Ramon Andresek (Iruñea, 1955) gutxitan egin ditu horrelako ariketak. Idazle da ofizioz, eta aspaldi «modu bakartian» bizi dela dio, baina gustura hartu du 1972-2022 Topaketak antolatzeko ardura. Nafarroako Kultur Kontseilaritzatik heldu zitzaion Iruñeko 72ko Topaketak oroitzeko programa antolatzeko eskaria, eta «gaur egun munduan gertatzen ari dena ulertzeko» balio dutelakoan dago.
Ikusi gehiago:ARTE KONSTELAZIO BAT IRUÑEARI OPARI
Nondik etorri da 1972ko Topaketak berrikusteko ideia?
Nafarroako Gobernutik. Urteurrenaren ospakizuna argi ikusten zen, oso gertaera iraultzailea izan baitzen. 1972an oraindik diktadurapean zegoen Iruñea, eta horrelako topaketak antolatzea apurtzailea izan zen.
Nola gogoratzen dituzu zuk 1972ko Topaketak?
Garai hartan ez nengoen Iruñean. Txikitan Bartzelonara joan ginen familiarekin, eta han jaso nuen topaketen oihartzuna. Halere, mitifikatu egin dira, nire ustez. Apurtzailea izan zen hura, bai, baina ez zen memorian iltzatuta geratu. Ez zuen arrastorik utzi, deus gutxi. Are gehiago, uste dut topaketen oso irudi lausoa mantendu dela; adibidez, bi egun besterik iraun ez zuten arkitektura puzgarriek. Hiri kontserbadorea zen Iruñea, oso polarizatua; eta horrek kontrastea areagotu zuen, baina arrasto gutxi geratu da. Haien oroitzapena ez da anekdotikoa, baina ia. Aire berri horrek artista anitzi eragin zien, baina iraganeko kontua da.
Egun, jendeak oroitzen ditu?
Jende nagusiak, bai. Alde Zaharreko jendeak, ziurrenik. Izanen dute oraindik arte estruktura haien oroitzapena; diktadura baten erdian, ordena tristea hausten zuten gauza txikiak zirelako. Ez diet garrantzirik kendu nahi, kasu, benetan gertaera inportantea izan zelako.
Hiria abangoardiarekin lotzea izanen da aurtengo erronka?
Arte topaketak antolatzeak berez dakar erronka bat. Baina 1972koez oso bestelakoak izanen dira: orduan, happening anitz antolatu zituzten, performanceak ere bai... Garai hartan, eszenaratze oso dibertigarrien aldeko apustua egin zen. 50 urteren ondoren, gauzak aldatu egin dira. Gure mundua oso konplexua da gaur egun, eta ez nuke nahi gertatzen ari den guztia ahanzturan geratzerik.
Dibertituko gara, jakina, baina horretaz gain, sakontzeko eztabaida oso interesgarriak izango ditugu: filosofiaz, feminismoaz, arteaz, gorrotoaren aurkako diskurtsoez... Ezin genuen aukera galdu, herritarrei dibertsio huts bat eskaintzeko.
Aurtengo programa sakonagoa izango da, beraz?
Baietz erranen nuke. Agian ez da oso diplomatikoa nik hori esatea, baina hala dela uste dut. Hain zuzen ere, munduaren ñabardurak ulertzeko ari gara aurtengo topaketak antolatzen, bortizkeriari aurre egiteko, erradikaltasunetik pentsatutako kontrapuntua proposatzeko. Aldi berean, programazioak hainbat jarduera eskainiko ditu: performanceak, kontzertuak, zirkua, karrikako tailerrak... Uste dut gauza anitz dugula eskaintzeko.
Nostalgian erori gabe, ezta?
Hori da. Topaketak aurkeztu genituelarik, nostalgiaren arriskua aipatu genuen. Egun, nostalgiak ez du lekurik gurean, mundua guztiz ezberdina da, eta proposamena ere bai. XXI. mendearen arabera egina da.
Baina festa bat ere izanen da.
Egia da. Gogoaren eta pentsamenduaren festa izanen da. Lehenbiziko topaketetan artearen ospakizunaren izaera herrikoia nabarmendu zen. Jarrera horren jarraipena izanen da aurtengoa: karrikan bertan egonen dira tailerrak eta zinema ibiltaria. Ekitaldien doakotasuna ere azpimarratu behar da, dena diru publikoarekin egiten baita.
Zerk egiten dizu ilusio berezia?
Artista eta pentsalari anitz ikusteko gogoa dut: Peter Sloterdijk, Massimo Cacciari, Svetlana Aleksievitx, Pascal Bruckner... Horrek egiten dit ilusioa. Bertzalde, pozten nau jakiteak kultura ez dela berriz entretenimendutzat edo aisi soiltzat hartuko, konpromisotzat baizik, aisialdirako eskaintza zabal-zabala baitago.
Zer erran nahi duzu?
Tamalez, kultura indarra galtzen ari da, eta distrakzioarekin parekatu da. Elkarrizketarako, partekatzeko eta hartatik ikasteko diseinatu ditugu 1972-2022ko Topaketak.
Topaketak bertan daude. Herritarren memorian geratuko direla uste duzu?
Oxala hala balitz. Nire asmoa da topaketa hauek hirian arrasto bat uztea, dinamika kultural bat eragiteko, Iruñeak behar baitu. Eta topaketa horiek etorkizuna birpentsatzeko hazia izan badaitezke, are hobeki.
Ramon Andres. 1972-2022ko Topaketen komisarioa
«72ko topaketen oroitzapena ez da anekdotikoa, baina ia»
Ofizioz idazlea da Andres, baina komisario lanean arituko da aurten, 1972-2022ko Topaketetan. Urriaren 6tik 18ra eginen dira eta 70 jardunaldi baino gehiago antolatzeaz arduratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu