«Abestuak baino, ia errezitatuak dira Cohenen kantu batzuk»

Leonard Cohenen abestien bertsioak egingo ditu zuzenean, gaur eta bihar, Mikel Urdangarinek

Bihar izango da lehen kontzertua Bilbon, Leonard Cohenek diskoa aurkeztuko duen egun berean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
2016ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Egunotan indarra hartu duen polemika izan da Literaturako Nobel saria Bob Dylani eman izanak sorrarazitakoa. Literaturaren eta musikaren arteko mugak bertatik indargabetuta aterako diren jakiteko dago; baita, sari bera Leonard Cohen poeta, idazle eta musikariari eman baliote izendapen horrek halako iritzi kontrajarriak jasoko lituzkeen ere. Urruneko posibilitate horiek ezer gutxi aldatuko lukete, dena den, Mikel Urdangarin musikariak abeslari kanadarrarekiko duen mirespena. Cohenen abestiak joz taularatuko da gaur Bilboko Campos antzokian, eta bihar, Donostiako Tabakaleran. Lauko formatuan ariko da Urdangarin (ahotsa eta gitarra), Koldo Uriarte (pianoa, teklatua eta melodika), Jon Cañaveras (baxua eta kontrabaxua) eta Nika Bichiasvilirekin (biolina) batera. Izar & Star zazpigarren musika zikloaren barruan egingo ditu bi kontzertuak Urdangarinek. Beste artista batzuen musika Euskal Herriko artistek jota ikusteko aukera ematen du egitasmoak.

Antolatzaileen proposamena onartu, eta Cohenena izan zen burura etorri zitzaion lehen izena arrazoi garbi batengatik: «Oso maitea dudalako eta ikaragarri gustatzen zaidalako haren musika. Inspirazio iturria da niretzat». Bere abestiak ere entzun ahalko dira. Kontzertuaren lehen herena bere kantuekin osatuko du. Hurrengo bi herenetan joko dituenen «sarrera moduko bat» izango dela dio.

Ibilbide eta konstantzia handiko musikaria da Cohen. Estudioko hamahiru disko kaleratuak ditu, eta bihar bertan kaleratuko du hamalaugarrena, You Want It Darker izenekoa, 82 urte egin eta hilabetera. Haren «obra jale edo disko guztiak dituzten horietako bat» ez dela onartu du Urdangarinek, baina ondo gogoan du haren musikak «sorgindu» zuen eguna: «1988. urtean ezagutu nuen Cohen, I'm Your Man izeneko biniloa nire eskuetan erori zenean. Karreran apenas entzun nuen besterik. Erabat maitemindu nintzen disko harekin; abesti batzuekin besteekin baino gehiago, eta horietako batzuekin maiteminak badirau gaur arte ere». Estudioko zortzigarren disko horrek Cohenen doinu modernoagoetarako joera markatu zuen. Han aurkitu daitezke abeslariaren abesti ezagunenen artean daudenetako batzuk: First We Take Manhattan, Ain't No Cure for Love, Everybody Knows... Gerora, hainbat alditan bere kide izan zuen Sharon Robinson abeslariaren lehen parte hartzea ere jasotzen du diskoak.

Musika eta hitzak, biak bat

Ahotsa eta hitzak, biak hartu behar ditu kontuan abeslari onak. Kasu batzuetan, baina, gaitasunetako batean ahulagoak izaten dira musikariak, eta musikaren bidez lortu ezin dutena hitzen bidez konpentsatzen dute, edo alderantziz. Ez da hori Cohenen kasua, poesiak eta ahotsak, bien arteko konbinazioak, egiten baitu bereizgarri. Musikak eraman zuen hura ezagutzera Urdangarin, normalean, edozein musikarirekin egiten duen moduan: «Kantuetara, normalean, musikaren bidez hurbiltzen naiz. Beranduago erreparatzen diet letrei, oso-oso zuzenak ez badira, behintzat». Abestien «forma edukiaren parte» da harentzat, eta «konposizio aldetik Cohen oso aberatsa» dela azpimarratu du. Hitzetan arreta jartzen beranduago hasi zela dio: «Gero, lasaitasun handiagoarekin, letren pisuari erreparatzen hasi nintzen. Hor bigarren maitemintze bat dator, ikusirik nola marrazten duen bere kezken unibertsoa».

Askotariko gaiak jorratzen ditu bere hitzetan Cohenek, baina bada errepikatzen den bat bereziki gogoko duena: «Asko gustatzen zait espiritualtasunetik gertu dagoen mundua eta gordinagoa den haragizko hau nola uztartzen dituen. Oso modu bakarrean egiten duela iruditzen zait». Saiatzen direnak asko diren arren, «pedantea» izan gabe hori egitea zaila delakoan dago, baina hark beti lortzen duela.

Kantuen aukeraketa ez da erraza izan, adierazi duenez. Zortzi bat hilabete lehenago izan zuen zikloaren proposamenaren berri, baina udara arte ez zen hasi «Cohenen obran, poemetan eta orotariko testuetan murgiltzen».Hor hasi zen lan gogorrena: «Kokiltzen hasi nintzen, egia esan. Zenbat eta kantu gehiago ezagutu, orduan eta zailago egin zait aukeratzea. Ikusten da bere galbahea oso-oso fina dela, eta bertatik pasatzen denak sekulako lana daukala. Ez dauka ezer txarrik, nolabait esatearren».

Hamar abesti joko dituzte gaur eta bihar. Egitura eta harmonia aldetik, originalak errespetatu dituztela dio: «Inongo transgresiorik ez da ikusiko». Ahots tesitura da, halabeharrez, errespetatuko ez duena, «ez baitaukagu bera». Orokorrean, baina, «askatasun osoz» egin dituzte kantuen moldaketak. Ahotsaren tonuaz gain, kantatzeko moduan bada beste aldaketa nabarmen bat, Urdangarinek azaldu duenez: «Cohenen kantu batzuk ia errezitatuak dira, abestuak baino gehiago; azken urteetakoak, batez ere. Nik ez dut errezitatzen. Abestu egiten dut, nire ahotsera ekarrita». Bertsioak zein izango diren erabakitzerakoan soilik ez, bere abestien aukeraketa egitean ere izan ditu zalantzak. «Ahalik eta modu harmoniatsuenean aukeratzen saiatu naiz, gero etorriko denari begira», dio. Aspaldian jo gabeko piezak ere berreskuratu ditu horretarako.

Disko berrira begira

Parentesi txiki honen ondotik, badu planik Urdangarinek urte berriari begira. Bi kontzertu horien aitzakian albo batera utzia duen hurrengo diskoaren prestaketan murgilduko da urtarriletik aurrera «jo eta su». Udaberrian aurkeztea da haren helburua.

Coheni egindako omenaldia, oraingoz, eta epe ertain-luzean, albo batera utziko du. Berrartzeko aukera, hartzekotan, etorkizun hurbil batean Euskal Herritik kanpo egingo du: «Euskal Herritik kanpo akaso utziko dugu zabalik aukera, baina pare bat urteko epean, behintzat, ez dut uste Euskal Herrian berriro egingo dugunik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.