gorka erostarbe leunda

Abangoardista baten hegaldi laburra

2013ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Abangoardia eta denbora. Horra Nicolas Lekuonaren (Ordizia, Gipuzkoa, 1913-Fruiz, Bizkaia, 1937) izenarekin batera etengabe loturik azaltzen diren bi kontzeptu. Gerra aurreko garaian abangoardien berri izan soilik ez, haiei estuki loturik lan egin zuelako aurrena. Eta bere garaiko pertsona eta artista izateaz gain, Espainiako gerrak bere ibilbidea luzeagoa eta oparoagoa izatea ekidin ziolako bigarrena. Abangoardiaren hegoak ebaki zizkion gerrak. Apenas izan zuen pintore, argazkilari eta sortzaileak lau urteko jarduera artistiko laburra.

Anda-eramaile lana egiten ari zela hil zen, Fruizen (Bizkaia), gerra betean. Lau urte ere ez ziren izango arte sorkuntzan erabat murgildurik zegoela. Ordurako, ordea, aukera izan zuen Madrilera joateko eta hango abangoardiak ezagutzeko, literatur zirkuluak batez ere. Espainiako Bigarren Errepublikan Madrilen bizi izan zen, 18 eta 21 urte bitartean. Ramon Gomez de la Sernaren bitartez, Federico Garcia Lorca, Pedro Salinas, Miguel Hernandez, Rafael Alberti eta beste zenbait idazle miretsi zituen. Garaiko zinemak ere eragin handia izan zuen beregan, batez ere Buñuel eta Daliren Un perro andaluz filmak liluratu zuen. Bestalde, Donostiako Kursaaleko erakusketa handi batean Dali, Picasso, Miro, Juan Gris, Le Corbusier eta Bauhauseko artistek pinturan eta arkitekturan egindako lanak ezagutzeko aukera izan zuen.

«Kanpoko erreferentziak bereganatzeak eta horiek guganaino bideratzeak egiten du garrantzitsu Lekuona, baina ez horrek bakarrik. Hori bakarrik balitz, ez litzateke nahikoa izango. Hutsune historiografiko bat betetzeko pertsonaia baliagarria izango litzateke, baina ez gehiago». Asier Mendizabal artista ordiziarrak ondo ezagutzen du herrikidearen bizitza eta jarduera. Ehun urtetik lau: zergatik den hain garrantzitsua Nikolas Lekuonaren lana izeneko hitzaldia egingo du gaur Ordiziako Barrena Kultur Etxean (19:00), hain zuzen ere, Lekuona jaio zela mendeurrena ospatzeko egiten ari diren ekitaldietan. Ortzadar Argazki Elkarteak Nicolas Lekuona: abangoardista baten egungo irakurketa. 1913-2013ko erakusketa urtarrilaren 3ra bitartean izango du zabalik leku berean.

Lekuonaren lana zergatik den garrantzitsua honela azaldu du Mendizabalek: «Paradoxikoki ez da haren originaltasuna. Beti pentsatu izan da artista apurtzailea dela, eta haren lanak iraultza bat suposatzen duela, baina ez da hori, baizik eta justu momentu horretan egiten zuena beste tokietan egiten ari zenaren oihartzun oso garbia zela. Baina badago alde bat berak egiten zuenaren eta momentu hartan egiten ari zirenaren artean. Ikusten dira jarraipen batzuk, baina ikusten dira, era berean, halako berezitasun batzuk ere. Sumatzen da sentsibilitate berezi bat, eta, ariketa arriskutsua den arren, sumatzen da haren lana denboran luzatu ahal izan balitz zein garrantzi hartuko zukeen pertsonak. Euskal abangoardia kasik jaioberri horrek bere fruitua eman izan balu...».

Margolanak egiten zituen, marrazkiak ere bai. Baita argazkiak ere. Baina bere sentsibilitate berezia nonbait garatu bazuen fotomuntaketan izan zen, Mendizabalen hitzetan. «Ez bakarrik hor ikusten delako haren sentsibilitatea beste inon baino hobeto, baizik eta fotomuntaketa delako, eta ez soilik Euskal Herrian, leku guztietan baizik, garaiko medioa. Bat-batekotasuna planteatzen duen medioa da, errepresentazio mediatikoekin egiten du lan, prentsako argazkiekin... Gainera,berak ekartzen du teknika poetiko batetik zinemarena den estruktura bat, muntaketarena. Eta horregatik da oso inportantea. Haren garaiko fenomeno paradigmatiko bat da arte sorkuntzan, berak sentsibilitate oso bereziz landu zuena». Fotomuntaketa gehienak 1932. eta 1935. urteen artean sortu zituen. Objektuak testuinguruz aldatu eta libreki elkarrekin lotzen zituen surrealisten mundutik gertuko ariketak eginez, dadaista eta kubistenetik baino gehiago. Bi gai landu zituen bereziki: langile eta nekazarien mundua eta gerrarekin zerikusia zutenak. Kapitalismoaren eta gerraren sinboloei mespretxua agertu zien. Emakumearen eta kirolaren gaiarekin erlazionaturiko muntaketa estetizistak ere egin zituen. Lan horietan ageri duen indar bisualak eta muntaketarako joerak zinemarako bidean jar zezakeela uste du Mendizabalek. «Gomez de la Sernak esana zion bide hori har zezakeela, eta nik susmoa dut, nahiz eta arriskutsua den halakorik esatea, izan ez dugun abangoardiako zinema zuzendari bihur zitekeela».

Madrilgo ikasketak amaiturik Gipuzkoara itzuli eta arkitektura arrazionalistaren munduan hasi zen lanean, baina jarraitzen zuen marrazki eta pinturak egiten. Horietan surrealismo organikoa lantzen zuen, bi gai jorratuz: paisaia bakartuak eta giza itxurako irudi kolore bakarrekoak. Zuloz betetzen zituen lan horiek, Henry Moore, Alberto Sanchez eta Jorge Oteizak berak erabiltzen zituzten hutsune espresionisten moduan. Mendizabalen ustetan, ez zion astirik eman «anbizio eta entitate sendoko» margolanak egiteko: «Ezin da epaitu haren pintura lan heldu bat izango balitz bezala, ez ziolako denborarik ere eman».

Egin zituen marrazki ugariagoetan heterogeneotasun handiagoa nabari zaio, ordea: «Marrazki pribatu eta intimoak, ingurukoen karikaturak edo erretratu xumeak, umoristikoak ere bai, publizitatean eta diseinuan egindako saiotxoak... Esparru zabalagoa denez, iradokitzaileagoa da bere estiloa, soltura hori ikustea. Badauka teknikatik eta trebeziatik haragoko sentsibilitate bat...».

Madrilgo abangoardia eta Paristik zetozen kontuak ezagutzen zituen, baina gertueneko harremanak Jorge Oteizarekin, Cristobal Balentziagarekin eta Jose Sarriegi pintore eta herrikidearekin izan zituen.

Lekuona eta Gu elkartea

Anbizio abangoardista zuen gutxietako bat zen Oteizarekin batera, baina ez zen bakarra. Donostiako Gu Elkartearen inguruan biltzen zen artista taldeak ere abangoardiak ezagutu ez ezik, menderatzen zituen. Haietaz gogoratzea «deserosoagoa» egiten da, ordea, Mendizabalek adierazten duenez. «Abangoardista puruak ziren. Abangoardista futuristak. Cabanas Erauskin, Olasagasti, Aizpurua... Haiek Parisera begira ez, Erromara begira zeuden. Erromara begira zeudela garatu zuten futurismoaren faszinazioa eta, futurismoaren bidetik, faxismoarena. Falangearen iruditeria lantzen lehen talde indartsua osatu zuten».

Eta Nicolas Lekuonak zer harreman zuen haiekin? «Harremana zuen, lagunak zituen, baita lankideak ere zenbait. Nazionalak Gipuzkoan sartzean haiengana hurbildu zen. Arrazoia? Lekuonak keinu bat egin zuen ideologikoki falangearekiko? Ez dakit, baina ez dut uste. Zerikusi handiagoa dauka kontu pertsonalekin. Oteiza, lagun mina zuena, Ameriketara joan zen bi urte lehenago, eta ziur aski beharra sentitu zuen erreferente berriekin harremantzeko. Baina historia dena da, eta behartuta mobilizatuta ere, nazionalen bandoan hil zen Lekuona, beste hainbat bezala».

Lekuonaren heriotza goiztiarrarekin abangoardiak garatzeko aukera bat urratu zela uste du Mendizabalek. Hala ere, haren arrastoa handia izan da euskal artisten belaunaldi berrietan. «Aztertzeko dago oraindik zergatik utzi duen horrelako marka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.