Abian da Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren aldia

Antzerkigile eta konpainia hasiberrien aldeko apustua egin dute Udalbiltzakoek aurten. Sortzaileentzako izen ematea asteazkenean irekiko da, eta hilabetez egongo da zabalik, azaroaren 25era arte.

'Eukalyptus' antzezlana, Jon Ander Urrestik bigarren aldian sortutakoa. UDALBILTZA
'Eukalyptus' antzezlana, Jon Ander Urrestik bigarren aldian sortutakoa. UDALBILTZA
Garazi Karrera
2024ko urriaren 21a
15:43
Entzun

Udalbiltzak bi urtean behin aurkezten du Geuretik Sortuak egitasmoa, bi urte irauten duen kultur beka. Hirugarren aldiak 2025. eta 2026. urteak hartuko ditu, eta, aurreko aldien antzera, aurten ere lau diziplinatako euskal sortzaileek parte hartu ahal izango dute; idazleek, komikigileek, antzerkigileek eta zinemagileek, hain zuzen. Halere, bada berrikuntza bat aurtengo egitasmoan: antzerkigile edo konpainia hasiberri bat hautatuko dute, gutxienez. Izan ere, antolatzaileek ohar bidez adierazi dutenez, «antzerkigile hasiberrientzako plazak falta dira», eta beka «tranpolin ona» izan liteke Euskal Herriko plazetara salto egiteko.

Hasiberritzat hartuko dira aurretik ibilbide profesionalik izan ez duten pertsona edo konpainiak. Udalbiltzakoak jakitun daude aukera polita izan arren erronka handia ere izan daitekeela antzezlan bat sortu eta bira oso bat antolatzea. Horrenbestez, adierazi dute hautatutako pertsona edo konpainia hasiberri horiek bidelagun profesional bat izango dutela. Bestalde, gaineratu dute antzerkigile profesionalentzako beka handiagoa izango dela aurrerantzean. Esan dute gainerako alorretan oinarriak «antzekoak» izango direla; «aldaketa txikiren bat tarteko», baina ez apartekorik.

Deialdia, oinarriak eta izena emateko prozedura Udalbiltzako webguneko Geuretik Sortuak eta gardentasuna ataletan izango dira ikusgai bihartik aurrera. Horrez gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ere izango dira azalpenak. Sortzaileek hurrengo egunetik azaroaren 25era bitarte izango dute izena emateko aukera.

Egitasmoaren helburua

Udalbiltzaren xedea euskal artisten sormena eta herri kontakizuna uztartzea da, eta euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzea. Nola? Lehenik, literatura, komikigintza, antzerkigintza eta zinemagintzako sortzaileak hautatzen dituzte. Horiei Euskal Herriko herri bat edo herri multzo bana esleitzen diete. Egonaldia egiten ari diren bitartean, hautatuek sormen lana gauzatzen dute. Ondoren, sortzaileen lanak argitaratu, eta egitasmoaren bigarren urtean zirkuitu nazionala osatzen dute, sortutako lanak herriz herri aurkezteko. Horretatik tiraka, ipuin bilduma bat, komiki bilduma bat, antzerki batzuk eta film laburren bilduma bat irteten dira.

Aurreko aldian 22 sortzaile hautatu zituzten, eta hauek dira burututako lanak: antzerkigintzan, Eukalyptus (Jon Ander Urresti), Olagarrua (Antzerki aroak eta Ttipia) eta Eraitsi S.L. (Goitibera) antzezlanak; literaturan, Hamazazpigarrenean aidanez bilduma; zinemagintzan, Bost teilatu film laburren bilduma; eta, komikigintzan, Hona bostekoa! bilduma. Bestalde, lehen deialdian 26 artistak hartu zuten parte. Horien artean dira Sexberdinak (Tanttaka) antzezlana, Hamarreko bitxia literatura bilduma eta Lau elementuak film laburren sorta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.