Musika

50 kontzertu eskainiko ditu Gasteizko Jazzaldiak, uztailaren 13tik 21era

Musikari gazteei eta jazzak gainontzeko musika generoetan utzitako lorratzari arreta berezia ipiniko die Gasteizko Jazzaldiak, 47. aldian. Inoiz baino emakume gehiago igoko da oholtzara.

Gasteizko Jazzaldiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, 47. aldiaren aurkezpenean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Gasteizko Jazzaldiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, 47. aldiaren aurkezpenean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
garbine ubeda goikoetxea
Gasteiz
2024ko ekainaren 29a
05:10
Entzun

Gasteizko Jazzaldiak abiatze mailakatua izango du aurten: uztailaren 13tik aurrera, Arabako hiriburuko hainbat txokotara eramango dituzte jazz doinuak, eta, bi egun geroago, Principal antzokiko kontzertuak hasiko dira. Oholtza nagusiko kontzertuak, berriz, 17tik 21era izango dira, Mendizorrotza kiroldegian. 47. aldia izango den honetan, 50 saio emango dituzte guztira; horietarik 15 ordaindu beharrekoak izango dira, eta gainontzekoak, urririk.

Jazzak gainontzeko generoetan utzitako lorratzari eta musikari gazteei arreta berezia ipiniko dietela esan du Iñigo Zarate jaialdiko zuzendariak. Bestalde, oholtzara inoiz baino emakume gehiago igoko dela ere nabarmendu du.

Kontzertu nagusiak, Mendizorrotzan

Izen handiko musikariak batu ohi ditu Gasteizko Jazzaldiak, bereziki oholtza nagusian, Mendizorrotzan. Kontzertua eskaintzen lehenak Pablo Martin Caminero, Moises Sanchez eta Borja Barrueta gasteiztarrak izango dira, eta, hirukote horren ostean, NDR Bigband jazz talde hanburgotarra ariko da, eta Terri Lyne Carrington, hiru Grammyren jabea bera.

Uztailaren 18an, Joel Ross estatubatuarrak hartuko du oholtza, bere laugarren albuma aurkezteko: Nublues. Haren ostean, Cecile McLorin Salvant arituko da, Sullivan Fortner piano jotzailearen laguntzaz. McLorinek ere bere azken diskoa aurkeztuko du: Melusine.

Uztailaren 19an, Sumrra hirukote galegoak eta Niño de Elche kantariak emango duten kontzertua izango da eguneko amu nagusia, eta, haren atzetik, jazzaren eta flamenkoaren arteko fusioa eskainiko dute Michel Camilok eta Tomatitok, elkarrekin. Spain forever again lan berria aurkeztuz emango diote amaiera eguneroko saioari.

Uztailaren 20an, musika klasikoa, erritmo afrokubatarrak eta jazza fusionatuko ditu Yilian Cañizares biolin jotzaile kubatarrak. Eguneko bigarren kontzertua Chucho Valdesek emango du. Valdesek, Irakere taldeko kide zela, doinu eta erritmo berriak erantsi zizkion musika afrokubatarrari, jazzarekin, rockarekin, musika klasikoarekin eta Kubako herri doinuekin fusionatu baitzituen. Egun 82 urte ditu.  

Trueno hip-hopzale argentinarrak bere laugarren diskoa eramango du Mendizorrotzara, E.U.B. izenekoa, ekainaren 21ean. WRTH hip-hop talde gasteiztarrak ere egun berean joko du.

Principal antzokian, emakume musikariak nagusituko dira: 15ean, Christie Dashiellek abestuko du bertan; 16an, Myra Melford piano jotzaileak Hear the light Singing bere azken lana aurkeztuko du; eta 17an, Sylvie Courvoisier konpositore suitzarra arituko da. 18an, Clara Peya katalanak Corse diskoa aurkeztuko du. 

Baptiste Trotignon piano jotzaile eta konpositore frantziarrak emango dio amaiera Principal antzokiko zikloari.

Beste 11 kontzertu ere antolatuko dituzte, Gasteizen barrena. Besteak beste, Kink Folk, CDC Quartet, Vulcanizadas eta Sunset Rythm Kings taldeak ariko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.