Literatura

Adania Xibliren 'Detaile xume bat' nobela euskarara ekarri du Aitor Blancok

Igela argitaletxeak plazaratu du lana. Liburuak bi parte «oso paralelo eta simetriko» ditu; 1949an girotua bata, 2004an bestea. Hitzaurrea Ane Irazabalena da.

Aitor Blanco Leoz itzultzailea Donostian, ekainean eginiko aurkezpenaren ondotik. GORKA RUBIO / FOKU
Aitor Blanco Leoz itzultzailea Donostian, ekainean eginiko aurkezpenaren ondotik. GORKA RUBIO / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko uztailaren 9a
05:30
Entzun

«Mapei begiratu, eta haietan Palestina hitza aurkitu ezinean nabil oraindik». Esaldi hori eta antzeko beste hainbeste ditu esanak Adania Xibli idazle palestinarrak (Galilea, 1974) sorterriko egoerari buruz, minez eta suminez. Eta idatzi ere idatzi ditu hari buruzko gogoetak, izan saiakeretan, izan poesian eta izan eleberrietan. Eta izan fikzio osagaiak erantsirik, edo errealitateari estuki loturik. Are, urteetan plazaratutako lanek bistan uzten dute literatura duela palestinarren erresistentzia hauspotzeko manera kutuna, han sufritutakoak esplikatzeko tresna maiteena, eta, sarri, zeregin horretaz mintzo, aldarrikatu du xehetasun txikiei erreparatzea ere izan daitekeela horretarako bide. «Literaturaren erresistentzia» deitu dio hari inoiz, eta, akaso, bere hirugarren nobela da adibiderik argiena: Detaile xume bat. 2017an plazaratu zuen, arabieraz, eta Aitor Blancok euskarara ekarri du berriki, Igela argitaletxearekin. 

Xibliren nobelak hainbat aitortza jaso ditu 2017az geroztik —2020an, itzulitako lanik hoberenaren saria irabazteko hautagai izan zen AEBetako Sariketa Nazionalean, kasurako—, baina, batik bat, 2023an LiBeraturpreis saria irabazi izanak eman dio sona autoreari azkenaldian. Izan ere, Frankfurteko azokan zen garaikurra hartzekoa, baina, Detaile xume bat nobela antisemita dela iradokita, sari banaketa atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek —oraindik ez dute egin—. Urria zen orduan, eta apenas ziren paseak bi aste Israelek Palestinaren kontrako azken erasoaldia hasi zuenetik.

Liburuak bi parte ditu, elkarren artean «aski diferenteak», itzultzailearen esanetan. Dioenez, aparteko bi liburu ere izan zitezkeen, zenbait detailek eta paralelismok ere lotzen duten arren bata bestearekin. Zehazki, lehenbiziko atala 1949an girotua dago, Israel estatu sortu berrian, Negev basamortuan kokatutako militar destakamentu batean.

Kanpamentu horretako militarren ofiziala da liburuaren lehenbiziko parteko «protagonista nagusia eta kasik bakarra», Blancoren hitzetan, eta itzultzaileak zehaztu du, hala eta guztiz, irakurleak deus gutxi duela jakitea hari buruz, Xibliren hitzak erne leituta ere. «Ez dakigu izena, ez dakigu zer adin duen, ez aurrez zer egin duen, ez nolako gorpuzkera duen: anonimoa da». Jakinekoa den bakarra haren kargu militarra da, baina, edonola ere, irakurleak hari jarraikiz —«edo haren ondoan»— eginen du aurrera kontakizunean.

«Xibliren idazkera sinplea da, tonu laua du, eta, aldi berean, baditu errepikapenak, hipnotiko izateraino; baina uste dut horrek ez duela irakurketa batere aspergarria egiten»AITOR BLANCO LEOZItzultzailea

Militarrak pentsatzen eta sentitzen dituenak ere ez dira esplikatzen eleberrian. Eta, beraz, haren barrenera sartzeko biderik eman gabe, hirugarren pertsonan eta idazkera «sinple» batez kontatzen dira militarrari gertatzen zaizkion guztiak. Pasarte horietan Xiblik baliatzen duen idaztankeraren ahalmenetako batzuk nabarmendu ditu Blancok: «Sinplea da, tonu laua du, eta, aldi berean, baditu errepikapenak, hipnotiko izateraino; baina uste dut horrek ez duela irakurketa batere aspergarria egiten». Nobelaren izenburuak iradoki bezala, detaile txikiei begirakoa da kontaera: adibidez, sarri aipatzen dira basamortuko beroa, paisaiak, idortasuna eta bestelako xehetasunak.

Espedizio batek ardazten du kontakizuna, eta, haren bidez, idazleak kontatuko da nola militar taldeak aurkituko duen beduino talde bat, nola akabatuko dituzten haietako gehienak, eta, gainera, nola atzemanen duten neskato bat, eta kanpamentura eraman. «Eta kontatuko zaigu zer gertatuko den harekin», azaldu du Blancok, eta honela errematatu: «Horren guztiaren bukaera krimen anker bat da».

Spoiler-ik egin nahi ez duela erantsiz egin du aurrera Blancok esplikazioan. Are, krimenaren aipamenari dagokionez, argitu du irakurleak aurrez ere izanen duela sumatzea «zerbait txarra» gertatuko dela, «Xiblik suspensea eta tentsioa sortzen baitu».

Kolpez, hori bai, krimenaren egiazkotasuna nabarmendu du Blancok; Xiblik «fikziozko osagaiak» erantsi arren krimena benetan gertatu baitzen, Israelgo Haaretz aldizkariaren arabera. Eta, hain justu ere, emakume palestinar batek artikulu hori topatu izana da nobelaren bigarren partearen abiapuntua.

Egiaren bila

2004a da. Krimena kontatzen duen testuari erreparatu dio emakume horrek, eta guztiz obsesionatuko da artikuluak dakarren «detaile xume batekin», Blancok kontatu duenez. Andreak bidaia bati ekinen dio Palestinako lurralde okupatuetan barna, 1949an izandako «krimen anker» hartan egiaz zer gertatu zen argitzeko.

Liburuaren lehenbiziko atala ez bezala, bigarrena lehenbiziko pertsonan kontatua dago, eta, itzultzailearen esanetan, irakurleak bat egin dezake protagonistaren sentipenekin. Edonola ere, haren izena, lanbidea, adina eta bestelako datu asko jakiterik ez dago, lehenbiziko atalean gertatu bezalaxe. Hain zuzen, liburuan gordeak diren «paralelismoak eta simetriak» azpimarratu ditu Blancok, eta nabarmendu askotarikoak direla, «oso finki eginak», eta batik bat egiturari lotuak.

«[Nobelak] oso ondo erakusten du palestinarren kontrako okupazioa ziklikoa dela, baina, batez ere, beti itzultzen garela indarkeriaren oinarri berera»

ANE IRAZABALKazetaria eta hitzaurrearen egilea

Ane Irazabal kazetariak idatzi du hitzaurrea euskarazko itzulpenerako. Aurkezpenean kontatu bezala, kurioski, ingelesezko bertsioa irakurri eta hilabetera ailegatu zitzaion liburuan parte hartzeko proposamena, justu iragarri eta gutxira Xibliri ez ziotela emanen LiBeraturpreis saria. Alemanian giroa aski gaiztoturik zela. «Adierazpen askatasunaren aurkako erasoak gertatzen ari diren honetan, eta Palestinaren aldeko elkartasuna antisemitatzat jotzen den aldi berean», nabarmendu du Irazabalek.

Gaur egun halako lan bat ekartzeak zer-nolako balioa duen azpimarratu du. «Adibidez, oso ondo erakusten du palestinarren kontrako okupazioa ziklikoa dela, baina, batez ere, beti itzultzen garela indarkeriaren oinarri berera. Eta, gainera, Xiblik maisuki azaltzen du indarkeria egunero pairatzeak dakarren frustrazioa ere, istorio xumeei begiratuta».

Erlazionatuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.