1980ko hamarkadaren hondarretan ekin eta milurteko berriaren hastapenetara heldu artean, ordena kultural berri bat ezarri zuten hainbat artistak, eta, batik bat, hainbat kolektibo artistikok 90eko urteetan. Gertatu zen Euskal Herrian, baina gertatu zen testuinguru globalean ere. «Orduan hasi zen, hain justu, globalizazioaz hitz egiten. Ez geunden isolatuta». Beren bulkada artistikoa garaiko zurrunbilo sozial, politiko eta kulturalari itsatsita garatu zuten artista talde ugarik, eta arteari zein gizarteari begiratzeko modu berriak hedatu zituzten. «Artistek gertatzen ari ziren aldaketak bultzatu, eta horietan hartu zuten babes». Konpromiso artistikoa, besteak beste, konpromiso feminista, ekologista, intelektual eta sozialarekin uztartu zuten, eta mugimendu hura «mapatu eta kronologia batean txertatu» du Nekane Aranburuk, historiografia berri bat proposatuz. Gaiaren inguruko doktorego tesia du ondua, eta hura oinarri hartuta ireki du orain San Telmo museoak 90 berriak izeneko erakusketa, Donostian. Ekainaren 4ra bitartean bisitatu ahalko da.
«90eko hamarkada ez dago urrun, baina pasatu dira urteak, eta garai ona da hau hari begiratzeko», Susana Soto San Telmoko zuzendariaren esanetan. Hiru hitz lotu dizkio garai hari: eferbeszentzia, kolektibitatea eta aldarria. «Bakarka lan egitetik, elkarrekin lan egiteko joera nagusitu zen, eta hori da erakusketa honen gako nagusietako bat», azpimarratu du. Denera, 160 artista eta kolektibo inguru bildu dituzte, garai hartan elkarlanerako sortu zituzten espazio eta egitasmoetan parte hartu zutenak —El Gallinero, Zelai Api, Zapatari, Arteleku, La Fiambrera, Las Chamas, Consonni eta beste hainbat—, eta orduan garatutako obrekin batera jarri dute ikusgai espazio horietan gertatutako performanceen, desfileen, tailerren eta bestelako topaketen inguruko askotariko materiala; elkarrizketen audioak, sasoiko argitalpenak, erakusketen argazkiak, altzariak —Artelekukoak dira, adibidez, erakusketan zehar sakabanatutako aulkiak—, eta beste. Soto: «Urte horietako artelanez gain, sasoia bera nabarmentzen da erakusketan. Talde ekimenaz betetako denbora bat, era guztietako izaera sozial, politiko eta aldarrikatzailez betea. Hori da, hain justu, San Telmoren interesgunea: ez erakustea soilik sormen artistikoa, ezpada horiek eratzen diren testuinguru soziala».
Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak, berriz, «ispilua» erabili du erakusketa definitzeko: «Artistek sistema zirikatu zuten, eta gutako bakoitzak orduan zer egin zuen, nola bizi izan zuen, hor agertuko zaigu».
Bideoak, tailerrak, sareak
Aretoaren atarian, panel batek egiten dio harrera bisitariari, eta hor zehaztutako ordena kronologikoari segika dator ondotik erakusketaren ibilbidea ere. San Telmon bertan jazotako esperientzia birekin abiatzen da: Bosgarren Kolektiboak sustatuta, 1990ean San Telmon egin zen Bideoaldia jaialdiari gordetako eremua, batetik —ekoizpen artistikoa zabaldu zuen bitarteko nabarmena bideoartea izan zen urte haietan; eta museoko Abangoardia aretoa deiturikoan 1991-1995 artean erakutsitako lanei eskainitako espazioa, bestetik.
Tailerrak datoz gero, eta «atal hau oso inportantea da» esan du Aranburuk bertara iristean. «Jende asko ari ginen unibertsitatetik ateratzen. Eskari handia zegoen, eta eskaintza txikia. Hala ugaritu ziren hainbeste tailerrak, eta, horiekin, artisten sareak». Zumaiako (Gipuzkoa) Zelai Azpi—Aran Santamaria, Ander Hormazuri, Barbara Stammel eta Txiki Agirre Keixeta artistak osatutakoa— eta Donostiako Igara auzoko industria pabiloi zahar batean eratutako El Gallinero izan ziren horietako bi, eta Arteleku ere nabarmenduta ageri da tartean.
«Urte biziak izan ziren», gogorarazi du Aranburuk. «Langabezia, hiesa, hilketak... hori dena erakusketan dago, baina sakondu gabe; bisualki esplikatzen da, orduko zenbait fotokazetari eta artista argazkilariren bitartez; Isabel Azkarate, Maribi Ibarrola, Fernando Postigo, eta beste». Nabarmendu du, halaber, egun izen handiko artistak direnak artista ezezagunagoekin elkartu izana, «90eko izpirituari eutsita».
Garai analogikotik digitalerako urratsa finkatu zen hamarkada ere izan zen 90ekoa, eta eragin zuzena izan zuen horrek artisten jardunean. Ordura arte ikusi gabeko obrak eta teknikak ekarri zituen, baita sorkuntza garaikideari buruzko pentsamendua zabaldu ere. Marisa Gonzalez arte elektronikoan aitzindaria eta Koko Ricok Polaroid kamerekin egindako lanak ageri dira atal honetan, esaterako. «Autoerreferentzialitatearen gaia ageri zaigu hemen; euren burua obren barruan sartzen dute artistek».
Aranbururen ustetan, auzi sozialen gaineko begirada nabarmendu egiten da erakusketan generoaren gaineko eztabaidetara heltzen denean. «Erakusketak gogoeta eragin nahi badu, ez da gure iraganaz soilik, gure orainaz ere bada. Ageri diren irudi eta arazo batzuk amorragarriki garaikideak dira».
Hamarraldiaren hondarrean, Nicolas Bourriadek «estetika erlazionala» izendatu zuen inguruan parte hartzeari loturiko praktika multzo bat, baina, Aranburuk dioenez, nazioartean etiketa zabaldu aurretik praktika hedatua zen hura euskal testuinguruan. «Janariak garrantzia zuen ebentoak ziren, artistek auzoetan egiten zituzten mediazio lanak...».
90 berriak da hamarkada hari espresuki eta «halako dimentsioarekin» egin zaion lehen erakusketa, ikerlariaren esanetan. Argi esan du ez dela soilik arteari buruzko erakusketa bat, ezpada bilakaera sozialari buruzkoa. «Artea eta mugimendu sozialaren garapena eskutik joan ziren».
90eko artearen mapatze bat
Nekane Aranburuk 1990eko hamarkadan lanean aritu ziren kolektibo artistikoen gaineko zeharkaldi bat proposatu du '90 berriak' erakusketan. San Telmo museoan dago ikusgai, ekainaren 4ra arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu