Euskal Herriaren eta euskararen bilakaeran esanahi berezia izan zuen 1956ko belaunaldiak, eta haren ekarpenari erreparatu dio Joxe Azurmendi Katedrak, EHUren Udako Ikastaroetan. Urte hartan, munduko lehen euskal biltzarra egin zuten Parisen, eta Jose Antonio Agirre lehendakariak euskal kausara lotzeko eskaria egin zien parte hartzaileei, itxaropentsu, amaiera ekitaldian. Beste zedarririk ere badu urte horrek. Bi aipatzearren, Txillardegik Ekin taldea, ETAren ernamuina izango zena, sortua zuen ordurako, eta Jakin aldizkariak argia ikusi zuen Arantzazun. Hain zuzen ere, Jakin aldizkariko talde historiko osoak —Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi— eta beste gazte askok osatu zuten 1956ko belaunaldi ekintzaile hura.
Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirrek eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek gaurko ikuspegitik erreparatu diote «gazte mugimendu» hark abiatutakoari, eta lau auziren inguruan ardaztu dute analisia, «belaunaldi horrek gaurko euskal feminista abertzalearen markora zer ekarpen egin duen azaltzearren».
Itxaropenik eza
Gaurko gaitzik handienetako bat, utopiak irudikatzeko ezintasuna, fatalitatean eta apokalipsian errotzen dela aipatu du Idurre Eskisabelek: «Jendea Mediterraneoan etengabe hiltzen dela, olioaren prezioa urrearenaren pare dagoela, gerra deklaratuak gero eta hurbilago daudela, eta antzekoak etengabe jasotzen ditugu, eta badakigu ez gabiltzala ondo». Eskisabelek Marina Garces pentsalari katalana hartu du hizpide, nagusitu den aldartea zein den laburbiltzeko: «Dena dakigu, baina ez dakigu zer egin». Alde horretatik, itxaropenaren beharra eta lanketa «ezinbestekotzat» jo ditu, eta bat etorri da Angela Davisek Bartzelonako Fira Literalean egindako aldarrikapenarekin: Esperantza tresna politiko nagusitzat hartu, eta diziplina moduan landu beharko litzateke, pentsalari estatubatuarraren ustez.
«Itxaropena, baina ez itxaroteko, ez egonean egoteko», zehaztu du Eskisabelek, erresilientziarekin nahas litekeen beldurrez: «Gaurko hiztegi soziopolitikoan kontzeptu hori hain baliatua izatea ez baita kasualitatea». Aldatzeko gaitasuna ere baden neurrian proposatzen da, beraz, itxaropena.
Hain zuzen, zentzu horretatik heldu zion 56ko belaunaldiak ere. Jose Antonio Agirre lehendakariak Parisko euskal batzarraren amaiera ekitaldian itxaropena aldarrikatu zuen bezala, Itxaropena izena eman zioten garaiko argitaletxe garrantzitsuenari ere, eta 36ko gerraren ostean «itxaropenik gabeko mundura» jaio ziren haiek «mugimendu sortzaile bat» eratu zuten «itxaropenaren bidez», Lorea Agirrek azaldu duenez. Bost lezio aipatu ditu esperantzaren hauspotze horren etsenplu. Hasteko eta behin, hizkuntza arrazaren tokian jartzea. Agirreren ustez, aldaketa epistemologikoa da, «Euskal Herriaren definizio berri bat ekarri baitu horrek, eta balio sistema oso bat». Feminismoarekin eta zehatzago Simone de Beauvoir pentsalariak hamar urte lehenago egindako ekarpenarekin pareka liteke geroztik: «Euskalduntasuna ez da esentzia; euskalduna egin egiten da».
Justizia soziala
Euskararen auzia justizia sozialaren auzia dela dio bigarren lezioak, eta, hori azaltzeko, Joxe Azurmendiren Zergatik eta zertarako euskaldun artikulua hartu du oinarri Agirrek: «Gaur egun, oraindik galdetzen da zer den euskalduna izatea. Niretzat galdera da zertarako, horrek botere harremanen sarean kokatzen duelako galdera, menperatu eta menperatzaileen eremuan, alegia». Feminismoak egindako bidea ere laburtu dezake horrek, Agirreren hitzetan: «Identitate auzi batetik —zer den emakume izatea— justizia sozialera eraman delako, eta horren arabera, erantzuna gizarte osoari dagokiolako».
Hirugarren lezioa genealogia propioaren beharra litzateke. Agirre: «Euskararen kontrako setioa datuz datu eta arauz arau jaso zuen Torrealdaik; Azurmendik, berriz, euskal jendearen defentsa pentsamendu bat eraiki zuen erasoei aurre egiteko». Feminismoak ere genealogia propioaren beharra azpimarratzen du, ezkutuan gelditutako tradizio ukatua atera dadin. Hor, euskalgintzaren begiradatik betiere, Emakume Abertzale Batzaren ekarpena aldarrikatu du Agirrek, adibide gisa.
Laugarren lezioaren arabera, euskalgintza gizagintza litzateke, hau da, pertsonen eskubide unibertsalen aldarriarekin lotuko litzateke.
Hizkuntza, nazioa
Herri hizkuntza eta nazioa lotzen dituen auzia «lurmenduta» dago, bi solaskideen ustez, eta horretan ere badute ikustekorik egungo testuinguru globalizatuak eta botere harremanek. Agirre: «Boteregabetuak izan gara, eta aldi oro boteregabetzen gaituzte. Euskal gizarteak jasaten duen desjabetze politiko, kultural, generozko eta etniko baten emaitza gara, eta ez dugu hitzik gure minak adierazteko». Alde horretatik, euskararen aurkako egungo oldarraldi sozial, judizial, polizial eta mediatikoa nola definitu beharko litzatekeen galdezka aritu da: «Arrazakeria linguistikoa? Xenofobia?». Izendapen egokia aurkitzea ezinbesteko ariketa dela uste du Agirrek, «olatu guztiak gainetik pasatu ez daitezen». Feminismoarekin alderatzeko puntu garrantzitsua ere bada, hain zuzen, azken urteetan lan handia egin baita izendapenetan, eta halaxe agertu baitira mikromatxismoaren kontzeptua eta erasoaren definizioa.
«Euskal gizarteak jasaten duen desjabetze politiko, kultural, generozko eta etniko baten emaitza gara, eta ez dugu hitzik gure minak adierazteko»LOREA AGIRRE'Jakin' aldizkariko zuzendaria
Nazioaren kontzeptua dela eta, Eskisabelek zehaztapena egin du: «Aberriaz pentsatu dutenek ez diote aldaketarako paradigma izaera aitortu feminismoari». Halaber, Euskal Herriko feminismoaren historia, ulerkera eta definizioa nazio auziaren eta genero sistemaren arteko harremana «behar beste kontuan hartu gabe» egin izana kritikatu du, eta horren ondoriotzat jo du Emakume Abertzale Batza feminista izendapenetik kanpo utzi izana.
«Aberriaz pentsatu dutenek ez diote aldaketarako paradigma izaera aitortu feminismoari»IDURRE ESKISABELEuskagintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
56ko belaunaldiari erreparatuta, azaldu du nazioaren eta hizkuntzaren auzia garaiko gainontzeko auziekin garatzea ere proposatu zuela.
Krisi sistemikoa
Krisi sistemikoaren auziari dagokionez, esaldi batek laburbildu du Eskisabelen ekarpena: «Mundu dinamikak kontra ditugu, baina gure hizkuntzak eta gure komunitateak ditugu munduaren alde».
Erresistetzien auziari, berriz, Agirrek heldu dio: «Erreakzionarismoa nabarmena da munduan, baita Euskal Herrian eta euskal munduan ere; feminismoarekin eta euskararekin nabarmena da, benetako giltza izatea ukatzeaz gain, kontrarelatoak sortzen dira, menperatzaileak biktima bezala agertuz eta feministak feminazi, eta euskaltzaleak taliban bihurtuz».