Azken urteetan bezala, Literaktum jaialdiak hainbat idazleren hitzaldi eta aurkezpenak proposatuko ditu azaroaren 11tik 24ra bitarterako, Donostian. Oraingoz, Donostia Kulturak bertan parte hartuko duten lau izen jakinarazi ditu: Dolores Redondo, Adania Xibli, Enrique Vila-Matas eta Carmen Mola —alegia, Carmen Mola pseudonimopean aritzen diren hiru idazleak izango dira Donostian: Jorge Diaz, Agustin Martinez eta Antonio Mercero—. Festibalak azaroaren 5ean osatuko du egitaraua.
Letrak zeruertzean leloa izango du aurtengo Literaktumek, eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, bertan literaturaren eta gatazka sozial eta politikoek nahiz gerrek eragindako ondorioen arteko harremanak aztertuko dituzte. «Egoera bidegabeetatik eratorritako indarkeria eta gatazkek behartutako migrazioen ondoriozko nortasunik eza ere izango dira mintzagai Literaktumen».
Aurten ehun urte bete dira Luis Martin-Santos idazlea jaio zenetik, eta Enrique Vila-Matas idazle kataluniarrak haren obra ezagunenaz (Tiempo de silencio) hitz egingo du azaroaren 14an, San Telmo museoan. Dolores Redondok azaroaren 18an aurkeztuko du, Viktoria Eugenia antzokian, Las que no duermen NASH bere nobela berria —azaroaren 13an argitaratuko dute—, eta Adania Xibli idazle palestinarra, berriz, 22an izango da, Okendo kultur etxean, Detaile xume bat bere nobelaz mintzatzen. Azkenik, azaroaren 23an Carmen Molak —Diazek, Martinezek eta Mercerok— hitzaldia emango du Lugaritz kultur etxean.
Jaialdia hasi aurretik, azaroaren 7an, Martin Caparros idazle argentinarrak hitzaldi bat emango du Antes que nada bere memoriak biltzen dituen lana ardatz hartuta, Ernest Lluch kultur etxean.