Musika ekoitzi eta entzulearen aurrean aurkezteko era guztiz aldatu da orain dela urte batzuetatik gaur egunera. Etengabeko estimuluen gizartean, abestiak ere janari laster bihurtu ditu industriak, eta, ondorioz, guztiz ari da galtzen LPak argitaratu eta osorik entzuteko ohitura. Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko arduradunaren ustez, singleen garaia da oraingoa, eta «erregimen hutsal eta iheskor» batek osatzen du musika industria. «Singleak sarean jartzen dituzte, banaka, eta single horiekin bildumak osatzen dituzte. Hamar abestirekin egindako albumetan, baina, lastoak ere ageri dira».
Aizpuruk berak disko luze eta koherenteak nahiago ditu, uste duelako kanten aukeraketa eta balorazioa egitea askoz ere errazagoa dela. «Musikariak kultur eragileak dira, eta prestatu behar dute diskoaren inguruko sustapen estrategia». Estrategia horien artean dago, hain zuzen ere, azkenaldian —eta, besteak beste, Rosaliaren arrakastaren harira— musikari batzuek album kontzeptualak egiteko erabakia hartu dutela. Halakoa izan da, zehazki, Lide Hernando Liher taldeko abeslariaren kasua: «[Rosaliaren] El mal querer albumak disko kontzeptual bat egiteko aspalditik nuen nahia berpiztu zuen nigan».
Zer da, ordea, disko kontzeptual bat? Hernandok argi du erantzuna: musikaz haratago joatea ahalbidetzen dion sorkuntza eredua da. «Musika ez da bakarrik musika; hitzetan zer, nola eta zergatik kontatzen duzun, hori ere bada». Abestiak haien artean koherentzia izatea eta sortutako lan bakoitza unibertso batean txertatuta egotea oso garrantzitsua da artistarentzat. «Egindako hamar abestirekin istorio bat kontatzea eta musika baino zerbait gehiago eskaintzea beti da pizgarria», aitortu du. Sortzailea den aldetik, zerbait luzea egitea nahiago du berak ere, artistikoki «pisu handiagoa» duelako.
Marketin erreminta
2020an kaleratu zuen Liherrek Hemen herensugeak daude bere lehen disko kontzeptuala, Frank Sinatrak album mota horiek ospetsu egin eta 70 urte geroago. Pink Floyd eta The Mars Volta taldeak hartu zituen orduan Liherrek eredu, eta, entzuleari «esperientzia osoagoa» eskaintzeko asmoz, film labur bat ere sortu zuen. «Filma disko kontzeptualaren prologoa da. Taldekideok detektibez mozorrotuta ageri gara, eta nagusiak hilketa bat aztertzeko eskatzen digu». Indarkeria matxistarekin eta autodefentsa feministarekin zerikusia duen hilketa baten nondik norakoak kontatzen ditu, hain zuzen, albumak: «Neska batek, gizon bat hil, eta ihes egitea erabakitzen du».
Sare sozialak erabili zituzten lan berriaren inguruan jakin-mina pizteko, eta, ikus-entzunezkoen bitartez, disko-liburu itxura hartuko zuela ezagutarazi zieten jarraitzaileei. «Kanta bakoitzak ilustrazio propioa du, lehenengo begi kolpean publikoa erakartzeko». Pandemia garaian kaleratu zutenez, gainera, Hernandok berak abesti bakoitzaren istorioa zein zen azaltzeko zenbait bideo jarri zituen sare sozialetan. «Diskoa ateratzea erabaki genuenean, bagenekien ez zela album soil bat izango. Aurrez lanketa bat egitea eskatzen zigun».
Oro har, disko kontzeptualen lanketa horrek marketin estrategiekin lotura zuzena duela uste dute askok. Eta, hein batean, hala da. «Promozioetan erabiltzeko erreminta bikoitza da: saltzen duzu diskoa eta saltzen duzu gaia», esan du Hernandok. Ordea, musika lan independenteak merkaturatzea askoz zailagoa da gehienetan, eta lortzen dituzten irabaziak ez dira stream musikak ematen dituenak bezain handiak. «Salmenten aldetik beti izan gara pixka bat inozoak; beti jarri dugu sorkuntza beste guztiaren gainetik». Eta sorkuntzarekin batera, nola ez, zuzeneko emanaldiak. «Kontzertuetan jotzea da gure helburua».
Kontzertu batean lortu zuen Ines Osinaga abeslariak, esaterako, Itsasoa da bide bakarra (2022) disko kontzeptualeko ale guztiak saltzea. Emanaldia bukatu ostean, bere bakarkako ibilbidean lehen aldiz, merchandising postura biltzera animatu zuen publikoa. Zaleen erantzuna izugarri ona izan zen, eta bertan salgai zeuden produktu guztiak erosi zituzten. «Inesi inoiz ez zaio horrelakoak egitea gustatu, eta uste dut emakumeok pairatzen dugun inpostorearen sindromearekin zerikusia duela», esan du Laida Zapre Itsasoa da bide bakarra albumeko arte zuzendariak.«Egun horretan, asko ikasi zuen».
Gerora ardura gehiago hartu bazituen ere, irudien, hitzen eta musikaren artean lotura kontzeptuala egitea izan zen Zapreren hasierako eginkizuna. «Inesek esan zidan zer transmititu nahi zuen, eta nik nire begirada jarri nion». Osinagak abortua eta horren ondoriozko depresioa bizi izan zituen, eta horiexek dira diskoaren muina, eta, lanari forma emateko, «emakume izate horretatik» abiatu zen Zapre. «Nik ez dut inoiz abortatu, baina erresistentziatik eta minetik egiten dugun bidean, emakume guztiok partekatzen dugun zerbait badagoela uste dut».
Kaosaren emaitzak
Fanzine itxura du Itsasoa da bide bakarra diskoak, eta iluntasunetik argitasunerako bidea erakustea du helburu nagusi. «Itsasoa da, hain zuzen, argitasunaren irudikapena». Mezua behar bezala helarazteko, gainera, Iker Gozategi argazkilariak Osinagari ateratako zenbait irudi eta abeslariak egunerokoetan idatzitako esaldiak bateratu ditu Zaprek. «Collage bat da. Material guztia inprimatu, eta etxeko egongelako zoruan nahastuz joan nintzen; narrazio bat eraiki nuen horrela». Hasi eta buka irakur zitekeen liburuxka osatu arte, aldiz, ez zuen lana amaitutzat eman. «Orain arte neure kabuzlandu ditudan diziplinak beste era batera lantzen dituen proiektua da». Argazkilaritza, kazetaritza eta diseinua, kasurako.
Zapreren sormen prozesua bezala, Hernandorena ere partekatua izan zen. «Liher talde bat da, eta taldekide bakoitzak lan egiteko modu desberdin bat du. Ni letragilea naiz, baina gitarra jotzailea, adibidez, oso sortzaile azkarra da». Hernandok Hemen herensugeak daude albumeko abestiak idazteari ekin zionean, esaterako, Iñigo Etxarri gitarra jotzaileak melodiak sortuak zituen aurretik. «Letrek eta istorioek abesti instrumentalekin bat egin behar izan zuten, eta ez alderantziz». Diskoa bakarka sortu beharko balu, beste era batera lan egingo lukeela aitortu du. «Prozesua behar baino kaotikoagoa izan zen».
Behin betiko emaitzarekin ase geratu dira, ordea, eta, hain justu, horregatik harritu zituen hasieran jaso zuten feedbackak. «Onespena ez zen unean unekoa izan. Pandemia etorri zen, eta horrek hartu zuen orduan garrantzia». Jotzen duten rock gogorrak ez zuela egoerarekin bat egin uste du abeslariak, eta urteekin jaso dutela «diskoak merezitako oihartzuna». «Jende askok dio gure kultuko lana dela; sortu ditugun disko guztien artean, mardulena». Urtebete geroago kaleratu zuten, izan ere, Eta hutsa zen helmuga (2021) bigarren disko kontzeptuala. Lanketa bestelakoa izan zen orduan, eta, Hernandok berak azaldu duenez, lehenengo lanak askoz hobeto jasotzen du disko kontzeptual baten funtsa.
Itsasoadabidebakarra kaleratu zutenetik, beste disko kontzeptual batzuk zuzentzeko eskaerak jaso eta onartu ditu Zaprek ere. «Estudio txiki batean nabil lanean, eta orain Moxal taldearen disko berria diseinatzen ari gara». Osinagarena bezain kontzeptuala ez dela izango aurreratu du arte zuzendariak, baina esan du diseinuak eta argazkiek garrantzi berezia hartuko dutela. «Musika industrian, askotan, identifikatuko zaituen zerbait egin nahi duzu, baina itsu-itsuan ibili eta gauza nahiko hotzak ateratzen dira gehienetan». Alde horretatik, musikariei laguntasuna, erosotasuna eta konfiantza ematea ezinbestekoa dela uste du Zaprek.
Publikoak ere proposamen alternatiboak izatea eskertzen duela uste du berak, eta sinetsi nahi du entzuleek behar bezalako balioa ematen diotela egindako lan horri guztiari. «Informazio, CD eta bideoklip gehiegi jasotzen ditugu, eta zerbait desberdina entzutea eskertzen dela uste dut». Segidan galdetu dio bere buruari horrelakoak baieztatzea ez ote den errealitatea erromantizatzea. Eta gehitu du: «Musikazalea baldin bazara eta talde bat oso gustuko baldin baduzu, kontzertua amaitzean erosiko duzu diskoa, zalantzarik gabe». Disko kontzeptuala izateak ez du erabaki horretan inolako eraginik izango.
Albumak hasi eta buka entzuteko ohitura berreskuratzea nahi luke Hernandok, eta disko kontzeptualek horretan laguntzen dutela uste du. «Albiste polita da jakitea artista batek disko kontzeptual bat aterako duela. Musikari zerbait gehitzen dio».
Abesti sortak baino gehiago
Musika industria aldatu egin da urteotan, eta LPak egiteko ohitura galdu dute musikariek. Lide Hernando eta Laida Zapre artistek, ordea, disko kontzeptualen aldeko apustua egiten jarraitzen dute, beste hainbaten artean. Salmenten gainetik, sorkuntza da haientzat garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu