Literatura

Abdulrazak Gurnah eleberrigileak irabazi du Literaturako Nobel saria

Gaur eguerdian eman du jakitera sarituaren berri akademiak. Iaz Louis Gluck poetak irabazi zuen saria.

Abdulrazak Gurnah eleberrigile tanzaniarra. BERRIA
Inigo Astiz
2021eko urriaren 7a
13:07
Entzun

Tanzanian jaiotako Abdulrazak Gurnah eleberrigilea saritu du Nobel akademiak. Kolonialismoa lantzeko duen ikuspegia laudatu du epaimahaiak, eta baita errefuxiatuen patua deskribatzeko bere modua ere, «kulturen eta kontinenteen arteko amildegian», 18 urterekin heldu zen Ingalaterrara Gurnah bera ere, sorterrian bizi zuen jazarpenetik ihesi, eta, ama hizkuntza swahilia duen arren, ingelesez idatzi eta eman ditu argitara bere hamar eleberriak. Erretiroa hartua du egun, baina unibertsitatean irakasle izan da orain arte. Haren liburuek eskaintzen duten ikuspegia laudatu du akademiak. «Kolonialismoaren eraginetan murgiltzeko duen modu tolesgabea nabarmendu diote, eta baita «kulturen eta kontinenteen arteko amildegian dabiltzan errefuxiatuen patua»deskribatzeko modua ere». Bere begirada «etsia eta soila» dela ere azaldu dute. «Etengabe egiten dio aurre konponketa errazak espero dituen irakurleari».

Zanzibarren jaio zen idazlea, duela 73 urte, Nigerian bizi izan zen, eta 1980ko hamarkadan, eta Kenteko Unibertsitatean izan da irakasle gerora, Ingalaterran. Literatura postkoloniala izan da bere ikerketa esparrua akademian, eta gai hori izan du ardatz bere eleberrietan ere. Nobel Akademiako kideen hitzetan, une hartatik egin diote jarraipena. Besteak beste, Paradise (1994), Desertion (2005), eta By the Sea (2001). Horrez gainera, Afrikako literaturari buruzko hainbat saiakera ere eman ditu argitara, eta, baita, besteak beste, V. S. Naipaul, Salman Rushdie eta Zoë Wicomb idazleei buruzko artikuluak ere.

Sariak nazioarteko jarraipena izaten du urtero, eta apustu etxeetan kinielak ere izaten dira, irabazlea asmatzeko. Badira, horregatik, aurten indar bereziz aipatu izan diren hautagaiak. Annie Ernaux, Ngugi wa Tiongo, Anne Carson, Adonis, Haruki Murakami, Dubravka Ugresic, Margaret Atwood eta Jon Fosse izan dira hedabideek gehien haizatu dituzten izenetako batzuk. Betiere, hautagaitza horiek espekulazio hutsak direla jakinik, akademiak gotor zaindu ohi baititu barne eztabaidak.Gornah kazetari espezializatuen radarretik kanpo zen, halere.

Estibaliz Ezkerra literatura aditu, ikertzaile eta BERRIAko kolaboratzaile izandakoak, 2018an eman zuen haren berri egunkarian. By the Sea eleberria hartu zuen abiapuntu artikulurako: Etorkizun historikoaz.

Gorabeherak eta zorrak

Normaltasunerako itzulera izan da aurtengoa akademiarentzat. 2018an bertan behera utzi zuten Literaturako Nobel saria. Sexu abusuen salaketek, eta konfidentzialtasun urraketen akusazioek dimisio soka luzea eragin zuten literatura batzordean. Etena egitea erabaki zuten orduan, eta bi saritu izan ziren, horregatik. 2018koa jaso zuen Olga Tokarczuk idazle poloniarrak, eta Peter Handke idazle austriarrak 2019koa. Estatutuen eta hautaketa sistemaren erreforma bat jarri zuen abian akademiak orduan. Bi saridun zituen salbuespenezko argazkiaren ostean, Louis Gluck poeta estatubatuarra saritu zuten iaz. Gorabehera nabarmenik gabeko bigarren urtea izango dute aurtengoa, horregatik.

Jokin Zaitegi bekari esker Glucken poemak orain argitaratuko dira euskaraz, Garazi Ugalderen itzulpenean.

Zor historikoak ere baditu akademiak. 1901ean saria sortu zenetik 115 egile saritu ditu, guztira, eta haietariko 15 dira emakumezkoak. Bestalde, Europa edo Ipar Amerikakoak dira saritutako idazleen %80, eta, gainerako hizkuntzekin alderatuz gero, gehiengo argia dira ingelesez idatzi duten idazleak: 30. Frantsesez idazten duten 14 idazle, alemanez idazten duten 14 eta gazteleraz idazten duten 11 ere badaude. Hizkuntza gutxituetan idazten duten egile gutxi batzuk ere saritu dituzte inoiz, eta Frederic Mistral okzitaniarra da haien artean ezagunena. 1904an jaso zuen saria, Jose Etxegarai madrildarrarekin partekatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.