Kritika. Musika

Abiadura, jolasa eta gitarren trosta

Izan bai taldearen 'Dena galdu baino lehen' diskoaren azala.
2025eko martxoaren 23a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

izan bai

'Dena galdu baino lehen'

Argitalpena: Egilea editore.

Askotariko erreakzioak sortzen dituen diskoa osatu du metal munduan jada beteranoa den laukoteak: Mendeku Itxuan aritutako Ixak Arruti (proiektu honen bultzatzailea, abeslaria eta gitarra jotzailea), talde berean ibili zen Martin Larrañaga bateria jotzailea, Ibon Aginaga (bigarren gitarra, Kraussk eta Soa taldeetako partaidea) eta Urtzi Olaziregi baxu jotzailea (Kudai, Hira) dira diskoari hauspoa eman dioten lau partaideak.

Egia esan, kontraste handia dago melodien garbitasunaren eta gitarrek hainbat kantutan daukaten zikintasunaren artean, eta horrek puntuak ematen dizkie. Ahotsak garbiak dira beraz, baina kantu batzuen garapenak eta gogortasunak thrash metalera hurreratzen ditu. Megadethen estilora eraikitako egiturak estimulagarriak dira oso, adibidez Barne borroka, Izan Bai eta Heriotza minez kantuetan. Hiru minutu pasatxotan abestia eraiki eta gero, zenbaitetan beste hainbeste iraungo duen jolasa dator, eta gitarrek eta solo frenetikoek aparteko abiada eta boterea ematen diete kantuei. Baladistikoagoa da itxuraz Damuaren dama, nahiz eta berriz ere azken hiru minutuak orgia hutsa diren: gitarren zirimolak, sekula aspertzen ez dutenak; base erritmikoaren zehaztasuna... eta ahotsaren leuntasuna berriz ere kontrapuntua egiten. Aparta.

Sustraiak egarri ere Dave Mustaineren jarraitzaileen gustukoa izango delakoan gaude, gitarren erabilera eta soinuaren gogortasunagatik bada ere. Ahotsak ere erraz hartzen ditu nota altuak, horregatik (eta doinuen xarmagatik), metal melodikoa lantzen dutela ere esan genezake, power metal ukitu batzuk barne. Kantu honen zikintasuna ere bereziki erakargarria da, instrumentuei dagokionez bederen. Abiadura eta kemena batzen dituztenean lortzen dituzte momenturik onenak, bide batez. Gorago aipatu Barne borroka-ren amaiera Iron Maidenen estilo epikoan egina dago, eta Su Ta Garren motozerra erakusten dute Onarpen eske-n, Metallicaren basikotasuna alde batera utzi gabe.

Erdi baladistikoa da Dudan dena zugatik, batez ere hitzengatik, baina erdialdean sartzen duten gitarra soloak proiekzioa biderkatu egiten du. Nota altuak oso eroso jotzen ditu Ixakek Sutan nago kantuan. Eta, diskoa ixteko, lanari izena ematen dion Dena galdu baino lehen, besteekin alderatuta akaso apur bat geldoa, nahiz eta epilogo gisa bere funtzioa betetzen duen. Finean, batzuetan power metala, zenbaitetan melodic metala, eta, zati instrumentalen garaipen totalean, thrash metal teknikoa eta frenetikoa lantzen dituzte gehienbat. Urtz taldearen melodiak (ados, batzuetan bakarrik), Su Ta Garren trosta, Megadethen zurrunbiloak eta metalaren askotariko eraginak laburbiltzen dituzte lehen disko honetan. Gitarren zilipurdiak eta bateria eta baxuaren segurtasunak markatutako kantuak dira orokorrean, eta eragin melodiko markatua dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.