'Adab'

Adania Xibli idazle palestinarra LiBeraturpreis literatur saria jasotzekoa zen Frankfurteko Azokan, baina bertan behera utzi zuten, haren eleberria «antisemita» zelakoan.

Adania Xibli idazle palestinarra. BERRIA
Adania Xibli idazle palestinarra. BERRIA
2024ko ekainaren 23a
05:00
Entzun

Arabieraz hitz bakarra dute literatura eta etika adierazteko: adab. Frankfurteko liburu azokako polemikaren osteko testuan, Adania Xibli idazle palestinarrak (Galilea, 1974) esanahi bikoitz hori azpimarratzen du. Idazlearen hitzetan, adab hitzak iradokitzen du literaturatik sortu daitekeela bizitzetan baliatzeko etika. Literaturak esan dezake nola jokatu, eta, Xibliren ustez, ez dagokio norberari literaturaren jarduera estuki bideratzea. Erlijioaren eta autoritate politikoaren kasuan ez bezala, adab-aren jaun eta jabea ez da testu, ildo edota idazle bakarra. Estatu edota erlijio erakundeen kasuan ez bezala, literatura ez da inoiz indarkeriaren jatorri, idazleak dioenez. Literatura etika gisa ikusten bada, zerumuga zabaltzen da, besteekin harremanetan ikus dezan nork bere burua, edota norberarengan etxea eraiki daiteke besteen bizipenentzat. Kontraesankorra da aniztasuna eta enpatia defendatzen dituen idazle bati betoa jartzea, baina hala egin zuten Frankfurteko liburu azokan. LiBeraturpreis sarirako aukeratu zuten Xibli, baina, haren nobela laburra Detaile xume bat (2017) antisemita zela leporatuz, bertan behera geratu zen saria, eta bat-batean betoa jarri zieten liburuari eta idazleari Alemanian. Xiblik betoaren harira idatzitako erantzunean dio errealitatea estua denean betidanik literatur irudimenak lagundu diola. Haren hitzetan, idazleek fikzioa idazten dute munduaren zapalkuntza saihesteko; beraz, errealaren eta literaturaren arteko lotura hertsia ezartzea irudimenaren aurkako indarkeria da. 

Zauria idaztea formaren auzia da

Aurten argitaratu da itzulpena katalanez, eta Igelak euskaraz argitaratu berri du, Aitor Blancok itzulia. Booker sariaren azken zerrendan izan zen 2021ean. Hau da, Frankfurteko gertakizuna baino lehen, liburuak bide sendoa egina zuen, eta jasotako harrera kritikoa aparta zen. Besteak beste J.M. Coetzee idazle hegoafrikarrak goraipatu zuen, azpimarratuz narratzaileen izaerek duten norabiderik ezak bideratzen duela azken kolpea kontakizunean. Badute bi idazleek zerikusirik: bai Coetzeek eta bai Xiblik traumatik idazten dute, eta min horrek kolokan jartzen ditu forma konbentzionalak. Traumaren errepresentazioa hitzaren eta esanahiaren arteko zaurian datza bien lanetan. Betoak estali egiten du Xiblik goi mailako literatura idazten duela.

Aurrenengo atalak hizkuntza militarra du, izenik gabeko militarrak kontatua, distantzia mantenduz, dena kontrolpean. Elipsia maisuki erabiltzen du atal horretan. Logika militarraren ikuspegitik deskribatzen da beduinoen basamortua 1949. urteko hiru egunetan. Ez dago ezer basamortuan, eta bertakoek ez daukate ezer galtzeko. Egitasmo kolonialak beti azpimarratzen ditu bertakoen gabeziak, zeinak kolonizatzaileek beteko dituzten. Hala ere, lehen atalean hizkera militarraren zirrikitutik hotsak eta usainak, naturaren logikak iraultzen dute ordena koloniala. Komandoan dauden partaideek neskato arabiarra banaka bortxatuko dute, baina talde bortxa ez da esplizituki irudikatzen, xehetasun txikien bidez baizik. Basamortua espazio irekia izan arren, testuan oso eremu klaustrofobikoa da. Alde batetik, lan honetan ez dago trauma pornorik, etikoki lantzen da nola irudikatu bestearen sufrikarioa. Bestetik, xehetasun txikiak, zaratak, usainen garrantziak badu zerikusirik erasoa jasaten duenaren esperientziarekin. Sarri bortxatua izan denak detaile txikiak gordetzen ditu, eta ez gertakizunen sekuentzia orokorra eta logikoa. Gerraren testuinguruan bortxaketa, tortura bezala, tresna militarra da. Amnesty International erakundeko 2004ko txostenean oso argi azaltzen da bortxaketa gerraren arma dela, sistematikoki erabili ohi dena. Logika militarraren arabera hausnartzen duen heinean, ez dago antisemitismorik arrastorik; logika horri jarraituz, Vietnamgo gerrari buruzko film guztiak kantzelatu beharko lirateke.

Errepresentazioaren etika ere bada nobelaren mamia. Ezin da biktimaren lekua hartu, agian zeharka bakarrik idatz daiteke trauma historikoaren palinpsestoaren mapa den lurraldean. Traumaren galerak hizkuntzaren galera ere badakar. Horregatik, bigarren atala izenik ez duen emakumezko palestinar batek kontatzen du. 1949an bortxatu eta hil zuten neskatoaren istorioa ikertu nahi du, detaile xume bategatik, bere urtebetetzea baino 25 urte lehenago gertatu zelako. Narratzaileak arazoak ditu gauzen mugak ikusten, eta badaki mugen artekoari arreta ez jartzeak arriskua dakarrela. Bi emakumezkoen arteko hari historikoek figura moduko bat osatzen dute, zeruan hondo ilunean izarrek irudi bat osa dezaketen moduan.

Genozidio oro da kulturala

Adania Xiblik oso solasaldi aberatsa izan zuen Michael Marder Ikerbasqueko filosofoarekin, ekainaren 5ean Gasteizko Artium museoan. Idazleari, haur zela, txundigarria iruditu zitzaion eskolarako eskuratu behar zuten atlasean begiratu eta Palestina herrialde gisa bertan ez izatea.

Joseba Sarrionandiak kartografiaren zereginari buruz zera zioen Hitzen ondoeza liburuan: «Mapak, munduaren parte batzu erakusteko eta beste batzu ezkutatzeko egiten dira». Estrella de Diego arte historialariak Contra el mapa saiakeran (Maparen kontra) erakutsi du mapak ez direla inolaz ere neutralak, eta geografiaren etimologia, munduaren idaztearena, jarraituz, historia historia denetik, irabazleek idatzi dutela mundua. Xiblik aipatu zuen Israelen arabiera xuxurlatuz hitz egiten dela. Zer-nolako eragina ote du xuxurlatzen den hizkuntza batean idazteak?

Liburutegiak, unibertsitateak, museoak eta arteguneak suntsituz, palestinarren kultur transmisioa ere eteten ari dira. Genozidio oro da kulturala. Apirilean, Gazan, Xababeek arte garaikidearen gunea txikitu zuen armada israeldarrak; erasoan 20.000 artelan galdu ziren. Xibli elkarlanean aritu ohi da artegunearekin, eta Artiumen bertan haren galera deskribatu zuen. Agerikoa zen egungo egoeraz hitz egitea latza egiten ari zitzaiola Xibliri; hala ere, Euskal Herriko arte garaikideari eskainitako museoan zehazki azaldu zuen Gazako beste museo garaikide bati gertatutakoa. Haren hitzek oihartzun berezia zuten museoren testuinguruan. Xibliren kontakizunaren arabera, hondamendiaren ondoren, kazetariek museoaren buruari galdetu ziotenean ataka gaizto horretan beharrezko zer ote zuen, bi gauza besterik ez zuela behar erantzun zuen museoko arduradunak: maitasuna eta esperantza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.