70etako ahizpatasuna, soul, funk eta pop airez

Stepney Sisters banda feminista britainiarrak kontzertu ugari eman zuen 1975-1976 urteetan, emakumeen askapenaren eta okupazio mugimenduaren alde. Ia mende erdi geroago, lehen diskoa kaleratu du, orduko kantekin

Stepney Sisters taldearen kontzertu bateko irudia ageri da joan den astean argitaratu zieten debut diskoan. ALCOPOP!.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Hamazortzi hilabete, 1974 bukaeratik 1976ko udara bitartekoa. Stepney Sisters taldearen iraupena. Tartean, dozenatik gora kantu eta 50 bat kontzertu. Mugimendu feministaren alde asko —lehen kontzertua Londresko Covent Gardenen eman zuten, 1975eko otsailaren 20an, Emakumeen Arte Aske Aliantzak antolatutako jardunaldietan—; okupa eta langile mugimenduen alde ere gutxi ez. Ez alferrik, beraiek ere East Endeko etxe okupatuetan bizi ziren Londresera iritsi zirenetik. Taldeari jarri zioten izena bera, Stepney Sisters,aldarrikapen bat zen, eremu okupatu bat baitzekarren gogora. Margaret Thatcher agintearen atea jotzen hasia zen, eta talka soziopolitikoak agerikoak ziren Erresuma Batuko gizartean.

Stepneytarrak ziren: Marion Benni Lees (baxua), Caroline Gilfillan (ahotsak eta hainbat tresna), Susy Hogarth (bateria), Nonny Ardill (gitarra), Sharon Nassauer (teklatua) eta Ruthie Smith (ahotsa eta saxofoia). Elkartu aurretik ere, denek bazuten harremana musikarekin: ikasketa klasikoak zituen zenbaitek; Resister Sisters talde ezkertiar proto-punkean aritua zen Hogarth; Nassauer, Shazen; baina aurrekari garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Xpensive soul banda izan zen. Talde horretan aritu ziren Lees, Gilfillan eta Smith, kantari, 1970etako lehen urteetan.

Yorkeko unibertsitatean ezagutu zuten elkar, eta kantugintzan gogoz murgildu ziren hirurak. Hala ezagutu zuten Bob Marley izeneko gazte bat, The Wailers taldearekin, 1973an, Langwith Collegen eman zuten kontzertu batean. Hiru neska haien ahotsek hainbeste harritu zuten Marley, bere taldean sartzea proposatu zien. Ezetz erantzun zioten, ikasketak amaitu behar zituztela.

Yorkeko ikasketak amaitu zituztenean, Londresera aldatzea erabaki zuten Xpensivekoek, musika munduan bidea urratzea. Heldu bezain pronto, baina, bandako gizonezkoek proiektu berriei ekin zieten. 1974a bukatzear zenean, talde propioa sortzea erabaki zuten hiru neskek. Iragarkia ere jarri zuten kideak bilatzeko. «Dei mordoa jaso genuen, 'nik badut zuek behar duzuena, panpoxa' eta antzeko lerdokeriak esaten zizkiguten mutilenak, eta kantatu bakarrik ez, instrumentuak ere geuk jo behar genituela erabaki genuen», adierazi du Gilfillanek. «Xpensive taldean hasi ginen geure kantuak egiten. Gogoan dut zenbaterainoko lotsa sentitu nuen nire Dreaming taldekideen aurrean lehen aldiz kantatu nuenean», gogoratu izan du Smithek. Emakumeak koristak izan ohi ziren gizon mundu hartan.Hogarth, Ardilleta Nassauer gehituta, bada, aitzindaria bilakatuko zen emakume talde bat osatu zuten.

Moldez kanpo

Pertsonala politikoa da leloa kantu bihurtu zuen Stepney Sistersek. The Sixth Demand kantuan, norbere sexualitatea definitzeko eskubideaz ari ziren; Surgery Blues-en, azterketa ginekologikoez; Even love-n, genero rolez; Lonely Man-en, maskulinitate toxikoaz. Harmoniaz eta mezu politikoz beteriko funk, soul eta pop aireko kantak ziren denak.

Garai hartako rock eta soul giroetan nagusi zen emakume irudia ere hausten zuen taldeak: ilea motz zeramaten, eta sexytzat jotzen ez ziren arropak janzten zituzten. «The Supremes taldekoen estiloa zen nagusi, eta guk ez genuen bat egiten horrekin. Emakume izatea zer ote zen, sarritan eztabaidatzen genuen. Musikari gisa ere, desegokiak ginen, hori ez baitzen emakume kontua», Smithen esanetan.

Pixkanaka-pixkanaka, proposamen desegoki hura gero eta ezagunagoa egin zen, aitzindari bihurtzeraino. «Eromena» hasi zen, taldekideen esanetan. Gero eta zailagoa egin zitzaien musika eta musikatik kanpoko bizimodua uztartzea. Hogarth bateria jolea, esaterako, ume jaio berriarekin joaten hasi zen kontzertuetara. Horrek izan zuen ondorio bitxirik: furgonetako pieza batek su hartu zien batean, haren biberoikada esnearekin itzali zuten.

Spare Rib aldizkari feministaren azalean agertu zirenean jo zuen goia taldearen ospeak. 1976ko maiatzean izan zen hori. Handik gutxira, Chamonixeko eski gunean (Frantzia) egonaldia egitea eskaini zieten, eta eztabaida latza sortu zen lehendik ere iritzi kontrajarriak agertzen hasiak ziren taldekideen artean. Saldukeriatzat jo zuten batzuek proposamen hura onartzea; besteek, profesionalizaziorako urrats gisa ulertu zuten. Ez zuten onartu proposamena. 1976ko uztailaren 2an, Maidstonera joan ziren jotzera. Desmond Dekkerren hasierako talde gisa aritu behar zuten, baina hura ez zen azaldu, eta aretoa bete zuten entzuleak oihuka hasi zitzaizkien: «Klase ertaineko lesbianak halakoak!». Azken kontzertua izan zuten. Hamazortzi hilabeteko jardunaren ostean, bakoitzak bere bidea hartu zuen.

2009an elkartu zen atzera seikotea, kontzertu bat emateko. Urtebete geroago, debut diskoa grabatu zuten, zortzi piezakoa. 11 urtez kaxoi batean gordeta egon ostean, hilaren 12an merkaturatu zuen Alcopop! Records zigilu independenteak Stepney Sisters lana, duela ia mende erdiko ahizpatasunaren gogorarazle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.