70.000 eskaera aldi berean, Fermin Muguruzaren kontzerturako sarrerak erosteko

Sarrerak saltzeko plataforma kolapsatu egin da hasiera-hasieratik, eta zerbitzaria leheneratzeko lanean ari dira. Oraindik geratzen dira sarrera batzuk salgai, harmailetakoak.

Fermin Muguruza. MAIALEN ANDRES / FOKU
jon ordonez garmendia
2024ko apirilaren 23a
14:00
Entzun

Fermin Muguruzaren kontzerturako sarreren salmentak kolapsatu egin du gaur goizean salmenta sistema. 09:00etan jarri dira salgai BERRIAlagunentzat, eta hasiera-hasieran milaka eta milaka sartu dira sarrerak erostera. Pistako sarrera guztiak BERRIAlagunentzat gordeta zegoen ordubete horretan bukatu dira ia. Artistak berak jakinarazi duenez, une jakin batean aldi berean 70.000 eskaera izan dituzte, eta hori izan da joera nagusia goiz osoan.

Sare sozialetan askok idatzi dute sarreren kontura. Lortu dituztelako, zorionekoek; eta ezinean zebiltzalako, beste batzuek.

Sarreren salmentaren plataformako arduradunak goiz guztian aritu dira lanean zerbitzua bermatu ahal izateko. 13:30ean, sarrera salmenta hasi eta lau ordu eta erdira, arazoak zeuden oraindik sartzeko, baina pixkanaka sareak leheneratzea espero zuten. Ordu horretan oraindik geratzen ziren zenbait sarrera salgai, guztiak harmailetakoak (pistakoak berehala saldu dira), eta sistema leheneratu ahala sarrera guztiak amaitzea espero zuten. 8.000 lagun bilduko dira guztira.

Kontzertua abenduaren 20an emango du Muguruzak, Bilbo Arenan 19:00etan. FMuguruza. 1984-2024 izena izango du, eta zentsuraren kontra egiteko baliatuko du. «Nirea jazarpen baten historia dela ikusten dut argi. Jada Kortatu garaian geratu zitzaigun garbi: Madrilgo kontzertuak bertan behera, eta Poliziarekin istiluak», adierazi zuen Fermin Muguruzak asteburuan BERRIAk argitaratu zuen elkarrizketan. Kortatu eta Negu Gorriak taldeen garaietatik, bere ibilbide osoa «berpiztuko» du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.