Abangoardian pintatu zuenaz

Gasteizko Artium museoak Rafael Lafuente margolariari eskainitako erakusketa ireki du: 'Konposaketak'. Artistak hil aurreko lau hamarkadetan ondu zituen lanak ikus daitezke

Lafuente giza irudiak margotzen hasi zen 1960ko hamarkadan, baina, urteak aurrera joan ahala, desagertuz joan ziren haren obran. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Abangoardiako margolaria izan zen Rafael Lafuente (Gasteiz, 1936-2005): bere garaiaz gaindiko artista bat. Korrontearen aurka aritu zen beti, unean uneko narratibatik kanpo, eta zehaztasuna nahiz esperimentazioa izan zituen ardatz. Autodidakta izan zen, eta hizkuntza propio bat ere garatu zuen forma geometrikoak eta koloreak uztartuta. Horren guztiaren erakusgarri da Gasteizko Artium museoak artistari eskaini dion Konposaketak erakusketa. Museoaren A3 aretoan egongo da ikusgai, maiatzaren 14ra arte.

Lafuentek hil aurreko lau hamarkadetan ondutako lanak biltzen ditu erakusketak, eta begirada bat eskaini espresionismotik abstrakzio geometrikora egin zuen bideari. Guztira 34 margolan eta 25 lan grafiko daude ikusgai, bestelako hainbat dokumentu, ohar, plano, zirriborro eta marrazkirekin batera. Obra batzuk inoiz ikusi gabeak dira, gainera; izan ere, familiak gaur arte artistaren estudioan gordeta zeuzkan piezak ere ikus daitezke erakusketan, Artiumen bildumako parte diren artelanez gain.

Berriki berreskuratu, identifikatu eta katalogatu dituzte, Gorka Lafuente artistaren semeak azaldu duenez. «Azken bost-sei urteetan aritu gara artxiboan lan egiten, dokumentazioa eskuragarriago eta antolatuago izateko. Beraz, guretzat garrantzitsua da erakusketa orain egitea; garai egokia da». Semearen hitzetan, halaber, aitaren lan prozesuen eta etapen berri jakiteko aukera ematen du erakusketak.

Ezinbesteko artista

Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariaren hitzetan ere, erakusketa «oso berezia» da museoarentzat, Lafuentek artista gisa duen garrantziagatik eta museoaren eginkizunarekin duen loturagatik. «Ezinbesteko pertsona da ulertzeko XX. mendearen bigarren erdian zer gertatu zen artearen inguruan Euskal Herrian, eta bereziki Araban. Itzal handiko artista da, eta museoari lagun diezaioke ondarea berreskuratzeko eta ezagutarazteko egiten ari den lanean».

Izan ere, hori da Artiumen helburuetako bat: sarri «diskurtso handien aldirietan» geratu diren artearen historiografiak berreskuratzea, Herraezek azaldu duenez. «Horiek gabe, ezinezkoa da gaur egungo artearen paisaia ulertzea». Horregatik, Artiumen aurtengo lehenbiziko erakusketa bada ere, museoaren 20. urteurreneko programaren barruan sartu dute —iaz ospatu zuen urteurrena—.

Herraezek azaldu duenez, artxiboko lan handiaren ondorio da erakusketa. Enrique Martinez Goikoetxea arduratu da lan horiek kudeatzeaz, eta hark egin ditu erakusketaren komisario lanak ere. «Erakusketa ez da Lafuenteren lanen atzera begirako bat, baizik eta artelanen eta artxiboko dokumentuen bitartez bere burua eraiki zuen artista baten planteamendu plastikoen konplexutasuna erakusteko modu bat», adierazi du Martinezek.

Kronologia bat

Lafuentek 1960 eta 2004 bitartean egin zituen lanak ikus daitezke erakusketan, hainbat aretotan banatuta eta modu kronologikoan antolatuta. Urte horietan, artistak tekniken, bitartekoen, euskarrien eta formatuen inguruan ikertu eta esperimentatu zuen, hizkuntza geometriko zorrotza garatu arte.

«Prozesu guztiz independentea izan zen, garai hartako gustu eta narratibekin zerikusirik ez zuena. Etengabe egin zuen talka bere inguruan eta bere garaian pinturaren alorrean gailendu ziren gustuekin eta tradizioekin», azaldu du Martinezek. Paisaiak margotzen ziren garaian giza irudiak margotzen hasi baitzen Lafuente.

1960ko hamarkadan izan zen hori, eta ordukoak dira, hain justu, erakusketan ikusi litezken lehen obrak ere. Askotariko kolore eta formez osatutako margolanak dira, eta, haietan, giza irudiaren figura koadroaren atzealdearekin nahasten da. Praktika horren adierazgarri dira, esaterako, Figuras en su juego (1969), Figura atrapada en su jardín (1969) eta Mujer en un paisaje (1961) obrak.

Erdiko aretoak, berriz, praktika erabat geometrikoak landu zitueneko obrak biltzen ditu. Lan horietan, jada galduz joan zen gizakiaren giza irudia, eta «aitzakia» baino ez zen izan formarekin eta koloreekin jolasteko. Mihisea ere biratu zuen tarteka, laukiaren ordez erronbo bat izateko oinarri modura.

Hirugarren aretoan, zenbait euskarritan egindako obrak ikus daitezke, hala nola egurraren, kristalaren eta aluminiozko xaflen gainean margotutakoak. Izan ere, 1990eko hamarkadan beste urrats bat egin zuen Lafuentek esperimentazioan, «geometriarekin zuen konpromisoari eutsita betiere». Alboko areto txiki batean bildu dituzte artxiboko dokumentuak eta bestelako materialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.