zu, Unai, afizioz; eta zu, Beñat, ofizioz. Azkenaldian Unai Beñatek baino emaitza hobeak lortzen dituzu».Agirrek hala hasi zuen ofizioa:

Unai Agirre:

Mendiyan hartzen degu

eundoko tratua

dana irabazteko

Beñat tematua.

Beti nik sartzen dizut

ordia, tantua.

Beñat zu zaude gaizki

alimentatua.

«Plakua nago, baina / ni aurpegi alaiz / hornitua Isostar / eta elikagaiz. / Nahiz ta nere aurretik / egiten dezun maiz /animatu zaitezen /propiyo ari naiz, erantzun zion txapeldun izango zen Gaztelumendik ariketa horretan Agirreri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.