Aitor Mazo. Aktorea

«Abadiak duen aberastasuna ipini nahi dugu jendearen aurrean»

GARI GARAIALDE / ARP.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Heldulekurik ez du falta Aitor Mazo aktoreak. Izan ere, geografo, astronomo, abenturazale, hizkuntzalari eta euskal kulturaren eragilea izan zen Anton Abadia (Dublin, 1810- Paris, 1897), eta, hain zuzen ere, hori da apirilaren 23tik 26ra Bilboko Loraldia jaialdian jokatu beharko duen pertsonaia. Abadia izango da Mazo zenbait egunez. Patxo Telleriak prestatu du apirilaren 23an egingo den emanaldiaren testua, eta Kukai Dantza taldearekin eta Arkaitz Miner musikariarekin izango da oholtza gainean.

Nola prestatu duzue saioa?

Oraindik ere prestatzen ari gara. Ez da gauza izugarri bat izango; oso gauza txikia da, eta jaialdiari hasiera ematea da asmoa. Anton Abadia Bilbora heldu dela kontatzen du ikuskizunak, eta nola abiatzen duen dena. Nik emango diot hasiera guztiari.

Testua bakarrizketa modura prestatu duzue?

Anton Abadiaren iturburuan aritu gara istorioa nondik nora joan zitekeen begiratzen, eta Patxo Telleriak prestatu du testua. eta orain haren gainean ari gara eraikitzen istorioa.

Pertsonaia asko har ditzake pertsonaia bakarrak kasu honetan. Adar askoko figura da. Kaos moduko batean murgilduko da aktorea halakoetan, ezta?

Aktorearentzat ona da hori. Beste kasu askotan ezin dira hainbeste gauza esan. Abadiaren inguruan, aldiz, bai. Hark zuen aberastasun hori ipini nahi dugu jende aurrean, jendeari ezagutarazteko. Izan ere, ez da oso ezaguna ere. Ez dugu askorik ezagutzen Abadia, eta jendeari ongi etorriko zaio nor izan zen jakiteko eta zein gizon polifazetikoa izan zen ulertzeko. Euskaragatik egin zituen guztiak ere ez ziren gutxi izan, eta uste dut ongi egongo dela emanaldia pertsona historikoa benetan merezi duen mailan jartzen laguntzeko. Eta, gainera, saio dibertigarria egitea lortzen badugu, hobeto.

Zuk ezagutuko zenuen Abadia, baina orain, sakonago landu duzula, harritu zaitu zerbaitek?

Ezagutzen nuen, noski, baina ez hainbeste; gaur egungo euskaldun asko eta askoren moduan. Banekien nor zen, banekien astronomoa zela, euskaltzalea... baina ez askoz gehiago. Oso sorpresa ederra izan da. Oso bitxia da pertsona, eta lastima da halako gehiago ez egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.