Menchu Gal margolariari (Irun, 1919-Donostia, 2008) «azalekoak» iruditzen zitzaizkion margolan abstraktuak. «Arte mota hori esnobentzat zela eta pose bat besterik ez zela esaten zuen», argitu du Edorta Kortadi arte kritikariak. Galek «mamia» bilatzen baitzuen bere obran. Bere garaiko Frantziako eta Espainiako abangoardiako arte korronteetatik edan zuen, eta kubismoak ez bezala, fauvismoak «bizirik» sentiarazi zuen. «Bat egiten zuelako bere nortasun indartsuarekin, bizitasunarekin eta alaitasunarekin. Menchuk arnasten zuen bezala margotzen zuen».
Alaitasun hori, margotzeko modu bizi hori Donostiara, Kursaaleko Kutxa-Kubo aretora, eraman dute, eta Kutxa Fundazioak, Irungo Udalak eta Menchu Gal Fundazioak Menchu Gal. Madril eta Paris artean erakusketa antologikoa atondu dute. Kuboko «udako erakusketa» izango da, Kutxako ordezkarien esanetan, eta 30 bat mila bisitari espero dituzte. Irailaren 1a arte egongo da zabalik.
Erakusketan 107 lan bildu dituzte, Galen ibilbideari gainbegiratu kronologiko bat emanez. 70 olio daude, hamahiru akuarela, hamabi akuaforte, bederatzi marrazki, bi litografia eta eskultura bat. Lan horietako 88 dira Galenak, eta beste hemeretziak, berriz, haren ibilbidean eragina izan zuten edo harekin harreman estua eduki zuten autoreenak dira. , Aurelio Arteta, Pablo Picasso, Henri Matisse, Marie Blanchard, Oscar Dominguez, Salvador Dali, Carmen Laffon eta Benjamin Palenciaren margolan bana dago zintzilikatuta aretoko paretetan, besteak beste. Galen obra «testuinguruan» kokatzeko balio dutelako aukeratu dituzte artista eta margolan horiek. «Ez ditugu jarri jartzeagatik», argitu du Kortadik, erakusketaren komisarioak.
Margolanek elkarren artean daukaten lotura «sintagmatikoagatik» edo «paradigmatikoagatik» ordenatu dute; «lanek elkarren artean daukaten hurbiltze sintaktikoagatik edo elkarren artean jartzeak sortzen duen kontraesanagatik». Beraz, erakusketara joaten denak, esaterako, izadi hil kubista baten ondoan Laffonen izadi hil errealista bat dagoela ikusiko du.
Ferdinand Legerren margolan bat ere ikus daiteke, adibidez. Ia nerabea zenean ezagutu zuen Galek Leger. Gaspar Montes Iturriozekin hartu zituen lehen eskolak, eta 13 urterekin Parisko Amedee Ozenfant akademiara joan zen ikastera. Han irakasle izan zuen Leger. «Ez zituen oso gogoko orduan egindako lanak. Legerren estilo bitalista eta Ozenfanten kubismo garbizalearen artean mugitu zen sasoi hartan». Kortadiren ustez, Galek pentsatzen zuen egile kubistak filosofia existentzialistaren fruitua zirela. Eta existentzialismoa «ez zuen gogoko» filosofia gisa. «Haren eraginpeko margolanak intelektualak, hilakzirela iruditzen zitzaion.
Pinturako sari nazionala,
Garai bertsuan deskubritu zituen Matisse eta fauvismoa. «Ukitu espresionista eman zion fauvismoari». Madrilgo Arte Ederretako San Fernando Eskolan jarraitu zuen ikasten, eta Artetaren eskolak ere jaso zituen. 1936an, Espainiako gerra piztu zenerako, margolari irundarrak eginak zeuzkan hainbat erakusketa; Madrilen, Bilbon eta Donostian, esaterako.
1936ko gerra lehertu zenean, Frantziara ihes egin zuen familiarekin, eta 1945ean Madrilera joan zen. Han beste hainbat margolari gazte ezagutu zituen, hala nola Palencia, Pancho Cossio, Rafael Zabaleta... Ordurako bazeukan izen bat. 40ko eta 50eko hamarkadetan erakusketa ugari egin zituen bai Espainian, eta baita Euskal Herrian ere, eta 1947an Espainiako Arte Garaikidearen Erakusketan parte hartu zuen, Buenos Airesen (Argentina). 1950 eta 1956an, Veneziako Biurtekoan jarri zituen ikusgai bere margolanak, eta 1959an, Espainiako Pintura Sari Nazionala irabazi zuen lehen emakumea bihurtu zen.
Segitu zuen mundu osoan margolanak ikusgai jartzen, erakusketak egiten, eta 2003ean, jaioterrira itzuli zen. «Euskal Herriko artistekin harreman maitekorra eta nabarmena eduki zuen beti». Jorge Oteizarekin, Eduardo Txillidarekin, Gaspar Montesekin, Rafael Ruiz Balerdirekin, Jose Grazenearekin, Vicente Ameztoirekin... «Aitortzen zuten Galen lana». Margolari irundarrari, ordea, «azalekoa» iruditzen zitzaion abstrakzioa. «Eta 70eko eta 80ko hamarkadetako eskulturan eta pinturan hori zen nagusi Euskal Herriko egileen artaen». Galek, aldiz, «edukia» behar zuen. «Irudiek ematen zioten behar zuen bazka», eta horrekin sortzen zituen izadi hilak, paisaiak, erretratuak...
Kortadik lau arotan banatuko luke Galen ibilbide artistikoa. Hasieran «naifa eta xaloa» zen. Gero, 1940tik 1960ra bitartean, «kubismo sintetikoa» landu zuen. Eta horren ondotik, Matisseren eta Kees Van Dongenen «espresionismo fauvistak» eragin zion. Azkeneko urteetan hasierako «errealismo naifa» besarkatu zuen atzera. «Haren pintura beti izan da egiazalea, benetakoa eta koloretsua». Egile «emankorra» zen, eta, oraingoz, mila olio katalogatu ditu haren izena duen fundazioak.
Galen lanak Iruñean, Valentzian, New Yorken eta Bilbon jarri dituzte orain dela gutxi. Donostiako erakusketari buruzko katalogo bat ere kaleratu dute antolatzaileek —proiekzio gelan Menchu Gal. Kolorearen indarra /Un espíritu libre hamabi minutuko dokumentala ikus daiteke—, eta, gainera, abstrakzioari mamia nahiago zuen artistari buruzko jarduera paraleloak antolatu dituzte.
Abstrakzioari mamia
'Menchu Gal. Madril eta Paris artean' erakusketa antologikoa zabaldu dute Kursaalean, Kutxa-Kubo aretoanPicasso, Dali eta Matisseren lanak ere bildu dituzte, irundarraren obran eragin zutelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu