Musika

Abesti on baten amuak

Musika komertzialak dena inbaditzen duen honetan, bereizmenari heldu nahi izan dio BERRIAk, eta abesti on bat zer izan litekeen zehazten saiatu da, musikarien eta musikazaleen laguntzaz.

BERRIAko diseinu taldeak egindako muntatzea. BERRIA
BERRIAko diseinu taldeak egindako muntatzea. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
2024ko ekainaren 2a
05:05
Entzun

Abestiak aparteko generoa osatzen duela esango du horretan dabilenak. Ez dela hitzari eusten dion musika, ez eta musikaz lagundutako hitza ere; izatekotan, bi arlo horien sinbiositik sortutako beste zerbait dela. Hain zuzen, osotasun bat, bere horretan.

Zaila da abestiaren nondik nolakoak hesitzea, eta are zailagoa, berriz, kantu on bat zer izan litekeen zehaztea, besteak beste, epaitzen duenaren gustuek, subjektibotasunak eta garaian garaiko irizpide eraikiek eragin handia dutelako.

Ikusi gehiago

Gogoetatik galderak datoz trumilka. Esate baterako, kantu onari berehalakoan hartzen zaio tankera ala kantu komertzialaren —eta ez ezinbestean kantu onaren— ezaugarria da hori? Zenbateko garrantzia du hitzen mamiak? Nola ezkondu behar dira hitza eta doinua, elkarrekin abestia osa dezaten? Zeintzuk dira kantu onaren ezaugarri nagusiak? Zenbat eta doinu aberatsagoa orduan eta hobea? Norainoko garrantzia du testuinguruak? Eta entzulearen edo abestia epaitzen duenaren ezagutzak, jakintzak, ohiturak?

Itsaskorrak, irisgarriak

Iban Zaldua (Donostia, 1966) idazlea ez ezik, musika kritikaria ere bada. Harentzat kantu onak «itsaskorra» behar du izan, hau da, lehen entzunaldian berean atxikitzeko modukoa: «Abesti itsaskorrek errepika eraginkor bat izaten dute, eta, nire ustez, horri egin zion erreferentzia Teenage Fanclub taldeak Norman 3 kantuan leloa infinituraino luzatu zuenean». The Beatles taldearen lehen etapan plazaratutako aleak, besteak beste She Loves You abestia, ezaugarri horren adibide dira, Zalduaren arabera.

«Formula itsaskor bati jarraitzen dioten abesti horiek azkar batean sartzen zaizkigu belarrietatik, baina susmoa dut ez direla hain erraz sustraitzen».

IMANOL UBEDAMusikaria

Imanol Ubeda musikaria (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) hainbat proiektutan ibilia da —Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean, Don Inorrez, Peiremans—, eta kantu komertzialari lotzen dio aipatutako ezaugarri hori, kantu onari baino gehiago: «Formula itsaskor bati jarraitzen dioten abesti horiek azkar batean sartzen zaizkigu belarrietatik, baina susmoa dut ez direla hain erraz sustraitzen». Abesti mota hori azkar kontsumitu eta azkar abandonatzen dela uste du.

Entzulea apurka bereganatzen duten abestiak nahiago ditu Ubedak: «Bestelako arrastoa uzten dute». Arrazoia abestiaren geruzetan datza, akoplatzen diren elementuetan, alegia: «Hitz iradokitzaileak, instrumentalizazio jakin bat, kantaera mota bat...». Halaber, onak iruditzen zaizkion abestiek «barruraino» heltzeko gaitasuna dutela dio: «Burmuinaren beste atal batzuetara txirikordatzen dira. Habia moduko bat egiten dute gugan, eta, horri esker, gehiago irauten dute oroimenean». Kanta on askori «eternitate moduko bat» sumatu izan die berehalakoan. Esate baterako, Ruper Ordorikaren Banekien abestiari eta Berri Txarrak taldearen Katedral bat-i.

«Literaturari permitituko ez niokeen hunkigarritasun bat, are pinpirintasun bat, onartzen diot kantuari».

IBAN ZALDUAIdazlea eta musika kritikaria

Hunkigarritasuna

Gauza jakina da hitzak iristen ez diren tokira iristen dela musika. Modua ere bestelakoa du musikak. Zaldua: «Kantuetan emozio bizkor bat bilatzen dugu. Eta bilatu gabe ere, topatu egin liteke beharbada. Medio idatzian landuagoa da emozioa. Literaturari permitituko ez niokeen hunkigarritasun bat, are pinpirintasun bat, onartzen diot kantuari». Alde horretatik, bat dator Milan Kundera idazlearen esanarekin: «Musika poesia baino are urrunago joan daiteke, gai baita barne munduko mugimendu sekretuenak antzemateko. Horiek ezin erdietsi ditu hitzak. Beraz, bada arte bat poesia lirikoa baino lirikoagoa dena: musika».

Hunkitzen duten abestien etsenplu, Echo & The Bunnymen taldearen Ocean Rain aipatu du Zalduak. «Itsas metafora parrastada bat du, poema batean edo nobela batean ez nituzkeenak jasango, zer eta maitasunaz hitz egiteko, baina konbinazio perfektua da». Haren abesti fetitxeetako bat da, eta «erromantizismo epikoa jasangarri» bihurtzen duen formatu bakarra darabil.

Leire Lopez Ziluaga (Ibarrangelu, Bizkaia, 1982) Susa argitaletxeko editore da gaur egun, eta hainbat urtez Kafea eta Galletak —diskoak lagunartean entzuteko ekinaldia— sustatu zuen Gernikan (Bizkaia). Lopez Ziluagak beste era batera nabarmendu du hunkitzeko ahalmena. Musika entzutean lehendabizi gorputzaren mugimendua agertzen dela dio, dardara bat, bibrazioa, eta ez du ezinbestean dantzarako gogoa izan behar: «Izan daiteke kanta batek tripa mugitzea, pultsua azkartzea, animoa aldatzea edo emozio bat eragitea. Gero dator gainerako guztia, baina musika, niretzat, mugimendua eta erritmoa da hasieran: oso motela ere izan daiteke, eta gorputzean nabaritzen da».

Nolanahi ere, bibrazio hori sozialki eraikia dela uste du Lopez Ziluagak: «Gustua bezala, ikasi egiten da, ez da naturala».

«Musika, niretzat, mugimendua eta erritmoa da hasieran: oso motela ere izan daiteke, eta gorputzean nabaritzen da».

LEIRE LOPEZ ZILUAGAEditorea eta musika sustatzailea

Interpretazioa

Abestia interpretatzen duen taldearen ekarpena funtsezkoa dela nabarmendu du Ubedak, eta, garrantzi hori ilustratzearren, Bill-Ryder Jones kantariaren If Tomorrow Starts without Me jarri du adibide gisa. Abestiak pop doinuen eskemari jarraitzen dio, eta amaitu berri den harreman batez ari da. Ubeda: «Mezuaren eta doinuaren arteko sinbiosia erabatekoa da. Kantari handia da, eta haren ahotsak asko laguntzen du une hauskor hori islatzen. Kantua edertzeko baliatu duen instrumentalizazioa ere ezin egokiagoa da».

 

Oihartzuna

Kantu on bilakatzeko beste biderik ere identifikatu du Zalduak. «Oihartzuna» deitu dio, eta abesti zaharragoak iradokitzeko gaitasunaz ari da. «Entzule bezala badut historia bat, eta kanta bat ona iruditu dakidake, garai batean on iruditu zitzaidan beste abesti bat, kontzienteagoa edo inkontzienteagoa, ekartzen didalako akordura». Zalduak XTCren The Wheel and the Maypole jarri du mota horretako kantuen adibide gisa: «Neurri batean The Beatlesen A Day in the Life gogorarazten didalako dago nire podium nagusian».

Lopez Ziluagak nahiago du kantu batean zer axola zaion esan, kantu on bat zer den esan baino. Alde horretatik, kantuaren beraren eremuaz gaindi jotzen du: «Interesatzen zait bere horretatik kanpo zerbait sortzen duen edo ez, beste kantu batzuekin edo proposamen politiko zabalago batekin lotzen ote den, komunitate politiko baten lagungarri ote den...».

«Gustuko dudan horren nire aurretiazko ideia zabaltzen edo aldatzen duenean interesatzen zait abestia, batez ere. Edo neure buruarekin borroka eginarazten didanean, kantan geratzera eta pentsatzera behartzen nauenean».

LEIRE LOPEZ ZILUAGAEditorea eta musika sustatzailea

Sorpresa

Beste ezaugarri garrantzitsuetako bat ezustekoa da. Kantuak norabide harrigarri bat hartzeaz mintzo da Zaldua: «Eskema ezagunen gainean beste mundu batera eramaten zaituenean gertatzen da». Rock progresiboan sailkatutako hainbat kanturi aitortu die ezaugarri hori: «Genesis taldearen Supper's Ready, Pink Floyden Echoes eta The Beach Boysen Good Vibrations abestiek, esate baterako, horixe bera zekarten estilo esklerotipatu bihurtu aurretik».

Lopez Ziluagak nahi izaten du kantuak zerbait apur dezala, eta estilo bakoitzak bere gisara egiten duela dio: «Gustuko dudan horren nire aurretiazko ideia zabaltzen edo aldatzen duenean interesatzen zait abestia, batez ere. Edo neure buruarekin borroka eginarazten didanean, kantan geratzera eta pentsatzera behartzen nauenean».

Hitza vs doinua

Zalduaren ustez, abestian musikak garrantzi handiagoa du hitzek baino, ez baitute kalitate literario handikoak izan beharrik kantu on bat osatzeko: «Zenbat eta sinpleagoa edo ergelagoa izan, orduan eta eraginkorragoa da batzuetan». Zaldua pop abestiez ari da betiere, eta bat dator Jorge Luis Borges idazle argentinarrak esandakoarekin: «Musika hizkuntza bat iruditzen zait, ez dakit zehatzagoa, baina bai hitzaren hizkuntza baino askoz ere eraginkorragoa».

Christina Rosenvinge abeslariari elkarrizketa batean irakurritakoa ere ekarri du gogora. Rosenvingek esan zuen, besteak beste, hitzek egiten dutela abesti bat on, eta abestien hitzak «literatur modu errespetagarri gisa» aldarrikatu behar direla. Zaldua: «Arrazoi du. Baina doinu ez bereziki eraginkor batekin batera ez badatoz, hitz onenek eta landuenek jai daukate alkimia hori lortzeko bidean». Alde horretatik, Bob Dylan bera ere ez litzateke adibide ona: «Ez da ahaztu behar Dylan, letra egile ikaragarria izateaz gain, melodia ekoizle aparta ere badela. Kantaria, berriz, ez horrenbestekoa: bertsioek on egiten diote beti».

«Doinu ez bereziki eraginkor batekin batera ez badatoz, hitz onenek eta landuenek jai daukate alkimia hori lortzeko bidean».

IBAN ZALDUAIdazlea eta musika kritikaria

«Sinpletasunaren gailur» gisa, Juan Carlos Perezen Hau berua aipatu du Zalduak. Haren ustez, kantu arina da, aparteko garrantzirik ez duen gai bati buruzkoa (uda beteko beroa), baina eraginkorra: «Zuzenean iltzatzen da, kortexaren auskalo zein geruzatan, eta mugitzeko gogoa sartzen du beti». Hitzak apartekoak ez badira ere, doinuaren testuinguruan beharrik ez dela dio Zalduak: «Ikaragarri ongi funtzionatzen du».

Ubeda ez da erabat iritzi berekoa: «Gero eta argiago dut letrak agintzen duela abesti batean. Doinuak bidea zabaltzen lagundu beharko lioke hitzari». Haren ustez, hitzak onak baldin badira, eta ganorazko doinu batez lagunduta baldin badoaz, kantu txukuna lor liteke; «letra txatxua bada, ordea, zaila izango da ganorazko kanta bat osatzea». Bestalde, abestia nola idatzi den, hau da, neurria, egitura, erritmoa, tonua, hiztegia eta antzeko elementuak «mamia bezain garrantzitsuak» direla iritzi dio.

«Gero eta argiago dut letrak agintzen duela abesti batean. Doinuak bidea zabaltzen lagundu beharko lioke hitzari».

IMANOL UBEDAMusikaria

Don Inorrez taldeko abeslaria musikatik abiatzen da kantuak sortzeko orduan. Hitzak ondoren heltzen dira: batzuetan bereak dira, eta beste batzuetan idazleen poemei heltzen die: «Horrelakoetan ezinbestekoa da idatzia ongi interpretatzea, bai egitura, bai eta erritmoa ere, baina batez ere tonuan asmatu behar da: idatziaren aldartea ondo islatzen asmatzen baduzu, bide erdia egina duzu». Ubedaren aburuz, gako izaten da doinua eta hitza bateratsu iristea eta batak bestea osatzen laguntzea. «Baina oso gutxitan gertatzen da halakorik».

Lopez Ziluagak ere garrantzia ematen dio abestiak dioen horri: «Nire kasuan, hitzak gustatzen bazaizkit, literarioki, politikoki zerbait esaten didatelako, plus bat da». Alabaina, zehaztapen bat egin du: «Musika gustagarria duen abesti bat izan dezaket gogoko, nahiz eta hitzak ez gustatu. Baina alderantziz ez. Nahiago dut gustuko letra bat paperean irakurri, gogoko ez dudan musikarekin entzun baino».

«Nire kasuan, hitzak gustatzen bazaizkit, literarioki, politikoki zerbait esaten didatelako, plus bat da».

LEIRE LOPEZ ZILUAGAEditorea eta musika sustatzailea

Ulergarritasuna

Genero honek doinua eta hitzak ezinbesteko baldin baditu, jo liteke abesti bat bikaintzat hitzik ulertu gabe? Hala dirudi, neurri batean behintzat. Imanol Ubeda: «Makina bat kantu ikasi genituen zer zioten jakin gabe. Adibidez, Nirvanarenak. Gerora jakin genuen zeri abesten zioten, eta letra horietan gure garaiko kezka asko zeuden islaturik. Estetikak batzen gintuen, baina hitzak ere bat zetozen gure garaiarekin, eta urte haietan bizi genuen aldartearekin».

Testuinguruak kantua interpretatzen eta barneratzen lagun dezake, baina izan dezake bestelako funtziorik ere. Hala nola kantua edertu edo osatzekoa. Ubeda: «Zea Maysen Negua joan da ta gatazka armatuaren amaierarekin lotzen dut nik. Ez dut uste armagabetzearen hasiera ilustratzeko idatzi zutenik, baina gutako askori garai hark sentiarazi ziguna ekartzen digu gogora». Izan ere, kantu onak badu bederen inor gutxik zalantzan jarriko dion ezaugarri bat: beste inora, kantuan esplizituki esaten ez den norabait, eramateko gaitasuna.


Munduko Abestia

Elena Lopez Agirre*

Abestiez ari bagara, nire oroitzapenik zaharrenak ama ekartzen dit akordura. Familia osoa biltzen ginenean Que sont devenues les fleurs abesten hasten zen, eta isildu egiten ginen denak. Esan gabe doa aski gauza zaila izaten zela hori, zortzi haurride baikinen etxean. Une berezi horretan bihotza uzkurtzen zitzaidan, korapilo bat egiten zitzaidan zintzurrean, eta azaltzerik ez neukan ideia bat sortzen zitzaidan buruan. Urteotan guztiotan burutapen hura ulertzen saiatu naiz: Zergatik du abestiak halako eraginik gure gogoan? Zerk ematen dio ekaitz emozionala sorrarazteko ahala?

Abesti hura, Dalidak kantatua, Pete Seegerren abesti bakezale baten bertsioa da. Munduko kantuetan behin eta berriz heldu zaio bake gogoari eta gerrak dakarren hondamendiari. Izan ere, hauxe da funtsa: «Abestia ez da genero edo errepertorio kontu bat; abestia gizakiaren baitan dago» (Thomas Hampson, AEBetako baritonoa). Abesti on bati edozein deitura zaio egoki: rock, tango, baltsa, habanera, folk, reggae... Definitu nahia alfer lana dela esango nuke, nahiz eta gustukoa dudan Violeta Parrak esana: «Abestia hegaldi planik ez duen txoria da, zurrunbiloak gustatzen zaizkio, eta gorroto du matematika».

Abestiari, baldin eta ona izango bada, epika eskatzen diot, baina epika horrek ez du belikorik ezer. Galtzaileez mintzatuko bada ere, eta denok izan gaitezke galtzaile, heroismoa behar du, eta aurrera egiteko gogo bizia, erori ostean berriro (ere) altxatzeko ahalegina. Badut abesti ideal bat: Back on the chain gang (berriro presoen katean). Abestietan sarri ageri den gai batez mintzo da: oso maitea den norbait hil ostean, haren oroitzapenak garai zaharretara eramaten gaitu. Chrissie Hynde Pretenders taldeko abeslariak zoriona eta mina hartuko ditu garai haietatik, eta koruak kantu zaharrago batera eramango gaitu, Sam Cookeren Chain gang-era hain zuzen, hari miresmena erakutsi, eta gorazarre egitearren. Baxua, bateria eta gitarra dira abestiaren oinarria, eta rock bikaina osatzen dute. Elvis Costelok esaten zuen rock hitza entzuten zuen bakoitzean, «baina ez ahaztu rolla» bururatzen zitzaiola. Rocka bizkarrezurra baldin bada, Rolla bizkarrezur muina delako.

Hitza oinarrizkoa al da abestian? Hori baldin bada zure iritzia, zoaz poesiako apalategietara, poema ederrak aurkituko dituzu bertan. Jar dezagun adibide bat: Palabras para Julia Jose Agustin Goytisoloren poema bat zen, eta lasai ederrean zegoen liburuan, Paco Ibañez etorri, eta musika jarri zion arte; orduan, bazena izateari utzi, eta egundoko abesti bihurtu zen. Poesia abestiaren bekaitz izatea ulergarria zait: inoiz ez du haren hedapenik lortuko. Baina abesti berak milaka erreakzio sor ditzake, entzule bakoitzeko bana kasik. Batzuek gitarraren riffa edo bateriaren erritmoa goretsiko dute, besteei hitzak izango zaizkie hunkigarri; batzuentzat bereziena tronpetaren hots urruna izango da, eta beste batzuentzat, hain zuzen tronpeta hots urrun hori bera izango da gorrotagarriena.

Abestiak gure biografiako toki eta garai bati lotuta daude beti, eta horregatik dira horren iradokorrak. Gizarte jakin baten ispilu ere badira. Belarri fina duen batek, lehen akordeak entzun orduko badaki zein hamarralditakoa den abestia. Bizitzako garai bakoitzak musika jakin mota bat eska dezake beharbada. Abesti batzuk sehaskaz geroztik izango dituzu aldean. Beste batzuk gerora gehituko zaizkizu. Alboratu ere egingo dituzu hainbat; beste zenbaiti indultua emango diezu, eta lehengo tokia berreskuratuko dute zure begikoen zerrendan. Beste batzuei, beste askori, erreparatu gabeko xehetasunak deskubrituko dizkiezu, eta zurekin batera haziko dira; zu antzaldatuko zaren bezala antzaldatuko dira haiek ere.

Edvard Grieg konpositore norvegiarrak zioen Bachek eta Beethovenek elizak eta tenpluak eraiki zituztela, baina berak ez zuela eraiki nahi etxebizitza besterik, bertan jendea zoriontsu senti zedin. Zer funtzio hobea aterbe izatea baino?

* Potato reggae taldeko kide, Aianai argitaletxearen sortzaile eta kazetaria da Elena Lopez Agirre (Madril, 1956). Hainbat liburu idatzi ditu musikaz. Besteak beste, 'Del txistu a la telecaster' (1996), 'Potato, la utopía de una Euskadi tropikal' (1998), 'Historia del Rock Vasco: edozein herriko jaixetan' (2011), 'Hertzainak. La confesión radical' (2013) eta 'Neskatxa maite. 25 mujeres que la música vasca no debería olvidar' (2015). Dokumental baten egile ere bada: 'Bajando la colina. De las orquestinas a los conjuntos. Vitoria 1940-1980' (2022).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.