Artea

Abstrakziorako bide banatan

Kurioski urte berean hil ziren orain 80 urte arte abstraktuaren aitzindaritzat jotzen diren bi artistak: Wassili Kandinski eta Hilma af Klint. Kandinskik jaso du aitortza, baina jakina da Af Klintek hark baino lehenago ere sortu zituela lan abstraktuak.

Hilma af Klinten mi margolan, iaz Londresko Tate museoan zabaldutako erakusketa batean. NEIL HALL / EFE
Hilma af Klinten mi margolan, iaz Londresko Tate museoan zabaldutako erakusketa batean. NEIL HALL / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko urriaren 5a
05:45
Entzun

Wassili Kandinski margolariak (Mosku, 1866-Paris, 1944) 1935ean bere orduko New Yorkeko galeristari bidalitako gutuna sarri ekarri da gogora arte abstraktuaren sustraiei erreparatzeko. Artista bere akuarela batez mintzo zen eskutitz hartan, eta zera idatzi zuen, besteak beste: «Zalantza izpirik gabe, hau da lehenbiziko margolan abstraktua munduan (...), bestela esanda: koadroa historikoa da guztiz». Hala, pintura abstraktuaren aitzindari totala izendatu zuen bere burua Kandinskik. Margolan hura sinatua dago —Kandinsky soil batez—, eta 1910 bat du ondoan, data adierazteko. Ordurako, baina, Hilma af Klint margolari suediarrak eginak zituen Tenplurako pinturak izeneko serieko pieza gehienak, abstraktuak denak; 1912ra arteko lanak daude bilduma horretan, baina lehenbizikoak 1906an datatuak dira. Dena dela, bildumak jasotzen zuena apenas atera zen argitara 1964. urtera artean. Artistak propio eskatu baitzuen bere lanak ez zitezela erakuts bera hil eta hogei urte iragan arte, eta, hala, itzalpean izan zen hark abstrakziora eginiko saltoa, beste batzuek arte sistemaren aitortza jaso bitartean. 1944an zendu zen Af Klint, eta, kurioski, 1944an hil zen Kandinski ere. Gaur egun, ordutik laurogei urte joan diren honetan ere, bataren eta bestearen famak ez dira pareko inondik ere.

Af Klint Solnan jaio zen (Suedia), 1862an eta maila sozioekonomiko aski handiko familia batean. Horri esker erdietsi zuen etxetik kanpo hezkuntza jasotzea, eta, besteak beste, Arte Ederretan matrikulatzeko aukera izan zuen, Stockholmgo unibertsitatean. Funtsean, familiaren klase sozialak eman zizkion hainbat abantaila gizarteko beste talde batzuekin konparatuta. «Adibidez, horregatik, faktore hori aintzat hartzeko adibide bikaina iruditzen zait Af Klint», azaldu du Haizea Barcenilla arte kritikari eta irakasleak.

Urteak dira Barcenillak liluraz begiratzen diela Af Klintek garaian eginiko bideari eta utzitako ondareari —«maitemin berezia diot»—, eta, artistaren hastapenak gogora ekartzeko eskatuta, ziztuan nabarmendu du hari mesede egin zion beste elementu bat. «Emakumeak, jakina, oso baztertuta zeuden XIX. mendean, baina, pixkanaka, egoera aldatzen hasi zen batzuentzat, eta aldaketa hori bereziki nabarmena izan zen Suedian. Horri esker, ikasi ez ezik, ikaskide eta lagun emakume asko ere izan zituen ondoan Af Klintek». Egun jakinekoa denez, margolariak beste lau lagun artistarekin —emakumeak denak— egin zituen hainbat urrats pintura abstrakturantz, De fem (Bostak) izeneko taldean batzartuta.

Hilma af Klinten bi margolan, iaz Londresko Tate museoan. NEIL HALL / EFE
Hilma af Klinten bi margolan, iaz Londresko Tate museoan. NEIL HALL / EFE

Baina Af Klint ez zen hasieratik izan margolari abstraktua. Naturalismoaren korrontekoa zen, tradizioari lotua, eta haren lanetan ohikoak ziren paisaiak eta marrazki botanikoak. Urteetan, halakoak pintatzea eta saltzea izan zuen ogibide. «Ordukoak ez dira pintura inpresionistak, baina izan litezke aurreinpresionistak», zehaztu du Barcenillak. Dena dela, argiki dio abstrakzio izpirik ez zela horietan, figuratiboak zirela guztiz.

Medium eta margolari

Nolatan egin zuen, hartara, bat-batean abstrakziora jauzi Af Klintek? «Esoterismoak erakarrita», erantzun du duda izpirik gabe Barcenillak. Baina berehala ohartarazi halakoxea dela Kandinskiren kasua ere, hain justu: «Biak ziren teosofoak». Horra bi artisten lanak lotzen dituen beste hari bat, eta, Barcenillaren ustetan, ez da harritzekoa batere, XIX. mendearen azken laurdenetik aurrera «izugarrizko indarra» hartu baitzuen korronte horrek, oroitu duenez. «Zabaldu baitzen ikusezinak ziren uhinen bitartez gauzak transmititzea posible zelako ideia, eta posible zelakoa materiaren beste aldean ezkutatzen zena ikustea».

Edonola ere, bai Af Klint eta bai Kandinski, biak esoterismoan murgilduta izanik, arte sistemak ez die berdin erreparatu bataren eta bestearen jardunei. Gizona zen bata, emakumea bestea. Af Klinten kasuan, inoiz, artistaren meritua apalarazteko argudio gisa baliatu da izpiritualtasuna. Barcenillak esplikatu du: «Ez zen inola ere nahasten sorginkeria akusazioekin, baina batzuei balio izan zien esateko Af Klint ez zela berez pintatzen ari; alegia, esateko bitartekaria zela, baina ez zela ari bere izenean».

«[Esoterismoa] ez zen inola ere nahasten sorginkeria akusazioekin, baina batzuei balio izan zien esateko Af Klint ez zela berez pintatzen ari; alegia, esateko bitartekaria zela, baina ez zela ari bere izenean»

HAIZEA BARCENILLAArte kritikaria eta irakaslea

Izan ere, medium gisara aritu bitartean egiten zituen askotan marrazki abstraktuak, trantzean zenean gauzatuz marrazketa automatiko deritzona. Zeinuz eta kolorez beteriko koadro handiak sortu zituen, gehienbat, eta artista bera ere sinetsita zegoen «beste aldeko zerbaitek gidatuta» aritzen zela. Esaterako, honela kontatu zuen: «Koadroak zuzenean izan ziren nire bitartez pintatuak, atariko marrazkirik gabe eta sekulako indarrez. Ez nuen arrastorik ere zer irudikatzen zuten pintura horiek, eta, halere, laster eta seguru jardun nuen, pintzelkada bakar bat ere aldatu gabe».

Oso bestela mintzo zen Kandinski bere buruaz, eta izpiritualtasuna eta pintura korapilatzeaz, eta horrek hasiera-hasieratik sendotu zuen haren sona. «Oso autore kontzientea zen», esan du Barcenillak.

Arte sisteman mugitzea

Kandinski hasieratik izan zen estilo abangoardistako artista. «Hartzen zituen Errusiako paisaiak eta kondairak, eta pintatzen zituen modu sinbolikoan, nahiko primitiboan. Tematua zegoen, zioenez, erroetatik aterako zen pintura bat egitera», kontatu du Barcenillak. Margolan espresionistak egin zituen urteetan, batez ere Zaldun Urdina izeneko mugimenduan zelarik, eta, apurka, ekin zion, besteak beste, pintura bera lehenesteari gaiaren gainetik; formak eta koloreak gailendu ziren haren obran, eta figuraziotik ere urrundu zen azkenerako. Bide jakin bat hartuta ailegatu zen abstrakziora, finean. Eta hori ere bada alde handi bat, Af Klintekin konparatuta. Barcenilla: «Af Klintek egun batetik bestera egin zuen saltoa, eta, berriz, Kandinskirena izan zen logikoagoa, nolabait».

ITALIA ARTE
Wassili Kandinskiren IV. konposizioa (1911) izeneko obra. UDINEKO ARTE MODERNOAREN MUSEOA

Hasieratik jaso zuen babesa, gainera. Adibidez, hasi zenerako abstraktua pintatzen, irakasle zen Municheko arte zentroan, «eta autoritatea zuen», zehaztu du Barcenillak. «Genero aldagaia ere sartzen da honetan, baina esan beharra dago ego artistiko indartsukoa zela Kandinski».

Oroitu duenez, Kandinskiren helburuetako bat beti izan zen erreferentziazko artista bilakatzea, eta dago horretarako idatzi zuela Espiritualtasuna artean printzipio artistikoei buruzko saiakera ere, adibidez. Baina harago ere eraman zuen estrategia. «Oso azkarra izan zen, egon zen orduan zeuden Europako arte zentrorik inportanteenetan. Horrek erakusten du zer abantaila den jakitea arte sisteman mugitzen; eta, horretan, gizonek erraztasun handiagoa dute, genero irakaskuntzagatik. Kandinski, horretan, Picasso bat izan zen».

«Kandinskiren kasuak erakusten du zer abantaila den jakitea arte sisteman mugitzen; eta, horretan, gizonek erraztasun handiagoa dute, genero irakaskuntzagatik. Kandinski, horretan, Picasso bat izan zen»

HAIZEA BARCENILLAArte kritikaria eta irakaslea

Eta, bien bitartean, arte sistemaren periferian baizik ez zen izan Af Klint. Esaterako, sekula ez zen izan Parisen —artearen hiriburu kontsideratua XIX. eta XX. mendeetan—, eta apenas zeukan kontakturik mundu horretan. Bakarrenetarikoa: Rudolf Steiner pentsalari eta esoterista. Gizon boteretsua zen Steiner, baina ez zuen batere babestu haren margotzeko manera. Kontrara, nabarmen gutxietsi zuen.

«Steinerrek eraman izan balu Londresera, lagundu izan balio erakusketak egiten...», hasi da Barcenilla egoera hipotetikoa irudikatzen. Ez zen gertatu halakorik, eta, are, hain zuzen ere Steinerrek konbentzitu zuen Af Klint ez zezan eginiko obra inon plazaratu, argudiatuta gizartea ez zegoela prest halakorik ulertzeko. Zehazki, gomendatu zion itxoin zezala behintzat hil eta 50 urte pasatu arte. Azkenean, Af Klintek hogei urtera murriztu zuen epea; honela adierazi zion —soilik ahoz— iloba Erik af Klinti, eta izebaren desioa bete zuen hark.

Lehia bazter utzita

Edonola ere, pintura abstraktuak lehenbiziko aldiz nork egin zituen nabarmentzearekin ez da konforme Barcenilla. «Okerreko galdera egitea da hori. Artearen historiaren ikuspegitik, interesatzen zaiguna ez baita nor iristen den lehenago leku batera», argudiatu du, zorrotz. Sinetsita dago interesgunea beste bat dela: «Galderak behar luke: nola liteke? Edo, zergatik?». Izan ere, dioenez, aztertu beharko litzatekeena da ea nolatan egin zuten zenbait artistak garai bertsuan abstrakziora; zer gertatzen zen orduan, jakinik izan zela nolabaiteko motorra bestelako bideak bilarazteko. Galdera gehiago ere erantsi ditu Barcenillak: «Nola liteke leku antzekoetara ailegatzea Stockholmen —arte sistema nagusiarekiko lekutan dagoen toki batean— dagoen emakume bat eta Municheko arte zentro garrantzitsu batean dagoen artista gizon eta ordurako ezaguna?».

Finean, sakoneko faktoreei so egiteko deia egin du Barcenillak, eta bien lana —Kandinskirena zein Af Klintena— aitortzeko aldarrikapena. «Biek ekarri baitzituzten gauzak, bide diferenteetatik».

Euskal Herrian, besteak beste, Bilboko Guggenheim museoak Kandinskiren ibilbide artistiko osoa biltzen zuen erakusketa hartu zuen 2020ko udazkenean —62 sortzaileren lanak ziren hor—. Af Klinti dagokionez, haren lanetako batzuk ikusgai izan ziren, museo horretan bertan, 2021ean irekitako Emakumeak abstrakziogile bilduma kolektiboan, baina hilabete honetan bertan izanen da aurrenekoz osoki hari eskainitako erakusketa bat: Hilma af Klint. Urriaren 18an irekiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.