Maddi Ane Txoperena Iribarren. Idazlea

«Abusuen gaia landu ahala, jende asko hurbildu zait 'ni ere bai' erratera»

Umetan jasandako sexu abusuek uzten duten marka psikologiko sakona aztertu du Txoperenak 'Ez erran inori' eleberrian, bere ibilbideko bigarren fikzio lan luzean.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Inigo Astiz
Andoain
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Sexu-abusu kasu adina modu daude haiei aurre egiteko, eta Liderena da horietako bat». Bere bigarren fikziozko laneko protagonistaren izenarekin borobildu du haurren aurkako sexu erasoen errealitateari buruzko gogoeta Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetari, bertsolari eta idazleak (Hendaia, Lapurdi, 1994). Eta ez kasualitatez. Egia zail horrengainean eraiki du bere fikzioa, eta, ondorioz, pendulu horretan dabil Ez erran inori eleberria (Elkar).

Lurpean bezala dago beti sexu abusuen gaia. Kazetaritzak ere konta dezake, baina puntu bateraino bakarrik. Fikzioak lagundu dizu harago joaten?

Nik uste dut, orokorrean, literaturak laguntzen duela beste modu batera esplikatzeko zailak diren gauza batzuk esplikatzen. Izan daitezke giza harremanen ingurukoak edo beste batzuk, eta sexu abusuen gaiarekin ere lagundu dezake; are gehiago, hain konplexua izanik.

Save the Children erakundearen ikerketa baten kalkulua dakar liburuak: bost haurretik batek jasan ditu sexu erasoak.

Eta nesken kasuan, handiagoa da kopurua. Horrek erran nahi du zure inguru hurbilean jende pila batek bizi duela hori. Sexu abusuen ezaugarrietako bat da isiltasuna. Sexu abusu bat bizi duzunean, gerta daiteke amnesia garai bat garatzea. Bizi izandakoa gogorregia da, eta haurrak mekanismo hori erabiltzen du bere burua babesteko. Ikerketa batzuek diotenaren arabera, erasotzailea zugandik zenbat eta gertuagokoa izan, adibidez, zure aita edo anaia baldin bada, orduan eta luzeagoa izaten da amnesia garaia. Ustez gehien babestu behar zaituen pertsonak egiten dizu mina, eta hori ulertzeko oso zaila da, eta, gainera, erasotzen dizuten pertsona horiek behar dituzu, ezin duzulako haiengandik ihes egin, eta, beraz, buruak amnesia baliatzen du, bizirauteko. Eta horretaz aparte, amnesia garatu edo ez, sexu abusuak jasan dituenak erruduntasuna eta lotsa sentitzen ditu maiz, eta horrek eragiten du zer gertatu zaion ez kontatzea. Nola kontatuko dut zerbait hain moralki zikina, gainera, errua neure buruari botatzen badiot? Ez dira kontatzen, azkenean, eta erasotzaileak erabat zigorgabe geratzen dira.

Esparru intimotik kanpo ez dira erasotzaile ere.

Lehen aipatu dugu estatistika, bortzetik bat, eta are gehiago nesken kasuan; horiek dira erasoa jasan dutenak, baina horrek erran nahi du, halaber, erasotzaile pila bat dagoela inguruan. Gehienak izaten dira aita, anaia, lehengusua edo bizilaguna. Horregatik da hain zaila isiltasuna urratzea, horrek eskatuko lukeelako gure barrura begiratzea, bai erasoaren jasaile moduan, eta bai erasotzaile moduan ere.

Lidek ere, liburuko protagonistak, bere burua zigortzen du bere oroitzapenek familiaren udako argazki eder bati darion zoriona suntsitzen dutelako.

Sentsazioa du, kontatzen baldin badu, berak puskatuko duela familia hori, eta ez erasoa egin zionak. Liburuan kontraerran hori ere agertzen dela erranen nuke: badirelako haurtzaroko pasarte asko politak direnak, eta benetan direnak politak eta alaiak, baina, aldi berean, badagoelako eraso hori hor. Horrek kontraerran bat sortzen dio Lideri, ezin duelako ulertu nola den posible momentu onak egotea, eta momentu on horietan egotea eraso zion pertsona.

Gradazio hori asmatzea izan da akaso zailena? Erasoaren oroitzapena erabat presente eginez gero, protagonista biktima huts bihurtzeko arriskua zegoen, eta, era berean, ezin zenuen gertatutakoa minimizatu ere.

Erasoak izan diren haurrak bortzetik bat izate horrek erakusten digu edozeinek bizi izan ditugula sexu abusuak, eta horrek talka egiten du biktimaren iruditeria eraikiarekin. Ematen du horrelako zerbait bizi izan duzunean egon behar zarela hondoratua, bakarrik hori gertatu zaizula bizitzan, eta Lideri hori gertatu zaio, baina bertze gauza pila bat ere bai. Badauzka lagunak, badauka lana, eta baditu bere gauzak, eta saiatu naiz pertsonaia eraikitzen beste edozein pertsona balitz bezala, bere alde on, txar eta kezka lurtarrekin.

Lehen kapituluan bertan kontatzen da abusu bat.

Lehen kapitulua da idatzi nuen lehenengo gauza, eta gero zalantzak izan nituen, ze lehenengo momentutik kontatzen baduzu abusua bera, igual istorioa eror daiteke. Baina, aldi berean, iruditzen zitzaidan ezetz, ze ez zait hain inportantea iruditzen zehazki zer gertatu zitzaion umetan; gertatu zitzaion horrek zer sortu dion nahi nuen kontatu.

Nolakoa izan da dokumentazio lana?

Irakurri ditut gaiari buruzko liburu teorikoak, baita gaia landu duten literatur lan batzuk ere, kantuak, podcastak... Eta hurbilean izan dudan jendea ere izan da beste iturrietako bat. Parte hartu nuen gaiaren inguruko tailerretan, eta, gero, gaia landu ahala, hurbildu zait jende pila bat «ni ere bai» erratera, eta liburua ateratzean ere bai. Hor ikusten duzu gutxien espero duzun pertsonak ere bizi izan dituela horrelako kontuak, eta horrelakoetan ikusten duzu gaia aipatzearen garrantzia. Orduan hasten zaizu jendea kontatzen, eta beharra dago konpartitzeko.

Flotazio lerroaren muga-mugan dabil liburuko protagonista. Hondoratzear egotetik ateratzear egotera arteko tarte estu horretan etengabe.

Nik uste dut egiten duela ahal duena, inguruan dauzkan baliabideekin eta berak dauzkan gaitasunekin. Laguntzen dioten gauzek, aldi berean, kalte egiten diote. Droga, adibidez, momentu batean izan daiteke aterabide bat, burua kargatua daukalako eta porro bat erretzeak lasaitzen duelako, baina azkenean ez da soluzio bat. Gero hasten da harremanean Hugorekin, eta Hugo da pertsona bitxi bat, aldi berean, lagundu eta kalte egiten diona. Ez nuen nahi soluzio final bat egoterik; bat-batean ez dakit zer egiten du eta bukatu da problema. Ez dut bat egiten halako zerbait gertatzen bazaizu hondoratuta egon behar duzula dioen biktimaren iruditeria horrekin, baina halako zerbait gertatzen zaizunean, izanen da zerbait bizitza osorako markatuko zaituena, eta sekula erabat konponduko ez dena.

Musika asko du liburuak. Etengabeak dira kanta jakin batzuei egindako erreferentziak.

Lideri laguntzen dioten beste elementuetako bat da musika. Eta gero, hor dago bere katua, laguntzen diona presentzia gisa. Azkenean, bakardadean dago Lide, eta bere burua bakartzera jotzen du daukan minagatik, eta bilatzen duen aterabide horietako bat musika da.

Hain justu, solaskide modura darabiltza kanta horiek askotan.

Uste dut nahi gabe bezala atera zitzaidala. Hasi nintzen pasarte batzuk sartzen, eta gero pentsatu nuen izan zitekeela baliabide bat liburu osorako.

Pertsonaia bezala, bere lekuaren bila dabil narratzailea ere: lehen pertsonatik bigarrenera eta hirugarrenera saltoka.

Marguerite Durasen Maitalea liburutik hartu nuen hori. Pertsonaiaren nondik norakoak barrutik kontatzen ditu batzuetan, eta kanpotik beste batzuetan, eta nik neukan sentsazioa kontatzen zuela dena eskuetan kamera bat izanen balu bezala. Gustatu zitzaidan, eta iruditu zitzaidan baliagarria zitzaidala niri ere, batzuetan kontatzeko Lidek barrutik bizi duena, eta beste batzuetan kontatzeko kanporagotik, eta baita ere kontatzeko berak piztia deitzen duen horrena, gorputzaren barrutik bezala.

Bertsolaria ere bazara. Elkarren lagungarri dira bi alorrak?

Nahiko aparte bizi ditut. Bakoitzak dauka bere logika propioa, bere alde on eta txarrekin. Bertsolaritza gustatzen zait, bat-batekoa delako eta ez daukazulako hainbeste denborarik pentsatzeko, eta, beraz, onartzen zaizulako huts egiteko eskubidea. Eta literaturak denbora gehiagoko lanketa eskatzen dizu, eta, beraz, ematen dizu aukera gauzak sakonago lantzeko, baina, aldi berean, badirudi, denbora asko pasatu duzunez, ongi egin behar duzula.

Eta kazetaritza?

Oso presente daukat denbora guztian gauzak ulergarri egin nahi ditudala, eta hori uste dut kazetaritzatik datorkidala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.