47 artista gazteren lanak bildu dituzte Getxoarte erakusketan
Gaurtik urriaren 31ra jarriko dituzte artelanak ikusgai Areeta, Romo eta Algortako merkataritza lokaletan
Pausoz pauso osatutako erakusketa da Getxoarte. 47 geldialdi ditu, izan ere, gaur hasi eta 31ra bitarte antolatutako egitasmoak. 47 artistaren lanak jarriko dituzte ikusgai Areeta, Erromo eta Algortako 47 merkataritza eta ostalaritza lokaletan, eta, horregatik, batetik besterako bidea egin beharko du guztiak ikusi nahi dituenak. Lehiaketa bidez egin dute piezen hautaketa, eta lau kide izan ditu epaimahaiak: Juan Zapater Bilbo Arteko zuzendaria, Natxo Rodriguez EHUko Arte Ederren Fakultateko errektoreordea, Alicia Fernandez Rekalde aretoko zuzendaria eta Jon Andoni Zarate Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendaria. Euskal Herrikoak dira artista guztiak, eta pintura, arte digitala, eskultura, grabatua, ilustrazioa eta marrazkiak landu dituzte. Sortzaile gazteak dira gehienak, eta EHUko Arte Ederren Fakultatean ikasitakoak dira asko. Antolatzaileek azaldu dutenez, «euskal sortzaileen egungo adierazpen plastikoei zabaldutako leihoa» da egitasmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu