90 ikuskizun hartuko ditu Arriaga antzokiak 2023-2024ko denboraldian

Beste urte batez, ekoizpen propioen aldeko apustua egingo dute. Antolatzaileek Die ersten Menschen, Saturraran eta Festen obrak nabarmendu dituzte, besteak beste.

Juan Mari Aburto eta Calixto Bieito, gaur goizean, Bilboko Arriaga antzokian. ARRIAGA ANTZOKIA
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko ekainaren 5a
12:32
Entzun

Bilboko Arriaga antzokiak prest du 2023-2024ko denboraldia. 90 ikuskizun inguru taularatuko dituzte denera, eta, nazioarteko proposamenak ekartzeaz gainera, tokiko eszena «bultzatzen» jarraituko dutela adierazi dute. Gaur aurkeztu dute, Arriaga antzokian, eta bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa.

Ekoizpen propioen eszenaratzea funtsezko zutabeetako bat izango da aurten ere. Festen izango da horietako bat. Thomas Vinterbergen izen bereko filmean dago oinarrituta, eta Maria Goirizelaia arituko da zuzendari lanetan. Goi mailako klaseko harreman sozialetan dagoen faltsukeria hartuko du oinarri antzezlanak, eta ikuslearen kontzientzia astintzea izango du xede. Urriaren 6an izango da estreinaldia, euskaraz. Horrez gain, antzerkia eta musika uztartuko ditu Guridi: magical bidaia ikuskizunak. 2024ko martxoan estreinatuko dute, eta «road movie emozional bat» izango dela aurreratu dute.

Bi horiez gainera, beste bi ikuskizunen ekoizpenean ere parte hartu du Arriaga antzokiak: Lost letters, Lucia Lacarra Ballet konpainiaren dantza piezan; eta Fernando Bernuesek zuzendutako Lucha y metamorfosisde una mujer obran.

Halaber, euskal sortzaileen edo taldeen beste sei antzezlan eta dantza obra bat ere estreinatuko dituzte datorren sasoian: Nancy Grace Roman, Machos en flor, Kortxoaren dilema, Esnearen kolorekoa, La sed del minotauro, Bihar arte soilik eta Tierra de nadie.

Opera ekoizpenak

Operak ere pisu handia izango du datorren urteko egitarauan. Antolatzaileek Die ersten Menschen eta Saturraran operak azpimarratu dituzte. Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean ondu du lehenengoa Arriagak, eta 2024ko apirilean estreinatuko dute. Saturraran, berriz, 2024ko ekainean iritsiko da taula gainera. Kirmen Uriberen libreto batean dago oinarrituta obra, eta honako hau izango da abiapuntu nagusia: «Saturraran elkar maitatzerik ezin duten bi emakumeren istorioa da. 80ko hamarkadan, Ane, itsas zabaleko arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean iritsi zen neska andaluziarra, bata bestearekin maitemindu ziren. Heroinaren zurrunbiloak harrapatuta, eta bizilagunen gaitzespena sentitzen zutela, Saturrarango espetxeko gerakinak babeslekutzat hartzea erabaki zuten».

Era berean, tokiko eta nazioarteko askotariko dantza, musika eta antzerki emanaldiak ere taularatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.