700 metroko terraza berri bat

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko behin betiko proiektuak ezberdintasunak izango ditu lehiaketa irabazi zuenarekin alderatuta: aire zabaleko erakustoki bat izango du, besteak beste

Norman Foster arkitektoak proiektuak izandako aldaketak azaldu zituen atzo, Arte Ederren Museoan egindako ekitaldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
2019ko udan jakinarazi zuten nork handituko zuen Bilboko Arte Ederren Museoa: Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek ondutako Agravitas proiektua gailendu zen deialdian. Ia bi urteren ondoren, proiektua kasik zehaztuta dago; irailean hasiko dira obrekin, eta 2022. urterako bukatuko dute, aurreikuspenen arabera. Lehiaketara aurkeztutakoarekin alderatuta, ordea, zenbait ezberdintasun izango ditu behin betiko proiektuak. Fosterrek berak aletu zituen berrikuntzak atzo, museoan antolatutako ekitaldi batean. Halaber, museoaren eta BBKren arteko hitzarmena berritu zuten Joan Mari Aburto Bilboko alkate eta museoko patronatuko presidenteak eta Xabier Sagredo BBK-ko lehendakariak: hamabost urterako sinatu zuten akordioa, eta, besteak beste, bankuaren izena jarriko diote eraikin zaharraren gainean jarriko duten galeriari: BBK Museoa, hain zuzen.

Gune horri dagokio berrikuntzarik nabarmenena. Izan ere, 700 metro koadroko terraza bat izango du eskulturak erakusteko. Hasierako proposamenean, erabat itxia izango zen eraikin zaharraren gainean jarri behar zuten erakusketa aretoa, ez baitzuten aire zabaleko erakustokirik aurreikusi; azkenean, ordea, bi eremu izango ditu: 1.500 metro koadroko areto itxi bat eraikiko dute, eta, inguruan, terraza. Guztira, 2.000 metro koadro baino gehiago erantsiko dizkiote bi erakustokiek museoari. Hala ere, areto itxia konpartimentutan banatu ahal izango da, toki gutxiago behar bada.

Irizpide aldaketa azaltzeko, Fosterrek adierazi zuen arkitekto batek «ideala ezagutu behar zuela». Lehiaketara aurkeztutako proiektua irabazle izendatu ostean, Fosterrek, Uriartek eta haien lan taldeak elkarrizketa prozesu bat hasi zuten museoko arduradunekin, eta harreman horretan jabetu zen arkitekto britainiarra aldaketa hori egitea beharrezkoa zela: «Terrazak kanpoko itxura hobetuko dio: lirainagoa izango da, eta proportzio hobeak izango ditu». Aburtok berrikuntza txalotu zuen, eta «konponbide bikaina»iritzi zion: «Proiektuaren osaketaren azken fasean izandako beste aurkikuntza baliotsu bat izan da».

Izan ere, terraza ez da izan gunearen aldaketa bakarra: erakusketa areto itxiak 25 metroko zabalera izango zuen hasieran, eta orain erabaki dute 29 metrora luzatzea. BBK Museoa-n, halaber, bulegoak paratuko dituzte, baita hezkuntza eta zabalkunde jardueretarako gelak ere, zeintzuk erakusketa aretora lotuta egongo baitira idi begi gisako leiho baten bitartez. Horiek horrela, Miguel Zugaza museoko zuzendariak azpimarratu duenez, «museoaren handitzeak lehen aldiz modua egingo du uztartuta egon daitezen erakusketen, heziketaren eta hedapenaren aldeak». Erakusketa areto itxiaren zabalera handituko duten arren, eraikin erantsi horrek hasieran erabakitako bolumen bera izango duela zehaztu du Fosterrek.

Museoko eraikin zaharra izan du arkitektoak irizpide proiektuaren zenbait alde taxutzeko. «Atzera begiratu dugu aurrera begiratzeko», adierazi zuen. Oro har, proiektuak eraikina «errespetatzen» du, Fosterren arabera. Sarreran dagoen eskailera mantenduko dute, esaterako. BBK Museoa gunearen estaldura irizpide berarekin erabakiko dute. Hori da josteko falta den gauzetako bat. Hamarnaka material posible hautatu zituzten hasieran; biren artean daude dagoeneko, eta ia erabakita dute zein erabiliko duten. Foster: «Seguruenik errendimendu handiko beira zuria erabiliko dugu. Jarraitutasuna eman nahi diegu gaur egungo materialei, eraikin zaharreko harriari...». Horrez gain, altzairua ere erabiliko dute. «Estruktura ekonomikoagoa izango da. Altzairu birziklatua erabiliko dugu, energia berriztagarriekin ekoitzitakoa: garestiagoa da, baina emisio gutxiago eragiten ditu».

«Oinarriak urratzen ditu»

Fosterren proiektua «burugabekeria» delako ustearekin, hura abian jartzearen kontra agertu da Arte Ederren Museoaren Defentsa Zibikoa plataforma. Fernando Perez Rodriguez-Urrutia kide eta arkitektoaren arabera, Agravitas-ek deialdiaren oinarriak «urratzen» ditu, ezarritako mugetatik kanpo eraikitzea aurreikusten baitu. Zehazki, 15 metro luze, 50 metro zabal eta beste 15 metro garai den zati batek gaindituko luke deialdian mugatutako eremua; guztira, 10.000 metro kubikoko «inbasioa» litzateke, Perezen hitzetan. BIZKAIKO HITZA-ri berriki emandako elkarrizketa batean, Iñaki Uriarte arkitekto eta plataformako kideak adierazi zuen Fosterren proiektuak ez dituela «altuerak errespetatzen»,eraikin nagusiaren garaiera «bikoiztea» proposatzen baitu; halaber, obrak hasitakoan aurrekontua «gutxienez bikoiztu» egingo dela uste du.

Arte Ederren Museoa hainbatetan handitu dute. Eraikin zaharra 1945ekoa da, eta 1971. urtean kristalezko eraikina txertatu zioten. 2001ean, 6.450 metro koadro gehitu zizkioten museoari; orduan ere Zugaza zen museoko zuzendaria. 2017an, hamabost urtez Madrilgo Prado museoa zuzendu ondoren, Arte Ederren Museora itzuli zen Zugaza, eta orduko hartan ere berrikuntza bat abiatu zuen: eraikin zaharreko 31 areto berritu zituen, zehazki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.