Jose Luis Zumeta

50 urte bete ditu Zumetaren Usurbilgo muralak

Urteurrenerako egitarau oparoa antolatu dute Usurbilgo Udalak eta Zumeta Arte Estudioak elkarlanean. 

Zumetaren muralaren 50. urteurrenaren egitarauaren aurkezpena. JON URBE / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko otsailaren 13a
09:43
Entzun

«Binomio banaezina», Jose Luis Zumetaren (1939-2020) eta Usurbilen (Gipuzkoa) artekoa. Bien arteko loturak ez dira gutxi, baina horien guztien artean, artistak jaioterriarentzat egindako murala da bereizgarriena. 50 urte bete ditu aurten Zumetaren Usurbilgo muralak, eta, urteurrenaren aitzakiaz, urte osorako egitarau oparoa antolatu dute herriko udalak eta Zumeta Arte Estudioak. Atzo aurkeztu zuten hemendik udazkenera bitartean egingo dituzten egitasmo guztiak. Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak argi utzi zuen artistari omenaldia egiteko arrazoia: «Arrasto itzela utzi du han eta hemen, Euskal Herrian eta mundu zabalean, eta, zer esanik ez, Usurbilen».

Kontserbazio lanekin hasi, eta erakusketak eta hainbat egitasmo egingo dituzte urrira bitartean. Urteurrenaren harira erabaki dute kontserbazio lanak egitea; 50 urtean lehenbizikoz egingo dituzte. Usoa Zumeta artistaren alaba udaletxera joan zen, erakusketa bat antolatzeko asmoz: «Segituan jaso nuen babesa, eta, azkenean, proiektuaren dimentsioa handituz joan da. Mikel Telleriarekin batera, Zumeta diskoa argitaratu zuen azaroan. Zumetaren ahotan, mende erdian horma hartan agertu diren «zauriak sendatzeko» aukera izango da urteurrena, eta beste mende erdi iraunarazteko parada.

Ikusi gehiago:Zumetaren estiloa: tonu bizien indarrarekin, beti

Aurkezpenean azaldu gisa, udalaren enkargua izan zen Zumetaren murala; 1972ko urriaren 30eko udalbatzako aktan jasotzen da erabaki hura. Solabarrieta alkateak orduko udalbatzak euskal artearen eta kulturaren alde egindako apustua txalotu zuen.

Egitaraua

Otsailetik martxora, muralaren kontserbazio lanak egingo dituzte. Mende erdian ez da halakorik egin, eta artelanaren egoera ona bada ere, «denboraren iragatea nabaria da», Usurbilgo Udalaren arabera. Kontserbazio lan hori «minimoa izango da, elementu originalak mantenduta eta obra errespetatuta»; garbitu, finkatu eta zigilatu egingo dute murala, baita tratamendu bat ere eman, murala hobeto kontserba dadin. Lan horien bisita bat antolatu dute, martxoaren 11rako.

Behin mantentze lanak amaituta, erakusketa bat egingo dute apirilaren 28tik maiatzaren 15era bitartean. Bertan, Zumetaren muralaren sortze prozesua dokumentatuko dute. Artxiboak, irudiak eta argazkiak izango dira, besteak beste. Muralaren jatorrizko bozetoa ikusi ahal izango da estreinakoz. Bigarren erakusketa bat ere antolatu dute, irailaren 29tik urriaren 15era arte. Azken horrek Zumetaren eta Usurbilen arteko harremana erakutsiko du.

Horiez gain, murala «Euskal Herriko artelanen erakusleihoan lehen mailara» eramateko, hainbat ikus-entzunezko pieza ere egingo dituzte, Hormaren Mintzoa egitasmoaren barruan. Udalak iragarri du uda aldean ospakizun bat ere egingo dute, Usurbilgo sortzaileekin zein kultur antolatzaile eta zaletuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.