Opera

Adam, Eva, Abel eta Kainen sexu zein mendeku goseak biltzen dituen ‘Die ersten Menschen’ opera taularatuko du Arriagak ostegunean eta larunbatean

Rudi Stephan konpositoreak sortu zuen obra, Lehen Mundu Gerra piztear zenean. Calixto Bieitok zuzenduko du orain, eta, Euskadiko Orkestrak ez ezik, Annette Dasch, Daniel Schmutzhard, Simon Neal eta John Daszak interpreteek ere hartuko dute parte.

'Die ersten Menschen' opera gaur aurkeztu dute Bilboko Arriaga antzokian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
'Die ersten Menschen' opera gaur aurkeztu dute Bilboko Arriaga antzokian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko apirilaren 15a
14:30
Entzun

Intzestua. Eta Bibliako pertsonaia nagusietako lauren artean, gainera. Psikoanalisiaren goraldi betean idatzi zuen Die ersten Menschen (Lehen gizakiak) antzezlana Otto Borngraber antzerkigileak, misterio erotikoak azpitituluarekin, eta eskandalua sortu zuen 1908. urtean, Frankfurten, estreinatu zutenean. Rudi Stephan konpositore alemaniarrak, ordea, hortxe topatu zuen bere lehen eta azken opera bilakatuko zena sortzeko lehengaia. 1909an hasi zen lanean, eta 1914an amaitu zuen konposizioa, justu Lehen Mundu Gerra hasi aurre-aurretxoan. Ezin izan zuen sekula oholtzan ikusi, ordea, frontean hil baitzen urte hartan bertan, 28 urterekin; ez dago argi frankotiratzaile batek tiroz jota, ala bere buruaz beste eginda, egun hartan, erregimentu hartan izandako hildako bakarra bera izan zenez gero. Hasierako eskandaluak gorabehera, ez da gehiegi taularatutako opera bat izan, halere, eta erreskate baten itxura du horregatik Arriaga antzokiak eta Euskadiko Orkestrak elkarlanean egindako ekoizpenak. Ostegunean eta larunbatean taularatuko dituzte munduko lehen gizakien arteko sexu eta mendeku goseak, Bilbon. 19:30ean, ostegunean, eta 19:00etan larunbatean.

Amsterdamgo Dutch National Operak 2021ean egin zuen orain Bilbon ikusgai jarriko duten ekoizpenaren lehen estreinaldia. Calixto Bieitok zuzendu zuen obra orduan, eta hura dabil zuzendari lanetan orain ere —Arriaga antzokiko zuzendari ere bada—. Euskadiko Orkestrak ere hartuko du parte, Robert Treviñoren zuzendaritzapean, eta Annete Dasch, Daniel Schmutzhard, Simon Neal eta John Daszak interpreteek jokatuko dituzte munduko lehen gizakien rolak. Rebecca Ringsten eszenografia, Ingo Kruglerren jantziak, Michael Bauerren argiztapena eta Sarah Derendigerrek zuzendutako ikus-entzunekoak ere izango ditu emanaldiak. Eta ikusleek euskaraz, gazteleraz eta ingelesez proiektatutako testuen bidez irakurri ahalko dute kontakizuna.

Bilbo, lirikaren epizentroa

Arriaga lirikaren abangoardiaren «epizentroa» dela esan du Bieitok operaren aurkezpenean. Bai, behintzat, «Espainiako estatuan». Eta antzokiak ekoitzitako hiru ekoizpen aipatu ditu horren froga modura. Bat: Pier Paolo Pasoliniren obra oinarri hartuta iaz estreinatu zuten Orgia. Bi: asteon taularatuko duten Die ersen Menschen, «Espainiako estatuan lehenengoz taularatuko dena». Eta hiru: Juan Carlos Perez musikagileak Kirmen Uriberen testuarekin sortutako Saturraran euskarazko opera.

«Horrek erakusten du zer egin asmo dugun antzoki eder honetatik abiatuta», ebatzi du Bieitok.

Poza azaldu du Robert Treviño orkestra zuzendariak. «Aspalditik nuen Calixtorekin lan egiteko gogoa. Errespetu handia diot, zuzendari eta pentsalari artistiko modura, eta hau izan da kolaboratzeko izan dugun lehen aukera. Niretzako betetako amets bat izan da».

Inor epel utziko ez duen obra bat da Die ersten Menschen, Treviñoren hitzetan. Haren kalitatea laudatu du, eta hura taularatzeko hartutako erabakia nabarmendu du. «Ez dugu erraza den zerbait aurkeztu, aukera baliatu dugu ezohikoa, bakana eta berria den zerbait taularatzeko».

Eva predatzaile bat

Evaren rolan arituko da Annette Dasch interpretea Bilbon, eta bera da artisten artean 2021eko estreinaldian ere parte hartu zuen bakarra. Gogoratu duenez, ezezaguna zitzaion opera orduan, eta «heavy- heavy-heavya» iruditu zitzaion hasieratik. «Kantatzeko oso zaila da. Denbora gutxi zegoen prestatzeko, eta ez nuen obra ezagutzen. Oso arraroa da hori. Normalean beti dugulako irudiren bat buruan, eta ikusiak ditugu emanaldiak. Jaioberri baten moduan sartu nintzen, beraz».

«Emakume asko taularatu ditut, beti biktimak, eszenan belauniko denbora luze pasatzen dutenak, eta uste nuen pertsonaia hau ere halakoa izango zela, baina oker nengoen».

ANNETTE DASCHOpera abeslaria

Lehen entsegu haietan bizi izandakoaz ere aritu da. Haren hitzetan, entseguz entsegu, eraldatzen sentitu zuelako bere pertsonaia. «Emakume asko taularatu ditut, beti biktimak, denbora luze pasatzen dutenak eszenan belauniko, gizonen bati gora begira, zeintzuk, gainera, maiz predatzaile batzuk izaten baitira, eta uste nuen pertsonaia hau ere halakoa izango zela, baina oker nengoen. Calixto etorri zen, eta ez dakit nola egin zuen, hori delako bere magiaren parte, baina ez zuen ezer esan, eta, halere, entseguetan Eva pertsonaia izan zen predatzaile eta munstro bilakatu zena, desiraz eta hauskortasunez beteta. Asko harritu ninduen horrek, sekula taularatu gabeko rola izan zelako».

Bieitok azaldu duenez, «XXI. mendeko opera bat XIX. mendeko antzoki batean eskaintzea» izan da ekoizpenaren erronketako bat. Orkestra oholtzan bertan jartzea erabaki dute, horretarako. Horixe lortu nahi izan du Rebecca Ringst eszenografoak bere diseinuarekin. Eta, bestalde, emanaldiak iraun bitartean, zuzeneko kamerak ere erabiltzea erabaki du Sarah Derendinger ikus-entzunezko sortzaileak. «Bi kamerari egongo dira eszenan», azaldu du, «bai eta kamera zenital bat ere. Gertatzen ari den guztia ikusi ahalko du ikusleak. 360 graduko diseinua du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.