Aspalditik da Durangokoa liburu eta diskoetatik harago doan azoka bat. Bere gune ezberdinen eskaintza da horren lekuko. Irudienekoa, kasurako. Han izan ziren atzo arratsean Izibene Oñederra (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979) eta Aitor Arregi (Oñati, Gipuzkoa, 1977) zinemagileak; Lursaguak erakutsi zuen Oñederrak, eta Mateoren ama Arregik, Jose Mari Goenagarekin batera zuzendu duena. Azokako beste espazioetatik ibiltzeko tarterik ere topatu zuten.
Nola heldu zineten hona aurrenekoz?
IZIBENE OÑEDERRA: Ez daukat argi lehen aldia noiz izan zen, baina badakit umezaroan-eta gurasoekin etortzen ginela, ama izaten zela hona etortzeko piztailea, eta orain artisau azoka egiten den lekuan zela. Leku horren flashak baino ez ditut, baina gogoan dut urtero etortzen ginela, buelta bat eman, eta liburu artean ibiltzen ginela, disko artean bainoago.
AITOR ARREGI: Urteaz gogoratzen naiz. 1997an izan zen, unibertsitatean nengoela. Lagun batek animatuta etorri nintzen. Ordutik, urtero etorri naiz. Ni ere liburuen gunera mugitzen nintzen batez ere, eta parrandara ere bai garai batean. Oso plan estrainioa zen, liburuak eta parranda [barrez].
Zerrenda eginda zatozte, ala ikusi ahala aukeratzen duzue?
I.O.: Nik ez dut zerrendarik egiten. Aurreko asteetan bai egoten naizela... ez dakit adi den, baina, irratia pizten baduzu, bai, egoten da halako bonbardatze bat; bonbardatze positibo bat, plazera baita Ruper, Atxaga, Itxaro Borda eta halakoen elkarrizketak entzutea. Ideia bat egiten duzu zein izango den bere ekarpena. Gero hona etorri eta agian ez dakizu zein den izenburu zehatza edo argitaletxea, baina baduzu ideia bat. Gainera, uste dut ez zaidala gustatzen aurretik argi izatea; gero, bertan zaudela, inpultsiboagoa da.
A.A: Niri ere gustatzen zait aurreko egunetako zarata hori, plazer bat da radarrean hau edo bestea jartzen dizutenean. Eta azkenaldian bai etorri naiz zerrenda batekin buruan; urteren batean gertatu zait, halako bulkada kaotiko batean, gehiegi erostea, eta gero laurdena ere ez irakurtzea.
Zuek kulturgileak zarete. Zuen ingurukoak etortzen al dira Durangora?
I.O.: Nik beti bilatu izan dut konplizeren bat etortzeko. Ez dakit inguru zabalago bateko jendea etortzen den. Gero, ni ere ez naiz urtero etorri, baina igual-igual jarraitu dut kultura kontsumitzen. Badirudi orain ez baduzu erosten ez dituzula liburuak irakurtzen, eta hori ere ez da. Baina bai, konplizeekin etorri ohi naiz.
A.A.: Saiatzen zara konplizeak bilatzen, eta ez da esfortzu handia izaten, beti agertzen da baten bat. Baina ados nago Izibenerekin, ni ere urte osoan adi egoten naiz publikatzen denari, eta gustatzen zait orduan ere kontsumitzea.
Hemen bizi izan duzuen une kuriosoren bat.
I.O.: Urte batean, Xabier Gantzarainen bitartekaritzaz-edo, eta Gorka Arresek eskatuta-edo, tokatu zitzaidan mural bat egitea Susako mahaiko atzealdea apaintzeko. Baita Oihana Leundari ere. Eta bitxia izan zen handik pasatu eta zure marrazkia ikustea.
A.A.: Nik gogoan dut behin etorri nintzela, ordurako ja Lucio dokumentala eginda eta harekin urteetako harremana genuela, eta banekiela berak libururen bat publikatu zuela, baina ez etortzekoa zela. Eta bat-batean ikusi nuen, sinatzen; harengana joan agurtzera, eta han etorri zen, ia standa bota zuen [barrez]. Bere adina izango du orain, baina energia hutsa da.
Baina bat azokari.
I.O.: Niri gertatu zitzaidan urte batean ez etorri, eta hurrengoan joatea Igelaren standera, eta ikustea liburu pila bat kaxatxo batean sartuak zituztela, stand laurden bat edo erdi bat zutelako. Eta gero ikustea, adibidez, umeentzako liburuek zenbat leku hartzen duten... Uste dut argitaletxe batzuek, dirua dutenek, besteen tokiak jan dituztela, eta besteek eskaintzeko duten hori gero eta ezkutuago dagoela.
A.A.: Ez da baina bat, gehiago da hona natorrenean dudan kontraesan bat. Niri asko gustatzen zait liburu denda batean sartu eta begiratzea, denbora hartzea, galdetzea, aukeratzea... Irakurtzearen plazeretako bat da aurreko hori niretzat. Hona gustura etortzen naiz, baina kontraesan horretan erortzen naiz; plazer hori galtzen dut hainbeste jenderen artean.
Bi hitzetan, zertan egin dugu aurrera kultur komunitate gisa?
A.A.: Niretzat, argi eta garbi, abanikoa zabaldu egin da, eta ez bakarrik liburu eta diskoetan; baita gure esparruan ere, zineman, dudarik gabe. Sortzaileen profila zabaldu da, eta, horrekin batera, garapen bat izan du ikuslearenak. Aniztasun horretan, publikoak badu non aukeratua, eta hori niretzat aurrerapauso handia da.
I.O.: Ados nago. Uste dut aniztasun hori zineman badagoela, bestela nire zinemagintza ez litzateke existituko. Kulturan bada muturreko gauzak ere egotea permititzen duen indar bat. Bestetik, aurrera egin da feminismoaren inguruko pentsamendua oso modu naturalean zabaltzean kulturan.
Eta zertan goaz atzera, edo zertan gaude trabatuta?
A.A.: Sentsazioa dut azkenaldian nahiko obra erosoekin topo egin dudala, hatza zaurian sartzen ez dutenak, jende gehiagori gustatzeko edo. Ez dakit, batzuetan gure obra ere sartzen dut horretan, konplazentzia horretan edo. Ez dakit, baina irudipena dut agian egon litekeela arrisku bat benetan deserosoak diren egileak galtzekoa batzuetan.
Aurtengo uztako bina ale?
A.A.: Ramon Saizarbitoriaren Miren eta erromantizismoa; eta Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak.
I.O.:Antzara eguna, Harkaitz Cano eta Adur Larrearena; eta Itxaro Bordaren Susmaezinak.
Durangoko 54. Azoka. Azokako beteranoak. Izibene Oñederra eta Aitor Arregi. Zinemagileak
«Abanikoa zabaldu egin da, eta publikoak badu non aukeratu»
Irudienean beren lanak aurkeztu dituzte Oñederrak eta Arregik, eta azokan ibiltzeko tartea ere hartu dute. Bat datoz biak kultur arlo gehienetan eskaintza gero eta askotarikoagoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu