Absentzia baten triptikoa

Hasier Larretxeak bosgarren poema liburua aurkeztu du: 'Ihes baten lausoa'. Balea Zuria argitaletxearekin plazaratu du. Duela hamar urtetik hona idatzitako 50 poema hautatu ditu

Hasier Larretxea, atzo, Donostiako Udal Liburutegiko atarian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Ez gara joan ginen haiek./ Oinaren neurriak dira testigu.// Itzulerei esker,/ topa egitean,/ elkarri ukatutako maitasun keinuak/ edalontzien erreflexuan islarazten/ ikasi dugu». Hasier Larretxeak poema bat ahots gora irakurri du Ihes baten lausoa liburu berriaren aurkezpen ekitaldian, tonua eta gai nagusia erakustearren. Atzo arratsaldean errezitala egin zuen Donostiako Tobacco Days liburu dendan, eta gaur Donamariako Bentan (Nafarroa) egingo du 19:00etan.

Larretxearen bosgarren poema liburuak 50 pieza dakartza, hiru ataletan pausaturik, triptiko baten gisan. Balea Zuria argitaletxeak plazaratu du. Aritz Gorrotxategi editorearen ustez, «bitxia eta berezia» da Larretxearen kasua. «Gure letretan euskaraz eta gaztelaniaz, bietan, bidea egin du. Madrilera bizitzera joan zenean gaztelaniaz idatzi arren, beti segitu du euskaraz ere». Aurreko liburuetan badiren zenbait gai eta forma berriro ekarri dituela ohartarazi du editoreak: «Hiru ataletan banatuta dago; lehenengoa existentziala da agian, baina bigarren eta hirugarren ataletan bere paisaiara bueltatzen da, Baztan ingurura, hain ondo ezagutzen dituen bere bazterretara. Iruditzen zait prozesu horretan ikusten dela berradiskidetze bat, batzuetan samina eta beste batzuetan gozoa den itzultze bat, gogoratze bat eta zauriak sendatzea».

Etxera itzultzea

Balea Zuriarekin lan egitea aberasgarria izan dela adierazi du Larretxeak. «Iraganean faltan bota izan dudan lanketa bat egin dugu oraingoan, edizio lan bat. Iradokizunak eta proposamenak izan ditut, eta horrek lortu du ere ni liburuarekin konektatzea».

Imanol Larrinagak egin du azaleko irudia, eta Larretxeari iruditu zaio asmatu duela poema bildumaren arima jasotzen: «Liburuko hirugarren eta azken atalean, Irudien koreografia lausoa izenekoan, familia albumeko argazkien bitartez ahanzturari, memoriari eta denboraren iragankortasunari buruz gogoeta egiten dut. Eta naturaren iruditeria presente dago: sinbolismoa, absentziaren edo ihesaren metaforak, neguaren eta elurraren erreferentziak. Liburuaren muina egoki islatzen du Larrinagaren irudiak».

Musikarik gabe idazten ez dakiela aitortu du Larretxeak. Musika erreferentziak eman ditu liburuan. «Olafur Arnalds islandiarraren Epilogue kantuarekin hasi naizela ohartuko da irakurlea, ezer baino lehen. Kantu ezberdinetatik tiraka idatzitako poema batzuk badira orriotan». Aipatuta datoz Baionako Orbel taldearen Hegan diskoa, edo Renaldo & Clara talde kataluniarraren Rodones kantua azken atalean, edo Glaukoma azken poeman.

Abendu honetan hamabost urte beteko dira bizitzera Madrilera aldatu zela Larretxea. «Euskaraz idaztea niretzat etxera itzultzeko aitzakia ederra da. Horri buruz ere mintzo naiz liburuan. Badu izpiritu zikliko bat, bideak hestekoa, joan-etorriko bidea egitekoa».

Ilunetik argira

Iraganetik abiatu du liburua, 2011n argitaratutako Atakak liburuan sartu ez zituen poema batzuk berritu eta eraldatu egin baititu. «Lehenbiziko atal hau, beraz, iluna da, girotzean hertsia». Asfixiaren atzaparra lur zimurtuan izena du. «Bilaketa baten testigantza dago, eta inguruak ito egiten duen egilearen arnasa. Belaunaldiaren eta genealogiaren zama dute, hein batean».

Bigarren ataletik aitzina liburua argitzen hasiko da, denboran ere aurrera egin ahala. «Irekitasuna aurkituko du irakurleak». Iraganaren puskak esku ahur zartatuetan deitzen da. «Hemen laburragoak dira poemak. Sintetizatze prozesu bat nabari da, arintzea. Fintasuna eta argitzea dira ezaugarriak. Bertsoak ez dira hain bortitzak, ez dira hain dentsoak». Sorterriarekin solasaldi bat hasiko du pixkanaka, hirugarren atalera gidatuko duena.

«Atal zirkularra da hirugarrena. Poemak irudi eta argazki sekuentzia batzuetatik etorri dira. Hauxe da argitsuena». Denboraren igaroaz ari da, eta gibelean utzitako espazioei, pertsonei eta elementuei buruz. «Herriko istorioak ageri dira. Familia dago: ama, eta senarra. Herrira nola itzultzen naizen ere kontatzen dut. Eta argazkien bitartez gogoeta egiten dut». Azken urteetan idatzitako poemak dira: «Argitze bat dago, eta josteta. Laburbilduz, beraz, erran dezadan ihes baten eta absentzia baten triptikoa dela poema liburu hau».

Larretxearen euskarazko bost poema bildumak argitaletxe diferenteek argitaratuak izan dira: Metaziri, Point de Lunettes, Alberdania, Pamiela eta Balea Zuria.«Ariketa bat eta bilaketa bat da hori. Esperientzia berri batekin beti zerbait berria ikasten duzu. Ate ezberdinak irekitzen ibiltzen zara. Erronka bat izaten da. Eta irrika berri bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.