Aberriaz galdezka, dantzan

Ertza konpainiak 'NAN' emango du gaur Bilboko Alondegian, identitate nazionalari buruzko ikuskizuna

Iñar Sastre eta Asier Zabaleta, atzo arratsaldean Artelekun egindako entseguan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Ikusleari ideiak eta sentimenduak komunikatzeko «lanabesa» da dantza Asier Zabaleta dantzari eta koreografoarentzat, eta, komunikazio lan horretan, dantzaren osagarri egokiak izan daitezke —koreografoaren premien arabera— musika, testua eta bideoak, besteak beste. Dantza, musika, testuak eta bideoak osagarri nagusi modura harturik sortu du Zabaletaren Ertza konpainiak NAN, identitateari, herriari, nazioari eta aberriari buruzko ikuskizuna. Bilboko Alondegian eskainiko du gaur Ertzak NAN, 20:00etan.

Iñar Sastre pianistak euskal doinuen bertsio gaurkotuekin egin eta Zabaletari bidalitako grabazio bat dago NAN-en jatorrian, Zabaletak azaldu duenez. «Nahiko une kritikoan iritsi zitzaidan grabazio hura», ekarri du gogora Zabaletak. «Aurrera jo nahi nuen, baina ez nekien zerekin ekin lanari. Primeran etorri zitzaidan. Entzun, eta berehala martxan jarri nintzen. Bai gorputza eta bai irudimena lanean hasi ziren». Joan zaretenei adio izan zen horren lehen fruitua, Ertza konpainiak Donostiako Paseo Berrian eman zuen pieza laburra, Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorioz hildako guztiei omenaldi gisa eskainitakoa, «izenik, ideologiarik eta ezer jarri gabe».

Lan hark inarrosi egin zion barrena Zabaletari. «Anaia bat espetxean izan dut, beste bat hil egin zuten… Bizipen asko itzuli ziren prozesu horretan, eta nik neure herriarekin dudan —eta orain arte izan dudan, ez baita beti berdina izan— harremanaren gaian sakontzeko gogoa geratu zitzaidan». Orduan ekin zion NAN sortzeari.

Zabaletak sortutako koreografiaren parte dira, dantzarekin batera, Iñar Sastrek pianoarekin jotako musika, Zabaletak berak idatzitako testu batzuk —berak errezitatuak dantza emanaldiaren pasarte batzuetan—, Xabier Leteren Ihesa zilegi balitz eta Jose Angel Irigarairen Urak dakarrena poemen proiekzioak eta Iker Urteagarekin egindako bideoak. Elementu guztiak elkarrekin uztartuta eta «teatralizatuta» daude ikuskizunaren osotasunean. «Bidaia antzeko bat da. Lengoaia desberdinetatik pasatzen da, ia-ia konturatu gabe».

Formatua, ideiaren zerbitzuan

Ikusleari kontatu nahi diona ahalik eta ondoen kontatzeari ematen dio lehentasuna Zabaletak, eta horren arabera erabakitzen du zein formatu erabili. «Askotan, testua behar da, kontatzen denak argia eta zehatza behar duelako. Beste batzuetan, hitzez ezin adierazi dena dantzaz kontatu behar da, sentimendu eta ideia batzuk ez dituelako ezerk adierazten dantzak bezala. Horregatik, gustatzen zait lehenik argi eduki zer ideia plazaratu nahi dudan, eta gero ideiak berak erabaki dezala zein formatu erabili behar den».

Ertzak NAN ematen duen hirugarren aldia izango da gaurkoa. Errenterian izan zen jendaurreko entsegua, euskaraz; dFeria azokan, Donostian, estreinaldia, gaztelaniaz. Bi emanaldiek izandako harrerarekin gustura dago Zabaleta, batez ere dFeriakoarekin, hark baieztatu baitzion NAN-ek gaiari ematen dion tratamendua unibertsala dela. «Ikusleek ikuskizunaren gaia gehiegi lokalizatuko ote zuten beldur nintzen. NAN-en herriari buruzko gogoeta bat egiten da, eta nire herria Euskal Herria da. Lanean nire herria eta nik nire herriari buruz ditudan sentimenduak aipatzen ditut, baina Euskal Herria zehazki aipatu gabe. Eta dFeriako emanaldian ikusi nahi nuen nire sentimenduak aplikagarriak izan zitezkeen beste edonongo beste edonorentzat, eta izan genuen harrerak erakutsi zidan baietz».

Galdera asko planteatzen ditu NAN-ek. Honako hauek aipatzen dira ikuskizunaren eskuorrietan: Zenbat balio du aberriak? Zenbat bizitza? Zenbat heriotza? Aberri guztiek berdin balio al dute? Norberak bere erara moldatu eta sortzen duen Jainko bat bezalakoa al da aberria? 'Aberria ala hil': nork bere burua hil, besteak hil? Zer da aberria bizitza gabe? «Lehenik bere buruari galdera horiek eginak zizkion ikusleak birplanteatu egingo ditu NAN ikusita», Zabaletaren ustez. Erantzunak aurkitzea zailagoa izango da, Zabaletak berak ez baitu behintzat aurkitu. «Nik segitzen dut nire herria ikaragarri maitatzen eta ikaragarri gorrotatzen».

Hurrengo ikuskizuna, 4X4, Leioako Umore Azokan estreinatuko du Ertza konpainiak, maiatzaren 17an. Kaleko dantza emanaldia izango da, hip hop eta break danceko dantzariekin elkarlanean sortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.