Abiada biziko bi hamarkada

'Harold' disko bizia kaleratu du Leihotikan hardcore taldeak, bi hamarkadatako ibilbideko bosgarrena

Leihotikan talde iruindarreko lau kideak; Harold diskoa kaleratu berri dute. MARTA CONTIN.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Hamabost kanta ditu diskoak, baina abiadan doa. Berrogei bat minutu baino ez ditu, guztira. Leihotikan taldearen hardcore melodikoaren estiloan. Bi hamarkada badaramatzate horretan, eta lan horren isla da beren ibilbideko bosgarren diskoa. Iaz Oroimenak erretzen izeneko atzera begirako abesti bilduma kaleratu zuten, baina sei urte ziren diskorik atera ez zutela, eta lan borobila prestatu nahi izan dute horregatik. «Denbora izan dugu abesti bakoitza lantzeko. Ez dugu geure burua profesionalak bagina bezala estutu nahi izan, baina ez dugu nahi jendeak alfertu garela pentsatzerik ere!», azaldu du, umoretsu, Aitor Remon baxu jotzaileak.

Harold deitu dute diskoa, eta Jack Bradley argazkilariak Harold Wittles izeneko mutikoari ateratako argazkia hautatu dute diskoaren azalerako. Ikusgarria da irudia, eta badu bere istorioa atzean. Harriduraren eta izuaren arteko aurpegia du Wittlesek erretratuan. Gor jaio, eta medikuen laguntzaz lehenengoz entzuten hasten den unea da irudiak ageri duena, eta hortik dator umearen izu aurpegia. «Harrapatu egin gintuen irudiak eta haren atzeko istorioak». Beste Harold batzuk ere aipatzen dituzte izen bereko abestian, halere: Harold Lloyd aktorea eta Harold Pinter idazlea.

Lasai aritu nahi izan dutela dio Remonek, eta bi txandatan egin dituzte grabazio lanak. 2011ko abenduan egin zuten lehen saioa, eta aurtengo apirilean bigarrena; biak Iker Piedrafitak Artikan (Nafarroa) duen El Sótano estudioan. «Oso soinu ona atera du, eta hori zen gure asmoa. Betiko Leihotikan izatea, baina soinu modernoagoa ematea». Beren ohiko estiloari fidel mantendu arren, disko anitza sortzen saiatu da Iruñeko laukotea. «Diskoaren bizkarrezurra hardcore melodikoa da, baina baditu beste musika mota askoren ukituak ere. Entzun, eta lehen unetik igartzen da kantuak gureak direla. Betiko Leihotikan da, baina disko orekatu bat sortzen saiatu gara, eta horregatik tartekatu ditugu bestelako estilo batzuk ere. Hitzekin ere saiatu gara berdin jokatzen».

Zorrotzak dira hitz gehienak. Lan esplotazioaren aurkakoak, elizaren homosexualekiko jarrerari buruzkoak eta historiaren ezabaketaren kontrakoak, besteak beste. Bada umorerentzako tarterik ere, ordea. Ibilbide bat badute taldekideek taula gainean, eta baliatu egiten dute esperientzia hori Goizeko ordubiak abestian, adibidez. Kritika ironikoa da, baina kritika halere: «Goizeko ordubiak, laurok furgonetan,/ soinu frogarik gabe, saiatuko gara/ antolatzailea, auzoko jaietan,/ festondoa eutsirik ezin hitz eginda».

Haserretik umorera

Remonek azaltzen du abesti horren jatorria: «Gure buruaz barre egiten jakiten dugunean agertzen da benetako umorea. Eta hori da guk egin duguna. Sekulako haserrealdiak hartzen ditugu halako antolakuntza izaten duten lekuetara joaten garenean, baina gerora barre ere egiten dugu. Jendeak ulertuko du txantxa bat dela». Gabriel Aresti poetaren idatzien moldaketa bat ere egin dute diskoa zabaltzen duen abestian, eta Triana taldearen Llegó el día kantuaren hitzen moldaketa bat da Esnatzea izeneko abestia.

Gertukoa izan da beti Iruñeko laukotearen eta Marino Goñi musikari eta Gor disko etxearen sortzailearen arteko harremana. Goñik erretiroa hartu zuen iaz, ordea, eta beren kasa aritu dira Leihotikanekoak. Ez erabat, Remonek aitortzen duenez. «Beti izan da gure alboan, eta beti izan da gure zalea. Kantuen ordena berak aukeratu zuen».

Gor disko etxearen eskutik kaleratu dute CD formatuan jadanik Harold, eta hurrengo asteetan egingo dute binilozko edizioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.