Abel Azkona artistaren aurkako auzibidea behin betiko itxi du auzitegiak

Ostiak erabilita, 'pederastia' hitza osatu zuen artistak erakusketa batean;. epaileak berretsi du ez zuela egin erlijio sentimenduen aurkako deliturik

Abel Azkona artista, Desterrados erakusketan jarri zuen Amen obra prestatzen. ABEL AZKONA.
Ainhoa Sarasola.
2017ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Itxi dute auzia. Abel Azkona artista iruindarraren aurkako salaketa behin betiko artxibatu du Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioak. Iruñean 2015eko azaroan ireki zuen Desenterrados erakusketaren harira jarri zioten salaketa artistari. Ostiak erabilita Pederastia hitza osatzen agertzen zen hainbat argazki paratu zituen artistak erakusketa hartan, eta, erlijio sentimenduen aurkako delitua egin zuela iritzita, haren aurkako salaketa jarri zuten Iruñeko Artzapezpikutzak eta Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak. Auzia ikertu ondotik, salaketa artxibatu zuen Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak, baina helegitea jarri zioten. Orain, Nafarroako Auzitegi Nagusiko beste epaile batek berretsi egin du artxibatzea, ebatzita artistak ez zuela deliturik egin. Ez dago erabakiaren aurka beste helegite bat aurkezterik, eta, hortaz, behin betiko amaitu da auzibidea.

Polemika handia piztu zen Iruñean erakusketaren harira. Artistak azaldu zuenez, hainbat mezatara joanda, 242 ostia sagaratu bildu zituen, Amen izeneko pieza sortzeko. Ostiekin Pederastia hitza osatu zuen lurrean, argazkietan jaso zuen ekintza artistikoa, eta Iruñean jarri zituen ikusgai —platertxo batean zenbait ostia ere jarri zituen, baina lapurtu egin zituzten—. Hainbat kristau taldek erakusketa bertan behera uzteko eskatu zuten, eta jende andana bildu zen areto aurrean, errezatu eta protesta egiteko. Nolanahi ere, mostrak aurrera egin zuen, bisitari ugari bilduta, gainera.

Gorroto delitua eta erlijio sentimenduen aurkakoa egotzita, Azkonari salaketa jarri zioten Iruñeko Artzapezpikutzak eta Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak. Ikerketa hasi zuen Fermin Otamendi epaileak, auziarekin aurrera segitu edo ez erabakitzeko, eta artista deklaratzera ere deitu zuen —Azkonak azaldu zuen ez zuela asmorik erakusketarekin inor iraintzeko, eta kritika zuela helburu—. Ikerketa bukatuta, deliturik ez zuen ikusi epaileak; auziarekin aurrera ez jarraitzea eta salaketa artxibatzea ebatzi zuen.

Erabakiari, baina, helegitea jarri zioten Artzapezpikutzak, abokatu kristauen elkarteak eta fiskaltzak. Nafarroako Auzitegi Nagusiko Lehen Sekzioari zegokion horri buruz erabakitzea, eta salaketa artxibatzeko Iruñeko auzitegiak bere garaian hartutako erabakia babestu dute orain Esther Erice, Fermin Zubiri eta Jose Julian Huarte epaileek.

Iraindua sentitzea ez da aski

Autoak jasotzen duenez, gertakarietatik ondorioztatu daiteke Azkonak ostiak «ikusia izan gabe, isilpean gorde» zituela, «elizkizunean edo kultuzko lekuan erlijio sentimenduak irain zezakeen ekintzarik azaleratu gabe». Halaber, auzitegiaren ustez, delitu hori egozteko «ez da nahikoa beste pertsonen erlijio sentimenduak iraintzea, kasu honetan zalantzarik gabe gertatu dena»; beharrezkoa da ekintza horrek «dogma, sinesmen, erritu edo zeremonien eskarnioa egitea, eta, gainera, erlijio sentimenduak iraintzeko asmo berariazko eta zalantzarik gabekoz egin izana». Horiek horrela, deliturik ez dagoela dio.

Auzitegiaren ustez, artistaren asmoa elizaren barruko pederastia kasuez arreta piztea zen, eta «probokazio indartsua» baliatu zuen horretarako, baina obratik ezin da ondorioztatu Eliza instituzio gisa edo sinesle talde gisa delitu horren egilea denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.