70 urteko bidea, berrogei filmetan

Nosferatu zikloa Donostiako Zinemaldiari eskainiko diote. Parte hartu duten filmak ikusiko dira

Jacques Becker zinemagilearen Casque d'or filmak emango dio hasiera zikloari. BERRIA.
aitor biain
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak 70 urte beteko ditu datorren urtean, eta Donostia Kulturaren Nosferatu zikloak urteurren hori baliatuko du haren ibilbideari errepasoa egiteko. Zinemaldia 70 deitu diote zinema zikloari, eta 1953tik aurrera jaialdian parte hartu duten filmen hautaketa bat erakutsiko dute urtarriletik abendura bitarte: 40 film denera. Sail Ofizialean lehiatu zirenak eta zinemagileen lehen lanak izan zirenak dira gehien-gehienak. Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak antolatu dute zinema zikloa, Tabakaleraren eta Valentziako Generalitateko Filmategiaren laguntzarekin.

Zinemaldiaren historiaren hurbilketa txiki bat izan nahi du atzera begirakoak, eta, modu horretan, zinemaren historiaren azken 70 urteetan ezinbesteko izan diren pelikulak eta zinemagileak izango ditu ardatz. Urtarrilaren 5ean emango zaio hasiera zikloari, Jacques Becker zinemagilearen Casque d'or (1952) filmarekin. Donostiako Zinemaren Nazioarteko I. Astean proiektatu zen film hori, 1953. urtean, hain zuzen ere. Aurreneko hiru hilabeteetan, halere, egile hauen lanak ikusiko dira, besteak beste: Douglas Sirk, Jean Cocteau, Howard Hawks, Volker Schlondorff, Margarethe von Trotta, Ingmar Bergman eta Josefina Molina.

Zinema zikloarekin batera, Zinemaldiaren historia oinarri duten bi liburu ere argitaratuko dira, euskaraz bata, eta gazteleraz bestea. Euskarazkoa Katixa Agirrek idatzi du, eta Nosferatu bildumaren 10. zenbakia izango da; datorren urte amaieran argitaratuko da. Gaztelerazkoa, berriz, Quim Casasek koordinatu du, eta Nosferatu bildumaren 18. zenbakia izango da: Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia / San Sebastian. Urtarrilean kaleratuko da.

Beste zikloak

Bestelako saioak eta zikloak ere izango dira zinema denboraldi berrian. Esaterako, Zinemaldia Plus zikloari jarraipena emango diote datorren urtean ere; zientzia eta zinema batzen dituen zikloa ere egingo dute urtarrila eta martxoa bitarte; eta, apiriletik ekainera, zinemaren klasikoak berrikusteko aukera eskaintzen duten Lumiere saioak izango dira. Udan, Jazzinema zikloa egingo dute seigarrenez, eta urte amaieran, emakumezko euskal zinemagileei egingo diete lekua. Christian Petzold eta Claire Simonen lanak ere erakutsiko dituzte Tabakalerako zinema aretoan, eta bestelako ohiko saioak ere egingo dituzte: Kontatutako zinea, Gutun zuriak, Hasieratik: zinema feministaren historiak, Jatorrizko soinu bandak, Kamaleoiak gara eta Zinearen historia etengabea. Bonuak eskuragarri daude, urtarrilaren 31ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.