Abiatu da hegaldia

Lehenbiziko diskoa aurkeztu du Vianako Kometa taldeak; pop, rock eta indie estiloko zortzi kanta biltzen ditu

Juan Valdelana, Mikel Gurrutxaga eta Andoni Bonafau dira Kometa taldeko kideak. IÑAKI ANTOÑANA PLAZA.
Iker Tubia.
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Hirukote berri bat dago Euskal Herriko musika panoraman: Kometa. Rock, pop eta indie estiloko musika jotzen du Vianako (Nafarroa) taldeak, eta Andoni Bonafau (ahotsa eta gitarra), Mikel Gurrutxaga (bateria) eta Juan Valdelanak (baxua) osatzen dute. Zortzi kantuz osatutako aurkezpen albuma kaleratu dute Hontzak ekoiztetxearekin, eta, Bonafauren esanetan, «entzuteko erraza» da.

«Jarrera positiboa eman nahi izan diogu, dantzagarria eta mugitua», azaldu du taldeko abeslariak. Emaitzarekin kontent daude, uste duelako espero baino hobeki atera dela. Azaroa eta abendua artean grabatu zituzten kantuak, eta dagoeneko ideia berriak dauzkate buruan jiraka. «Gure taldea ez da gelditzen», adierazi du Bonafauk.

Azkenaldian ugaritzen ari den formatua hobetsi dute: hirukoa. Abeslariak dioenez, horrela jotzera ohituta daudelako egin dute hautu hori. Diskoan rocka nabarmentzen dela iruditzen zaio Bonafauri, nahiz eta aitortu duen letrak «oso poperoak» direla. Itxaropena, maitasuna eta gezurrak aipatzen dituzte, besteak beste, kantuetan. Bi balada egin dituzte, eta gainontzekoak erritmo biziagoko kantuak dira. Abeslariak aitortu du gehien maite dutena Ihesi izenekoa dela. Kauta taldeko Mikel Morenoren laguntza izan dute hori grabatzeko. «Amorru puntu bat du, kantuaren bukaeran erritmoa jaisten da; gero, igo; errusiar mendi bat bezalakoa da», esan du abeslariak.

Kanturik «arraroena» azkenekoa da: Ur gainean. Sarrera gisa erabiltzen dute, eta aditzeko «zaila» dela esan du. Gaztelerazko bi kantu ere egin dituzte. Bonafauk dio ez dutela arrazoi berezirik izan. Dena den, argi utzi du euskal taldea direla eta kantatzeko erabiltzen duten hizkuntza euskara dela.

Taldea sortu berria bada ere, hirukoteak badu esperientziarik oholtza gainean. Izan ere, Smoking Hil taldeko kideak izan dira hirurak. Rock doinuak nagusitzen ziren talde horretan, eta oso nabaria zen Berri Txarrak taldearen eragina. Orain, «aro berri bati» ekiteko prest daude; beste estilo bati heldu nahi diote.

Berri Txarrakekin alderatuz

Oraindik ere, bada Berri Txarrak taldearekin alderatzen duenik, nahiz eta taldea gertuago egon indie pop estilotik. «Berri Txarrak, beste euskal talde batzuk bezala, gaztaroan asko aditu ditugu», azaldu du. Horregatik, kantatzeko moldean, «nahi gabe», Lekunberrikoen eragina izan dute.

Dagoeneko eskaini dute lehenbiziko kontzertua. Diskoaren aurkezpenaren ondotik, haien herrian jo zuten. Bonafauk azaldu du harrera «oso ona» izan zuela: «Baikortasun hori pasatu genien [ikusleei]». Orain, kontzertuak lotzen ari dira, udan han eta hemen jotzeko asmoz. Sarean ere aditu daiteke Kometa taldea, kantu guziak Internetera igoko dituzte-eta aurki. Azalpena eman du taldeko abeslariak: «Ez dugu disko formatuan sinesten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.