Abarkas garaile Bizkaiko Bertsolari Txapelketan

Hirugarren kanporaketa irabazi du, Mungian, eta finalaurrekoetarako txartela poltsikoratu.Xilabako lehen finalaurrekoa gaur jokatuko da

Erredakzioa
Bilbo
2014ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Eneko Abasolo Abarkas-ek bildu zuen puntu gehien Mungiako Olalde aretoan atzo, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketan, eta finalaurrekoetarako sailkatu da. 377 punturekin saritu zuten epaileek, eta haren atzetik sailkatu ziren Joseba Artza (372,5), Gorka Lazkano (342), Jon Rementeria (337,5), Julen Ibarguengoitia (336,5) eta Peio Ormazabal (330,5).

Hiru finalaurrekoetako aurrenekoan, Etxebarrikoan, kantatuko du Abarkasek. Atzo, 200 ikusle pasatxoren aurrean, onena izan zen egin beharreko lau lanetako hirutan: zortziko nagusian ofiziotan, puntuari erantzuten eta baita kartzelan ere.

Bizkaiko Txapelketako laugarren kanporaketa Mallabiako pilotalekuan jokatuko da datorren igandean, eta horretan Arrate Illaro, Eneko Arrate, Gorka Ostolaza, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Peru Vidal lehiatuko dira (17:30).

Ipar Euskal Herriko Xilaba bertso txapelketaren aurreneko finalaurrekoa, bestalde, gaur jokatuko da Larresoroko (Lapurdi) Herriko gelan, 17:00etan hasita. Horretan Maddi Sarasua, Odei Barroso, Ortzi Idoate, Sustrai Kolina, Xumai Murua eta Xan Alkhat bertsolariak arituko dira kantuan. Bigarren eta azken finalaurrekoa Aiziritzen (Nafarroa Beherea) izango da datorren igandean. Finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalerako sailkatuko da zuzenean —Baionan izango da,azaroaren 15ean—, eta beste lau tokiak finalaurrekoetan puntu gehien lortu dutenek lortuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.