60 bat sortzailek 'Barrura begiratzeko leihoak' «zentsuratzea» salatu dute

Hainbat idazle, musikari, bertsolari eta artistak manifestu bat plazaratu dute, filmari egindako «setioa eta jazarpena» arbuiatuzZinez ekoiztetxeari dirua biltzen laguntzeko kultur ekitaldia izango da gaur Donostian

Telmo Esnal, Lander Garro eta Jose Mari Agirretxe Porrotx, atzo manifestua aurkezteko orduan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
«Manifestu hau sinatzen dugun guztiok gartsuki salatu nahi dugu Barrura begiratzeko leihoak dokumentalak pairatu dituen setioa, jazarpena eta zentsura». Bost presoren inguruan egindako filma da. Josu Martinez zinemagileak koordinatzen du Zinez ekoiztetxearen proiektua. Donostiako Udalari diru laguntza eskatu zioten ekoiztetxeak eta filmaren beste lau egileek (Enara Goikoetxea, Txeber Larreategi, Eneko Olasagasti eta Mireia Gabilondo). Udalak 9.000 euroko diru laguntza ematea onartu zuen, baina berehala egitasmoaren kontrako iritziak zabaltzen hasi ziren. Espainiako Barne Ministro Jorge Fernandez Diazek Bildu —hark du udal gobernua— legez kanporatzeko mehatxua egin zuen.

Filmari eginiko «setioa, jazarpena eta zentsura» salatzeko manifestua aurkeztu zuten atzo, hain zuzen ere, Donostian. «Nork bere egiak, ideiak eta utopiak defendatzen ditu. Barrurra begiratzeko leihoak dokumentaleko egileek ere, horrenbestez, eskubide osoa daukate mehatxurik, presiorik eta irainik gabe eurenak defendatzeko. Nork bere ideiak defendatu ahal izatea, horixe baita, eta ez beste ezer, askatasuna bizitzea», dio, orain artean 60 bat inguru sortzailek sinatu duten manifestuak. Lander Garro idazleak, Telmo Esnal zinemagileak eta Jose Mari Agirretxe Porrotx pailazoak aurkeztu zuten manifestua. Sinatzaileen artean idazleak, musikariak, bertsolariak, zinemagileak, aktoreak, artista plastikoak eta kazetariak dira.

Diru laguntza, bertan behera

Zinez ekoiztetxeak uko egin zion Donostiako Udalak agindua zuen diru laguntzari, arazorik izan ez zedin. Udalak atzo jakinarazi zuen prentsa ohar baten bidez Zinez elkarteari adjudikatu beharreko 9.000 euroko laguntza bertan behera uzteko erabakia hartu duela. Hala ere, udal gobernuak garbi utzi nahi izan du «zentsura politiko garbia» dagoela Barrura begiratzeko leihoak filmaren inguruko ika-mika guztiaren atzean. «Lehendabizi udaleko oposizioko talde politikoek bultzatuta eta gero Madrilgo Gobernuak jarraipena emanez, Donostiako udal gobernuaren aurkako kanpaina mediatiko-politikoa abiarazi dutela», dio udalaren oharrak.

Zinez ekoiztetxeak dirua filma finantzatzeko dirua lortzeko kontu korronte bat jarri zuen beren webgunean. Diru bilketa ondo doala adierazi dute oraintsu. Filma finantzatzeko behar dutenaren erdia lortua dute jada, hau da, 20.000 eurotik gora. Baina gehiago behar dute oraindik. Jendearen gogoa hauspotzeko, gaur kultur emanaldia egingo dute hainbat sortzailek Donostiako San Telmo museoan bertan, 20:00etan hasita. Besteak beste, Xabier Montoia, Joseba Tapia eta Arkaitz Miner musikariek eta Ramon Agirre, Iñaxio Tolosa eta Ander Lipus antzezleek eskainiko dituzte emanaldi txiki batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.